Gehienok mamuekin bizi gara. Ohitu egiten gara, beraiek ere gure barrunbeetara ohitzen diren bezala, eta dena ongi dabilela dirudi.
Arnasa hartzen dudan bakoitzean oroitarazten didate nire hauspoari esker ari direla hegan; hauspoa itzaltzean ez direla gehiago biziko, eta bizi bitarteko instante bakoitza bere egiten dutela, nire burua bisitatzeko, edo memoriaren zati ilunen bat desestaltzeko.
Mamuak dira, hori da beraien egitekoa, gustuko dute. Normala da.
Ni nire barruan bizi naiz; beste batzuen barruetan ere bai.
Zurean ere bai, adibidez.
Zure ametsetan agertzen naiz batzuetan, nahiz eta esnatzean zuk ez oroitu.
Ametsa ez baina agian esna zaudela nire hitzen bat gogoratuko duzu, edota kalean urrutitik agurtu zintudan hura.
Momenturik arraroenean itzuliko naiz zugana, ez nauzu inolaz ere esperoko.
Mamuak nireak dira, eta ni beraiena.
Nik ere besteen hauspoak senti ditzaket, eta badakit horri esker egin dezakedala hegan.
Mamuak gara, hori da gure izaera. Ustekabean topatzen nauzun/zaitudan hurrengora arte.