metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, juillet 31, 2007

EGUNEROKO LABURRA: ABSENT(a) NIGHTS (PART 1)

Uztailak 30, Alice entzuten

Orain dela denbora dezente irakurritako elkarrizketa batean idaztea pentsatzea dela zioen Atxagak; gure gorputza gimnasioan eta pista zirkular amaigabeetan lantzen dugun eran lantzen dugula burua idazten dugunean. Hain zuzen ere, beste arrazoi askoren artean, horregatik idazten zuela zioen, idaztea imajinazioa eta arrazonamendua lantzeko ariketa egokienetarikoa delako.

Azken aldi honetan nire bizitza erabateko zurrunbilo ero batean murgildua egon da, bainuko uraren bide behartuarena baino, urakan baten ibilera zalantzatiaren eta destroyer-aren tankera handiagoa duen zurrunbilo posesiboan. Eromen horren guztiaren erdian, gainera, bat-bateko etxe-aldaketaren beharra suertatu zaigu. Ai, plastikoz eta zinta isolatzailez bildutako eta garajean abandonatutako oroitzapen eder horiek, arnas askorik gabeko agonia krudelera kondenatutako iragan hori... Guretzako gogorra izan da, baina aldaketak amonari eman dio min gehien. Aspaldian galdutako gizona etxe horretako ohean, sukaldean, saloian, bizi zuen oraindik. Triste dago amona.

Egia esan, azken egun hauetan erratza astintzen ibili behar horrek asko lasaitu nau. Garbitzaile lanaren errutina hartu orduko, lasaiago, seguruago, egunerokotasunean sustraituago, sentitzen naiz. Uste dut hartu dudan erabakia egokia dela, nahiz goizeko seiak hamar gutxi aldera altxatu beharrak pentsatzen dudan bakoitzean min eman.

Edonola ere, terapia beharrean sentitzen naiz. Idazteagatik beragatik idatzi nahi dut, pixka bat pentsatzeko, zurrunbilotik ubidera pasatzeko, baina betiere lasai eta patxadaz. Presarik gabe.


lundi, juillet 30, 2007



dimanche, juillet 29, 2007

MODELOARI

-1-

Modaren esku lakarrek

laztandu zuten buztina

egiteko telebistan

kabituko zen panpina;

hain ederra, hain polita,

hain hauskorra, hain arina...

horrelaxe sortu zen zu

bezalako neska fina.

Beti zaude dotorea,

beti zaude pinpirina

nahiz ta txikitatik zaren

honela amets egina

(moda da zure errege

ta zu bere erregina)

hori ez da ispiluak

dioenaren berdina.

-2-

Azken urteak dituzu

pasareletan emanak

fin-fin, finegi, beteaz

zuri dagozkizun lanak

nahiz ta ederra zarela

adierazi zure famak

oraindik ere ez zaitu

konbentzitzen zu zeranak.

Bost axola dizu zure

etxean dagoen dramak,

bakarrik kezkatzen zaitu

baskula gaineko zamak

bular, gerri, ipurtalde...

neurtu dituzu danak

ta ez dituzu ikusten

zure begiek esanak.

-3-

Jadanik ez omen duzu

beste inoren beharrik

izar batek ez baitauka

ondoan beste izarrik,

baina zure argia ez

al dago ilun xamarrik?

Jada ez duzu aditzen

“maite zaitut” deiadarrik,

jada ez duzu aditzen

inoren hatzen dardarrik

ta zuri begira jartzen

bada mutiko azkarrik

ez du ikusiko ez poz,

ez barre, ez irrifarrik

ispilu puskatu baten

isladapena bakarrik.

mardi, juillet 24, 2007

Gaia: 5 MINUTUTAN 20. ALDIZ ERLOJUARI BEGIRATU DIOZU

-1-
Bost minututan ezin dut kendu
ordua begietatik,
nire ahoa igaro dute
9 azkazal zatik,
mila segunduz egonezinez
hementxe nago, zergatik
gauzak ondo joan ezkero hemen
egongo zela badakit?
Maialenen zain kafetegiko
atean nagoenetik
denbora ez da mugitzen baina
bihotza hegan doakit.

-2-
Juerga batean ezagutu ta
maitemindu ginen bela
eta pentsatu gaur gelditzea
polita izango zela,
beraz seguru ahaztu duela
autobuseko txartela
edo atasko baten, etsita,
negarrez dago bestela...
ez da posible, ez da posible!
Lehengo astean bezela
iruditzen zait berriro ere
bakarrik utzi nauela.

-3-
Pelikuletan amodioa
beti da platonikoa
ta azkenean gazte guztiok
sinetsi dugu mitoa
baina benetan ez da betiko
eta ez da betikoa;
Maialen ere ez zen betiko
nahiz izan nire tipoa...
Larunbata da juergara noa
ez naiz hain txoropitoa
beste batekin lortuko baitut
berekin galdurikoa.

