metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mercredi, juillet 04, 2007

Ametsa (La m-en)

Betikoa, ezta?

Ohiko tabernan nengoen, zure esperoan, marmol tankerako mahaiaren islaz baliatuz ezpainak pintatzen. Amets batean nengoen ziurtasunak gertatzear zegoen guztitik babesten ninduela hasiera-hasieratik nekien. Ez zen arriskurik, ez asaldatzeko arrazoi berezirik. Zertarako urduritu? Esnatuko nintzen noizbait. Ezpainak pintatzeari utzi gabe erantzun nion barman lotsatiari.

Betikoa, bai.

Eguna salbatuko zidan zure besarkadaren zain egotea, ordea, alferrikakoa zen. Ametsaren logikaren aginduz, ez zinen etorriko. Ez zegoen esplikaziorik, ez zinen etorriko. Zerbitzaria azaldu zen.

Hementxe duzu eskatutakoa.

Ez dakit noiz ahaztu nuen amets batean nengoena. Zerbait gertatzear zegoenaren sentsazioak halabeharrez aulkira iltzatuta mantentzen ninduen. Zigarroa piztu eta keari eutsi nion segundo luzez. Ez zen ezer gertatu. Nikotinazko muxua luzatu nahian, kea pixkanaka-pixkanaka askatzen nuela azaldu zen ezezaguna.

Gizon garaia zen, heldua, eta zuzen-zuzenean nigana etorri zen. Xuxurla oldarkorrean voy a quemártelos, esaten zidan behin eta berriz, nire zapatei begira eta geroz eta ozenago, voy a quemártelos, puta, más que puta.

Arnasestuka esnatu naiz. Hanketara begiratu eta birikak lehertu beharrean egin dut garrasi.

1 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Kaspita!

Oso ederra testua.
Zergatik uste dugu oraindik ametsak ez direla egia? Sentimenduak gezurrezkoak direla pentsatzea bezala da.

"Esnatu eta ametsa dala
naizenean konturatu
nahiago nuen amets horrekin
beti-betiko lo hartu
edo bestela nere ametsa
nolabait egi bihurtu."

KAXIANO

1:41 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home