BIZIRIK MANTENTZEKO ERRITUALA
lehengusinari
Amaiak alde egin zuenetik oso goiz esnatzen nintzen. Lehen goizak asko luzatzen genituen, batez ere astelehen eta asteartekoak, biok jai baikenuen egun horietan. Lanegunetan bera goizago altxatzen zen, baina iratzargailuan bere ahotsarekin grabatzen zituen mezu eztiekin esnatzen nintzen. Egia esan, nire bizitzako egun zoriontsuenak Amaiarekin bizitzen hasi nintzenekoak ziren.
Garai horiek memorian urtzen sentitzen nituen orain. Askotan asaldatuta esnatzen nintzen, izerditan, izarek bere usaina galdu zutela ohartuta, edota bere aurpegia nolakoa zen ahaztuta nuelako.
Gurea ez zen etxe handia. Unibertsitatetik oso gertu zegoen eta mundu guztiak bizitzeko leku lasaia zela zioen. Saloiko sofan eserita beti, Amaiak alde egin ondoreneko hilabeteetan garagardoa gehiago edaten hasi nintzen oharkabean, goizez batez ere. Momentu horiek leihotik gure etxe ondoko ikasleen egoitzari patxadaz begira egoteko aprobetxatzen nituen, zerbeza erritmo pausatuan dastatuz. Denbora luzez bosgarren pisuko neska gazte baten dutxatu ondoreneko gorputz biluziarekin tematu nintzen. Ilehoria oso mantso lehortzen baitzen, mantso-mantso, nire begirada bere goizeko lehen jantzi izatea nahiko balu bezala.
1 Comments:
Oharra: Kuraiaren "egunsentian" kanta gehitu behar zaio testu honi, erabateko esanahia horrela bakarrik izango du
Enregistrer un commentaire
<< Home