metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

jeudi, novembre 30, 2006

UTOPIA ETA QUEEN MAB

Shakespeare-ren Romeo eta Julietan ba omen da pertsonaia bat, Mab erregina hain zuzen ere, melokotoi hezur baten barruan erraz kabitzeko tamainakoa.

Maitagarri hau, gau fresko batean, zirrikiturik txikiena aprobetxatuz Romeoren ohatzera gerturatu zen. Jarraian, bere buru ingurura iritsi eta, hegada arin eta zaluz, Romeoren gogamenean pixkanaka-pixkanaka hazten joango ziren maitasunaren desio ezkutu eta suharrak landatu zituen.

Bere hegaldiak gizakiongan utopiaren bi osagaiak sortarazten omen ditu: desioaren indarra eta barne-bultzada geldiezina alde batetik, eta utopiaren kimera bestetik.

Gaur goizean ezpainetan dardarizo berezi batekin esnatu zaretenok badakizue orduan...

mercredi, novembre 29, 2006

AIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIII

Ilun dago orain. Ilun dago oraindiki. Nire hatzek ez dituzte teklatuko letrak behar bezala aurkitzen. Zergatik? Zergatik behar ditut bost kaña zoriontsu izateko?
Demagun, une batez, ez daukagula larunbatetan Urrakira joan beharrik zoriontsu izateko; demagun, une batez, ez dugula alkoholik behar zoriontsu izateko. Ez tekilarik, ez tanqueray-rik eta ezta kañarik ere. Demagun, une batez, dena perfektua dela. Demagun, une batez, nire ondoan zaudela, ni orain esaten ari naizena esaten didazula belarrira; musika leuneko mundu gozo batean. Demagun, une batez, kartera guztiak beteta daudela. Ez daukagula txorakeriak egin beharrik klase tartean txokolatezko pastel bat ordaintzeko. Demagun, une batez, ez daukagula telebistarik etxean. Pentsa dezagun ez daukagula silikonazko barby-ei begiratu beharrik bakarrik ez sentitzeko. Demagun, une batez, ez daukagula pixukideekin "Pocholo"-rena egin beharrik zoriontsu izateko; pentsa dezagun Indautxuko Herriko Taberna itxita aurkitu dugula gaur arratsean eta zurekin topo egin dugula atean. Pentsa dezagun zurekin eskutik helduta ibili naizela Bilboko gau galduetako kale galduetan orduak galdu arte. Demagun zuk ere maite nauzula, gaur bota dizkidazun begiradak ez direla ni albo batera utzi izanaren damua baztertzeko teknika besterik. Pentsa dezagun, une batez, Monica Bellucci-ren gorputza daukazula, ukiezina zarela, urteek ere ez dizutela eragiten, egiten duzuna eginda ere beti prineran egongo zarela. Pentsa dezagun, une batez, zure etxea nirearen portal berean dagoela, ez dagoela ez aterik, ez hormarik bereiziko gaituenik. Pentsa dezagun...
Pentsa dezagun, une batez, zure perfekzioa ez datzala zure inperfekzioan.

vendredi, novembre 24, 2006

KOLUNPIOA

Argazki bat. Argazki soil bat. Esku artean zimurtzen den paper hutsal bat. Zure burua ikusi duzu; zure galtza motzak, zure ikastolako kamiseta zuria, zure ile motz-motza, kolunpio bat, irribarre bat zure ezpainetan, irribarre bat zure begietan. Eta kolunpio bat. Kolunpio gorri bat, zure masailen kolore berekoa.
Gogoan duzu egun hura. Gogoan duzu nola amak eskutik helduta eraman zintuen parkera. Gogoan duzu nola zure amonak errietan egin zizun kolunpioa zikina zegoela eta. Gogoan duzu nola zure aitak zure kolunpioa bultza zuen. Gogoan duzu nola zeruraino igozinen. Gogoan duzu nola lainoak ere eskuekin hartu zenituen. Gogoan duzu nola begiak itxi eta izarren artean hegan egin zenuen.
Argazki bat. Argazki txiki bat. Eta mundu bat. Mundu bat sartzen da argazki batean, une batean mundu bat ikusten da. Begira jartzea da kontua. Beti egoten dira kaxoian; irekitzea eta begira jartzea da kontua. Baina nahiago dugu telebista ikustea; silikonazko panpinak, gezurrezkoi munduak... Zoriontsu izateko kolunpio batean begiak istea nahikoa dela jakingo ez bagenu bezala. Argazkiak begiratu eta begiak istean ere zoriontsu izango ez bagina bezala.
Zuk argazkia begiratu duzu. Begiak itxi dituzu. Eta irribarre bat egin duzu. Malkozko irribarre bat. Malko ausartezko irribarre koldar bat.
Ohartu baitzara haurtzaroa ez dela ziegako leihotik ikusten duzun kolunpioa besterik.

