metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, juillet 31, 2007

EGUNEROKO LABURRA: ABSENT(a) NIGHTS (PART 1)

Uztailak 30, Alice entzuten

Orain dela denbora dezente irakurritako elkarrizketa batean idaztea pentsatzea dela zioen Atxagak; gure gorputza gimnasioan eta pista zirkular amaigabeetan lantzen dugun eran lantzen dugula burua idazten dugunean. Hain zuzen ere, beste arrazoi askoren artean, horregatik idazten zuela zioen, idaztea imajinazioa eta arrazonamendua lantzeko ariketa egokienetarikoa delako.

Azken aldi honetan nire bizitza erabateko zurrunbilo ero batean murgildua egon da, bainuko uraren bide behartuarena baino, urakan baten ibilera zalantzatiaren eta destroyer-aren tankera handiagoa duen zurrunbilo posesiboan. Eromen horren guztiaren erdian, gainera, bat-bateko etxe-aldaketaren beharra suertatu zaigu. Ai, plastikoz eta zinta isolatzailez bildutako eta garajean abandonatutako oroitzapen eder horiek, arnas askorik gabeko agonia krudelera kondenatutako iragan hori... Guretzako gogorra izan da, baina aldaketak amonari eman dio min gehien. Aspaldian galdutako gizona etxe horretako ohean, sukaldean, saloian, bizi zuen oraindik. Triste dago amona.

Egia esan, azken egun hauetan erratza astintzen ibili behar horrek asko lasaitu nau. Garbitzaile lanaren errutina hartu orduko, lasaiago, seguruago, egunerokotasunean sustraituago, sentitzen naiz. Uste dut hartu dudan erabakia egokia dela, nahiz goizeko seiak hamar gutxi aldera altxatu beharrak pentsatzen dudan bakoitzean min eman.

Edonola ere, terapia beharrean sentitzen naiz. Idazteagatik beragatik idatzi nahi dut, pixka bat pentsatzeko, zurrunbilotik ubidera pasatzeko, baina betiere lasai eta patxadaz. Presarik gabe.


2 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Animo ba horrekin. Badakizu pantailaren bestaldean beti dagoela baten bat pentsamendu horiek leitzeko.

3:38 PM  
Blogger iker said...

Animo motel! gauzak espresatzeko zure gaitasuna banu... Aitona aipatzeko modua...
Nik holakoetan musikari heltzen diot, eta jakina gero musika malenkoniatsua egiten dudala esaten didate.
Berriz ere animo. Aiooo.

8:21 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home