SOLUZIO HIPPIE BAT (hitzaurrea)

Marihuanazko pasteltxo bat eta, zergatik ez, konpainia ona, begiak gorritzen eta pupilak puzten doazen heinean barruak barrez lehertzeko. Asteburu osorako lain musika haluzinogenoa ere bai (Woodstock-eko DVDa puntazo bat da kasu hauetarako). Maitasun asko, bihotza topean jartzen dizun material arriskutsua. Sukaldaria ere aparta, dinamita berde goxoa neurriz, patxadaz eta maitasunez gorpuzten dakien horietakoa. Tenporizadorea ere martxan da jada; dena prest dago leherketa neurrigaberako.

Bai, mundua konpontzera goaz.

OHE GOSETIAK

Hey man, ez dut inoiz horrelakorik ikusi. He was a complete sleeping machine! Eguerdi partean, liburuak irekitzen nituenean, hura ohera sartzen zen. Hiru ordu luzez lotan egon ondoren, iratzargailuak jotakoan, snoozing jarri, buelta erdia eman eta berriz lo hartzen zuen kabroiak. Eta nola gainera! Fucking thumbsucker, a ze zurrunkak, mon dieu! Bost minutura berriz jotzen zuenean, esnatu, iratzargailua itzali, kuzkurtu eta berriz lotan zen. Instantean gainera, unbelievable. Niretzako tortura zena -zerebroa erdiz erdi jotzen zuten tiro hots zorrotz horiek- berarentzat gozamen hutsa zen. Baina nola egin dezakezu hori, nola esnatu eta lokartu zaitezke hain azkar, galdetzen nion, liburua eskuartean nuela, iratzargailuak laugarren aldiz-edo jotzerakoan. Burua altxatzen zuen horrelakoetan, niri begira-begira jartzen zen segundo luzez eta bizigabeko zaku-patata baten moduan erortzen zen ohera.

Barrez lehertzen nintzen loak jandako gizon horren aurrean.

Etsita, kontaktuari ihes egiteko plana jada lotuta al zegoen galdetu nion.

- Hire informazioa pasa bai, baina ez diat ezer jasotzen, goikoek ez ditek behar dena baina askoz ere gehiago arriskatu nahi.

Begien ñirñirean dardarka nuen esperantza apurrak hunkitu zuela iduri eta, gabardina berdeko poltsikoan sakon arakatu ostean, pakete txiki bat eskaini zidan.

- Belarra; erre ezak, on egingo dik.
- Eta Elisa?
- Ez zekiat non, baina esku onetan zagok, lasai.

Deabruak gorde nintzala, kontaktu madarikatu horrek zulo hartan abandonatuko ninduen errezeloa, esaldi labur bakoitzarekin, tonu lehor eta hotz harekin, ez zela nire delirio huts baieztatzen zidan. Fronteko tripaundi, traidore eta filibustero alaen horiek Elisari eskua luzatu ez zioten bitartean ere gaitzerdi. Etsaiaren barrakoietan bizirauteak nahiko lan ematen zidan nire bandokoen kontrako mendeku grinak nola ase pentsatzen hasteko. Eta hala ere, ezkutuan jaso nuen guztia eman nion: fortearen datu, neurri eta azalpen guztiak, puntu ahulenen kokapen zehatza, soldaduak, janaria eta munizioari buruzko xehetasun posible guztiak.

- Portatu haiz oraingoan, puntako lana duk.

Hotz egiten zuen eta hatsen lurrunak urrutitik ikus zitezkeen; barrakoira bueltatu behar nuen lehenbailehen. Besotik gogor heldu nion.

- Usteltzen ari nauk hemen, zin egidak hurrengoan batera aterako garela. Entzuidak, joder. Ei, Marru, zin egidak.
- Erasoa prestatzen ari dituk eta plano hauek ezinbestekoak hituen horretarako… Alukeria galanta duk hau, bazekiat, baina segi egin behar diagu, eutsi. Fronteak erasoa prestatu bitartean, behintzat. Baina zin zagiat, zin zagiat benetan hurrengoan biok aterako garela.

Geroan kontzientzia urratuko zion promesa ahul bat atera nion gutxienez. Ez zen gutxi.

EL DIARIO VASCO

- Ei, zeatik eroste deu El Diario Vasco? Atzoko editoriala etzenun irakurri? Baino es que qué vergüenza, ze nazka emantzian.

- Pssss, eso te pasa por leer la editorial

mercredi, juillet 11, 2007

Lubakitik idazten dugu. Loquillo eta Alaska gara. Ohi bezala, bat-batean eta esplikaziorik gabe, begirada batek fusilatu gaitu. Alaskak uste du abisu bat dela, eta motoa hartu eta azeleratu egin du. Alaskak ilea harrotuta atzera begiratu duenerako, Loquillok argazki kamara prest zuen, ihesaren eternitatea (Alaskaren ezpain samurrez gain) honen baitan gordetzeko.

lundi, juillet 09, 2007


BIZIRIK MANTENTZEKO ERRITUALA

lehengusinari

Amaiak alde egin zuenetik oso goiz esnatzen nintzen. Lehen goizak asko luzatzen genituen, batez ere astelehen eta asteartekoak, biok jai baikenuen egun horietan. Lanegunetan bera goizago altxatzen zen, baina iratzargailuan bere ahotsarekin grabatzen zituen mezu eztiekin esnatzen nintzen. Egia esan, nire bizitzako egun zoriontsuenak Amaiarekin bizitzen hasi nintzenekoak ziren.

