Etsita, kontaktuari ihes egiteko plana jada lotuta al zegoen galdetu nion.
- Hire informazioa pasa bai, baina ez diat ezer jasotzen, goikoek ez ditek behar dena baina askoz ere gehiago arriskatu nahi.
Begien ñirñirean dardarka nuen esperantza apurrak hunkitu zuela iduri eta, gabardina berdeko poltsikoan sakon arakatu ostean, pakete txiki bat eskaini zidan.
- Belarra; erre ezak, on egingo dik.
- Eta Elisa?
- Ez zekiat non, baina esku onetan zagok, lasai.
Deabruak gorde nintzala, kontaktu madarikatu horrek zulo hartan abandonatuko ninduen errezeloa, esaldi labur bakoitzarekin, tonu lehor eta hotz harekin, ez zela nire delirio huts baieztatzen zidan. Fronteko tripaundi, traidore eta filibustero alaen horiek Elisari eskua luzatu ez zioten bitartean ere gaitzerdi. Etsaiaren barrakoietan bizirauteak nahiko lan ematen zidan nire bandokoen kontrako mendeku grinak nola ase pentsatzen hasteko. Eta hala ere, ezkutuan jaso nuen guztia eman nion: fortearen datu, neurri eta azalpen guztiak, puntu ahulenen kokapen zehatza, soldaduak, janaria eta munizioari buruzko xehetasun posible guztiak.
- Portatu haiz oraingoan, puntako lana duk.
Hotz egiten zuen eta hatsen lurrunak urrutitik ikus zitezkeen; barrakoira bueltatu behar nuen lehenbailehen. Besotik gogor heldu nion.
- Usteltzen ari nauk hemen, zin egidak hurrengoan batera aterako garela. Entzuidak, joder. Ei, Marru, zin egidak.
- Erasoa prestatzen ari dituk eta plano hauek ezinbestekoak hituen horretarako… Alukeria galanta duk hau, bazekiat, baina segi egin behar diagu, eutsi. Fronteak erasoa prestatu bitartean, behintzat. Baina zin zagiat, zin zagiat benetan hurrengoan biok aterako garela.
Geroan kontzientzia urratuko zion promesa ahul bat atera nion gutxienez. Ez zen gutxi.
0 Comments:
Enregistrer un commentaire
<< Home