Ixil ixilik dago kaia barrenian
ontzi txuri polit bat uraren gainian.
Goizeko ordu bietan esnatutzen gera
arrantzaliak beti joateko urrutira.

Zergaitik, zergaitik, zergaitik, zergaitik?
zergaitik negar egin?
zeruan izarra dago itsaso aldetik.

dimanche, novembre 19, 2006

ASKATASUNAREN KARTZELAK

Hilabete edo gehiago pasa da nire bizitzaren ardatz diren hiru eraikuntzak aldamioz inguratu zituztenetik. Milioi ugaritako operazioak hirurak, antza denez.


Aldamioak babesten dituen plastiko berdexkazko estalkien pean, ordea, eraikuntzen barruek usteltzen darraite: bakardadera kondenatutako ezinezko maitaleen agonia isila, dutxaren hotsa tratu txarrak egunero jasaten dituztenen negar-intziri xumeekin tutu buxatuetan behera, gau mahaiko pilulak, soilik garagardoz beteriko izozkailuak, gas butanozko sukalde hiltzaileak...

JE T�AIME MOI NON PLUS









Powered by Castpost

MUNDO MUERTOAurreko testuaren osagarri

Powered by Castpost

vendredi, novembre 17, 2006

BAKEA

"Aitatxo!!!". "Aitatxo!!!". "Aitatxo!!!". "Aitatxo!!!". Milioika "aitatxo!!!" entzun dituen lurra da gurea, milioika "aitatxo!!!" jan dituena. Milioika negar tanta gazik erre zituzten zuhaitzak, milioika negar tanta gazi milioika hondar ale garratz bihurtu ziren. Milioika oinek milioika arrasto uzten dituzte milioika bidetan barrena. Bide bidegabeetan barrena.
Eguzkiak soineko gorria janzten du goizero, ez dakigu milioika soineko ote dauzkan (egunero bat) edo soineko bakarra janzten ote duen egunero. Dakiguna da hipokresiaz begiratzen digula, irribarrez goizean, ipar haize goxo batekin gure soineko eta aurpegi grisak laztantzen dituen bitartean; eta algaraka ondoren, bere kolore gorriak hondar gorriagoa gorriagotzen eta goriagotzen duen bitartean. Izenik gabeko milaka izenek izendatzen dute gauero, beraien ametsgaizto eternalean izenik gabeko lur hau. Hondar hau. Hondamendi hau. Duna artean, burua belaunen artean gordeta eta eskuekin belarriak odolez margotu arte estutzen ditugula entzuten ditugu gauero beraien garrasiak. "Aitatxo!!!". "Aitatxo!!!". "Aitatxo!!!". "Aitatxo!!!". Milioika ume ikustezin ikusten ditugu, belauniko, eskuekin iragana ere estaltzen duen hondar madarikatu hau baztertu nahian. Negarrez, antsika, garrasika kentzen dute hondarra, alerik ale. Baina, jausten zaien malko bakoitzarekin milioika ale gehiagok estaltzen dute beraien iragana, iragan bai baina pasatu gabe dagoena. Eta oraindik ere negar, antsi eta garrasi gehiago egiten dute oraindik ere ale gehiago kentzeko.
Bai, badakizue, "Aitatxo!!!", "aitatxo!!!", "aitatxo!!!", "aitatxo!!!" oihukatzen dute esku gorriek zapi zuriak hiltzen dituzten bitartean.

jeudi, novembre 09, 2006

0:00 a.m.


0:00 a.m., denboraren hasiera. Egoitza urrun hartako pasilloetan, ordea, inor ez zen ohartu gertaera xume hartaz.

Begirada erlojuaren pantailatik askatu eta ur zorrotada mehean pausatu nuen. Ilun zegoen eta, dutxara sartu bezain laster, dardarizo batekin ur tanta bakoitza nire azala itsumustuka zeharkatzen nabaritu nuen.