Garai horiek memorian urtzen sentitzen nituen orain. Askotan asaldatuta esnatzen nintzen, izerditan, izarek bere usaina galdu zutela ohartuta, edota bere aurpegia nolakoa zen ahaztuta nuelako.

Gurea ez zen etxe handia. Unibertsitatetik oso gertu zegoen eta mundu guztiak bizitzeko leku lasaia zela zioen. Saloiko sofan eserita beti, Amaiak alde egin ondoreneko hilabeteetan garagardoa gehiago edaten hasi nintzen oharkabean, goizez batez ere. Momentu horiek leihotik gure etxe ondoko ikasleen egoitzari patxadaz begira egoteko aprobetxatzen nituen, zerbeza erritmo pausatuan dastatuz. Denbora luzez bosgarren pisuko neska gazte baten dutxatu ondoreneko gorputz biluziarekin tematu nintzen. Ilehoria oso mantso lehortzen baitzen, mantso-mantso, nire begirada bere goizeko lehen jantzi izatea nahiko balu bezala.



ardi beltzak

Drogas-ek oraindik ile luzea zueneko disko batekin hasiko naiz, 1997an Iruñean zuzenean grabatutako Barricadaren Salud y rocanrol-ekin. Osasuna eta rock´n´rolla, paradoxa ederra, bi hitz horiek berrogei urteak pasatu eta semeak eduki ondoren elkar daitezkeen bi antonimo direla kontuan hartuta. Estudioko ahotsen melodikotasun minimoa galduta, diskoa akelarre rocanrolero hutsa besterik ez zait iruditu, bere osotasunean mozkortuta eta kontzertuko dezibelioak parekatuta bakarrik goza daitekeena. Donostiako Aste Nagusian hemen izango ditugula ziurtatu omen du, bestalde, kalboak. Ezin aukera galdu milioi bat disko eta beste hainbeste cassette, CD eta ordenagailuen memoria bete dituen talde bat ikusteko.


Ardi beltzei buruz hitz egiten hasi naiz eta ez nuke eserialdi batean irakurri dudan La oveja negra y demás fábulas Augusto Monterrosoren ipuin liburu laburra aipatu gabe utzi nahi. Ipuingile apartaren teknika, zehaztasun eta intentsitatearekin, Monterrosok politika, gizartea eta giza harreman eta jarrerei buruzko kritika eta hausnarketa ironiko eta gupidagabea egiten du narrazio labur hauetan. Hona hemen aurreko guztiaren erakusle den bere La oveja negra ipuin famatua.

En un lejano país existió hace muchos años una Oveja negra.



Fue fusilada.



Un siglo después, el rebaño arrepentido le levantó una estatua ecuestre que quedó muy bien en el parque.



Así, en lo sucesivo, cada vez que aparecían ovejas negras eran rápidamente pasadas por las armas para que las futuras generaciones de ovejas comunes y corrientes pudieran ejercitarse también en la escultura.

mercredi, juillet 04, 2007

Ametsa (La m-en)

Betikoa, ezta?

Ohiko tabernan nengoen, zure esperoan, marmol tankerako mahaiaren islaz baliatuz ezpainak pintatzen. Amets batean nengoen ziurtasunak gertatzear zegoen guztitik babesten ninduela hasiera-hasieratik nekien. Ez zen arriskurik, ez asaldatzeko arrazoi berezirik. Zertarako urduritu? Esnatuko nintzen noizbait. Ezpainak pintatzeari utzi gabe erantzun nion barman lotsatiari.

Betikoa, bai.

Eguna salbatuko zidan zure besarkadaren zain egotea, ordea, alferrikakoa zen. Ametsaren logikaren aginduz, ez zinen etorriko. Ez zegoen esplikaziorik, ez zinen etorriko. Zerbitzaria azaldu zen.

Hementxe duzu eskatutakoa.

Ez dakit noiz ahaztu nuen amets batean nengoena. Zerbait gertatzear zegoenaren sentsazioak halabeharrez aulkira iltzatuta mantentzen ninduen. Zigarroa piztu eta keari eutsi nion segundo luzez. Ez zen ezer gertatu. Nikotinazko muxua luzatu nahian, kea pixkanaka-pixkanaka askatzen nuela azaldu zen ezezaguna.

Gizon garaia zen, heldua, eta zuzen-zuzenean nigana etorri zen. Xuxurla oldarkorrean voy a quemártelos, esaten zidan behin eta berriz, nire zapatei begira eta geroz eta ozenago, voy a quemártelos, puta, más que puta.

Arnasestuka esnatu naiz. Hanketara begiratu eta birikak lehertu beharrean egin dut garrasi.

mardi, juillet 03, 2007

Unha pantalla triste,
as voces altas dalgún veciño,
ruídos nas escaleiras,
marmurios no patio,
unha chamada ¡unha chamada! telefónica,
(¿equivocaríanse?)
E sempre ti.


F. Alonso