metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

lundi, décembre 25, 2006

epikelerlogoa

ze..mozkorra?bai. baina leihotik begiratu eta jabetzeko gai. lekzioak. pausoaketa jauziaketa erabakiak. 20 urte ate joka. heldua?agian; umea?egunero. mAite zaituztet. jabetu naiz, bizitza hartu behar den olatua dela.....bestela.......ondarra.....HONDARMENDIA.

samedi, décembre 23, 2006

VENEZIA (ZURE SALOIKO CD PLAYER-EAN BAHITUTA DAUKAZUN ARTISTAREN MUSIKA ENTZUTEN DELA)

Valsa hasi baino lehentxeago hurbildu zen maskara gorriko emakumearengana. Honi eskua zabaldu orduko hasi zen orkestina lanean eta emakumeak, beste aukerarik ez balu bezala, urrezko maskaradun gizonarenean pausatu zuen eskularru leunean ezkutatutako bere eskua.

- Azken alditik hona asko hobetu duzu -xuxurlatu zion gizonak belarrira, buelta amaigabe bateko bi aurpegien gertutasuna profitatuz.
- Maximo!
- Ez gelditu gero!, jarraitu dantzatzen mesedez! -gerritik gogor tiratuz.

Berriz ere dantzan hasi ziren, tente, zuzen, ezezagunen moduan. Hala ere, bueltak ematerakoan, emakumearen bular gazteak lehen baina askoz ere gertuago eta indartsuago sentitu zituen gizonak.

- Champagna-ren ondoren, hirugarren pisuko logelan -urrezko maskararen azpiko ezpainen dardara ezin disimulatuz.
- Betiko lekuan?
- Bai, 322.ean.


Emakumeak danbateko bat emanez itxi zuen 322. gelako atea.

-...erotu al zara ala?!
- Begiak estaliko dizkizut -tonu oldarkorrez, maskara gorriaren azpiko pasmina lepotik bortizki askatuz eta bi eskuekin tenkatuz.
- ...bain...
- Eta ez dizut hitz bakar bat ere entzun nahi -gizonaren ahoa bat-batean eskuarekin tapatuz- Bakar bat ere ez, ulertzen?

Eta besarkada borrokalarian ohera erortzearekin batera, maskarak airera bota zituzten.

vendredi, décembre 22, 2006

SUMMERTIME



Maitasunaren sugeek haginka egin zidaten lepoan

eta oreina legez erori nintzen errugabe

erreka ertzean

erori udazkeneko urrezko hostoen eran

zaratarik gabe arinki

eta goitik ilargi mutxurdinak

irribarre egin zuen jakin egingo balu bezala

Egunabarrean irteten zinen zure soineko berdearekin

kalea enara eroez betetzeko

turistek bueltan ordaindu beharreko

plazoak ahantzarazteko

eta ostatuko logela ziztrinetan

gaixotzen ziren lentzeria saltzaileak

berehala sendatzen ziren beren begi

lausotuetan neskatila baten musu lasaiak jasotzen

Uda hartan telefonoa

izan nuen lagunik zintzoena

eta bere bip-bip-bip musika bakarra

irailean zureak komunikatzen zuen artean

gelako bisiloak pudikoki itxi ondoren

ispiluaren aurrean alkandora txurian

telefono kable beltza korapilatu nuen

lutozko korbatatzat hartuta

***

Maitasuna besterik ez naiz maitasuna

maitasuna nire hatsa eta bere zaldiak izerdi patsetan

maitasuna nire bularra eta maitasuna nire ikara

maitasuna kopetan distira

maitasuna ahotik daridala

txakur amorratuari antzo

maitasuna

nire begiak kixkaltzen diren artean

mendiak udan erretzen diren usutasun berberaz

nire behatz puntak desegiten diren artean

zure gorputza sumatuz

maitasuna maitasuna

nire ixterren arrainek zure eskuetatik bakarrik

jaso dezakete janaria

maitasuna besterik ez naiz maitasuna

zain duzu nire odola arren!

nire magal gazian

zorroztu zure labana!



Xabier Montoia (1985ean)

lundi, décembre 18, 2006

HAURTXO TXIKIA SEHASKAN DAGO


Hik ez huan nahi. Hik uste huen mundua etxe pareko zelaia zela: beti jolastuko hintzela bertan, beti egongo zela baloiren bat ostiko jotzeko moduan, beti egongo zela hirekin jolasteko haurren bat. Hi bezalako haurren bat. Bai, haurra hintzen. Bahekien zapatiletako lokarriak lotzen, baina nahiago huan askatuta eramatea, ondoren amak purrustada botatzeko, baina, batez ere, purrustadaren ondoren ipurdiko txiki bat jasotzeko. Eta hurrengo egunean berdin egingo huen.

Orain ez zagok futbol zelairik. Ez zegok lokarriak askatzerik. Ez zegok amarik. Baloiaren ordez fusil bat eman ziaten: fusil hotz bat, jolaserako balio ez duen fusil bat. Hik ez huan nahi. Hik ez huan ulertu. Hik uste huan beste jolas bat zela, orain ere zelaian ibiliko hintzela, lokatz artean, beti zikin, beti pozik. Eta etxera joandakoan amak ipurdikotxo bat emango ziala. Horrelaxe joan hintzen lehenengo aldiz etxe aurreko futbol zelaira hire fusiltxoa hartuta. Horrelaxe zeharkatu huan lokatza pausu arinez. Horrelaxe heldu hintzen zelaiaren aurreko beste zelaira. Horrelaxe jo huen atea “kax-kax”. Horrelaxe zabaldu ziaten. Eta horrelaxe itxi huen behatza katuaren gainean. Horrelaxe agindu ziaten “hil ezak”. Eta hil egin huen. Ez huen zergatik galdetu. Ez huen galdetu zer gertatuko zitzaion bere semeari (egunero hirekin futbolean aritzen huan, portzierto). Uste huen guztia jolas bat zela, ez zela galtzailerik eta irabazlerik egongo, beti bezala berdinketa izango huala emaitza. Baina hildako batekin ezin duk berdindu.

