metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

dimanche, juillet 29, 2007

MODELOARI

-1-

Modaren esku lakarrek

laztandu zuten buztina

egiteko telebistan

kabituko zen panpina;

hain ederra, hain polita,

hain hauskorra, hain arina...

horrelaxe sortu zen zu

bezalako neska fina.

Beti zaude dotorea,

beti zaude pinpirina

nahiz ta txikitatik zaren

honela amets egina

(moda da zure errege

ta zu bere erregina)

hori ez da ispiluak

dioenaren berdina.

-2-

Azken urteak dituzu

pasareletan emanak

fin-fin, finegi, beteaz

zuri dagozkizun lanak

nahiz ta ederra zarela

adierazi zure famak

oraindik ere ez zaitu

konbentzitzen zu zeranak.

Bost axola dizu zure

etxean dagoen dramak,

bakarrik kezkatzen zaitu

baskula gaineko zamak

bular, gerri, ipurtalde...

neurtu dituzu danak

ta ez dituzu ikusten

zure begiek esanak.

-3-

Jadanik ez omen duzu

beste inoren beharrik

izar batek ez baitauka

ondoan beste izarrik,

baina zure argia ez

al dago ilun xamarrik?

Jada ez duzu aditzen

“maite zaitut” deiadarrik,

jada ez duzu aditzen

inoren hatzen dardarrik

ta zuri begira jartzen

bada mutiko azkarrik

ez du ikusiko ez poz,

ez barre, ez irrifarrik

ispilu puskatu baten

isladapena bakarrik.