Uraren hots eta erritmoak, erortze amaigabe horren kadentzia nekaezinak, segituan bildu ninduen nire baitan. Pentsatu gabe, oharkabean bezala behin eta berriz laztantzen ninduten urezko hatz-mami misteriotsu horien mende jarri nuen nire gogamena.

Amets, zatoz jada nigana…xuxurlatzen zidan urak. Begiak itxita mantendu nituen, sentsazioa kontserbatu nahian, luzatu nahian, tanten laztanetan kontzentratu nahian…

Ateak zabal-zabal jartzearen bat-bateko soinuak irekiarazi zizkidan begiak.

Ez zintudan espero.

Toalla berdearen azpian erraz igar nitzakeen zure gorputzaren formak… Biluztasun ezkutatuak are desiragarriago egiten zintuen. Zinez ederra zinen. Eskutik heldu nizun eta, dutxa barrura pausu bat ematearekin batera, oihal berdea konturatu gabe bezala irristatu zitzaizun.

Gogor besarkatu ginen, hori baitzen edozein hitzen aurretik esan beharreko lehen gauza, ase beharreko lehen beharra. Zer ez ote zidan esan zure gorputzak lehen besarkada horrek iraun zuen denboran.

Luze baino lehen hustu genituen, laztan eta muxu artean, barruan gordetako pentsamendu oro eta, isileko elkarrizketa sutsu hartan, bion izateak nahastuz joan ziren pixkanaka-pixkanaka…

Ez nuen pentsatzen, ez nuen imajinatu ere egiten, momentu batetik aurrera ez ginela airean ero moduan zabalduko zen lurrun jario bat besterik izango.

mercredi, novembre 01, 2006

EZPAIN ARTEAN ZENUEN, EZPAIN ARTEAN...

EZPAIN ARTEAN ZENUEN, EZPAIN ARTEAN... y aunque fui yo quien decidi�
que ya no m�s
y no me canse de jurarte
que no habr� segunda parte
me cuesta tanto olvidarte
me cuesta tanto olvidarte
me cuesta tanto...




Powered by Castpost

'Verrà la morte e aurà i tuoi occhi...'
Cesare Pavese

Bizitza heldu da eta zeure begiak ditu.

Euskal arazoak irauten du
eta Europakoak
eta Ameriketakoak eta Afrikan bada
arazo pilo bat
eta Ozeanian bi bakarrik, bata bestea baino
garrantzitsuagoak.

Baina garrantziak ez du garrantzirik
orain larruak dirauen artean.
Ez diezagutela jaurti gerla kronikarik
(nahikoa da geure gela kronika)
ez Kimikaren behin betirako pott egitearen
albistea...

Munduko arazorik larriena zara, fisika
guzien gainetik
eta metafisika guzien azpitik,
bataila guzien ama.
Eta publikoki aitortu dut guzi hau,
amodioa ez delako

(baten batek uste duenez) bi edo hiruren gauza,
amodioa denon arazoa da.


Bila ezazue
Polizia, detektibe pribatu,
interpoleko agenteok,
zeregin larri bat proposatu nahi dizuet:
ene neskalaguna bilatzea.
Nik maite dudan neska hori
galdu egin zait,
ametsaren ertzetik irristatuta
urtu zait.
Errekista itzazue artxiboak,
identifika ezazue,
bila ezazue kale eta hoteletan,
gauean eta goizean,
harrapatu, inguratu eta
ez ezazue aldegiten utzi.
Aldegitean ez zuen lorratzik utzi baina
datu batzu azalduko dizkizuet:
eguzkiaren aldean sortu zela eta argiak
mendetan pindaturiko kolorea duela.
Orein bat sortu behar zen, baina bi diti
eta bi izter sortu ziren,
halaere eta horregatik oreinaren begirada
geratu zitzaiola.
Larru kolorea eta begiak aski ez badira
beste ezagugarri inportante bat:
munduko ezpainik ederrenak dituela,
bila itzazue.
Haztarna digitalak ohostu zizkidan,
behin laztandu nuelarik.

Terrorista inofentsiboak taigabe oldartzen dituzuen
estatuen seguritate indarrok,
bila ezazue neska hori, munduaren ertzik goxoena da,
ez dakizue ze arriskua den humanitatearentzat!

Joseba Sarrionadia, Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-1995)

(azkena 1992ko Susa aldizkaritik aterata dago, liburukoa baina laburragoa)