Gogoan dituk bere begiak atea zabaltzean. “Zer moduz habil?”. Hik ez hion erantzun. Lurraren hotsak erantzun zihoan, gorpuak lurra jotakoan atera zuen hotsak, alegia. Eta hi mutu geratu hintzen. Mutu ikusi huen nola margotzen zian bere odolak lurra. Nola bere semea, hire laguna atera zen. Nola begiratu zian, nola begiratu hion, eta nola ikusi huen amorrua bere begietan. Eta ohartu hintzen jada ez zegoela ez lagunik, ez jolasik eta ez ezer. Esku artean dardaraz hartzen huan fusila baino ez.

Gaur ere halaxe hago, fusilari helduta, hire lagunaren aitaren gorpuari begira. A, ez! Jada ez duk berea. Besteren batena izango duk, ez duk oroitzen. Hi lehenengo biktimaren begiak oroitzen dituk, hire lagunaren amorrua. Hura ere fusil bat eskuan duela ibiliko duk. Izenik gabeko beste milaka ume bezala ibiliko duk izenik gabeko errugabeak hiltzen izenik ere merezi ez dutenen izenean.


Hik ez huan nahi. Hik uste huen mundua etxe pareko zelaia zela: beti jolastuko zinela bertan, beti egongo zela baloiren bat ostiko jotzeko moduan, beti egongo zela hirekin jolasteko haurren bat. Hi bezalako haurren bat. Bai, haurra hintzen. Baina heldu bihurtu haiz. Munstro bihurtu haiz.

Lokarriak askatu dituk. Baina hi hire fusilaren presoa haiz.

vendredi, décembre 08, 2006

QUIM MONZÓ

Quim Monzó idazle kataluinarraren El porqué de las cosas ipuin bildumatik lapurtutako altxor bat, zuen gozamenerako.

Oso gomendagarria

jeudi, décembre 07, 2006

Shawn-en egunerokotik

1986ko uztailaren 14a

Oraindik probatu ez nuenean, zainetan kokainaren bisitak dena bizkortzen zuela uste nuen.

Maite zintudan, ematen zuen ez zinela ezertaz konturatzen baina maite zintudan...

Ez nuen arrazoi bakar bat ere aurkitzen zu ez maitatzeko, Freddie Mercury pianoan eseri zen momentuan, hautsa eskaini zenidanean, ezezkoa erantzuteko inongo arrazoirik aurkitu ez nuen bezala.

O, Chris, zenbat maite zintudan... Oroitzen al zara? Kanta hasi bezain laster eskutik heldu zenidan, ez zinen ezertaz konturatzen baina eskutik heldu zenidan, eta dena bizkortu beharrean, kokainak geure buruak piano-jolearen ahots eta doinuen mende jarri zizkigun. Zuri begira zoriontasun malko batek ihes egin zidan une magiko horretan maite zintudala esan nahi izan nizun zure eskua laztanduz, benetan maite zintudala esan nahi izan nizun.

Freddie-ren silaba bakoitza, pianoko nota bakoitza, neure sabel eta biriketatik sutan alde egindako askatasun garrasi zirela sentitu nuen eta bateria kolpe bakoitzak zugana bultzatzen ninduela iruditzen zitzaidan.

Beldur guztiak uxatu eta, kanta amaitzear zegoela, inoiz eman dudan muxurik sentituena eman nizun.

mardi, décembre 05, 2006

Isburt-eko putetxe eta tabernak marinelen su goseak ezin erantzunik zebiltzan. Azken hilabete luzeetako jarduna amaituta, eskifaiak St. Mary itsasontzia zetzan ur izoztuetan abandonatu zuen kontzientzia eta, otso gosetien moduan, herria errausteko pasio itsua bakarrik buruan, portuetako ingurumarietan galdu ziren.

Beso indartsuetan bildutako emagaldu zurbil eta sendoen garrasi lizunak entzuten ziren kale-izkinetan. Taberna barruetan, bat-bateko barruko algarak eta topa baldarrak.

Gau oso bat zuten, neurrigabearen bideetan nahieran galtzeko.


Powered by Castpost

samedi, décembre 02, 2006

GAUR ERE


Euri tanta zorroztuek hildako txorien gorpuen erorketaz babesteko

jendea kalean aluminiozko aterkiekin dabil gaur ere.


Kale garbitzaileen hitzek euren nagusien lepoak moztu dituzte eta, atxiloketaren ondoren, garbitzaileak jujearen egurrezko mailuaren pean zanpatuak hiltzera kondenatu dituztela entzun dut.

Telebista goizeko seietako manifari buruz ari da hitz egiten eta pantailan burokraziaren armiarma sarean hildakoen kideak tipula sortak eskuetan dituztela azaltzen dira, hilobi aurrean negarrez. Ondoren, mandoak kanalez aldatu du etengabe, azkenerako aspertu eta irrintzika hasteko, gose dela eta jaten emateko garrasika.

Irratiko zuzeneko programa batean nire ahotsa entzun dezaket egin omen dudan azken diskoari buruz hitz egiten eta ohetik altxatzeko esnezko izara alde batera bota eta lur guztia zikindu dudanean, telefonoz identitatez aldatu naizela abisatu didate.