metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

lundi, décembre 18, 2006

HAURTXO TXIKIA SEHASKAN DAGO


Hik ez huan nahi. Hik uste huen mundua etxe pareko zelaia zela: beti jolastuko hintzela bertan, beti egongo zela baloiren bat ostiko jotzeko moduan, beti egongo zela hirekin jolasteko haurren bat. Hi bezalako haurren bat. Bai, haurra hintzen. Bahekien zapatiletako lokarriak lotzen, baina nahiago huan askatuta eramatea, ondoren amak purrustada botatzeko, baina, batez ere, purrustadaren ondoren ipurdiko txiki bat jasotzeko. Eta hurrengo egunean berdin egingo huen.

Orain ez zagok futbol zelairik. Ez zegok lokarriak askatzerik. Ez zegok amarik. Baloiaren ordez fusil bat eman ziaten: fusil hotz bat, jolaserako balio ez duen fusil bat. Hik ez huan nahi. Hik ez huan ulertu. Hik uste huan beste jolas bat zela, orain ere zelaian ibiliko hintzela, lokatz artean, beti zikin, beti pozik. Eta etxera joandakoan amak ipurdikotxo bat emango ziala. Horrelaxe joan hintzen lehenengo aldiz etxe aurreko futbol zelaira hire fusiltxoa hartuta. Horrelaxe zeharkatu huan lokatza pausu arinez. Horrelaxe heldu hintzen zelaiaren aurreko beste zelaira. Horrelaxe jo huen atea “kax-kax”. Horrelaxe zabaldu ziaten. Eta horrelaxe itxi huen behatza katuaren gainean. Horrelaxe agindu ziaten “hil ezak”. Eta hil egin huen. Ez huen zergatik galdetu. Ez huen galdetu zer gertatuko zitzaion bere semeari (egunero hirekin futbolean aritzen huan, portzierto). Uste huen guztia jolas bat zela, ez zela galtzailerik eta irabazlerik egongo, beti bezala berdinketa izango huala emaitza. Baina hildako batekin ezin duk berdindu.

Gogoan dituk bere begiak atea zabaltzean. “Zer moduz habil?”. Hik ez hion erantzun. Lurraren hotsak erantzun zihoan, gorpuak lurra jotakoan atera zuen hotsak, alegia. Eta hi mutu geratu hintzen. Mutu ikusi huen nola margotzen zian bere odolak lurra. Nola bere semea, hire laguna atera zen. Nola begiratu zian, nola begiratu hion, eta nola ikusi huen amorrua bere begietan. Eta ohartu hintzen jada ez zegoela ez lagunik, ez jolasik eta ez ezer. Esku artean dardaraz hartzen huan fusila baino ez.

Gaur ere halaxe hago, fusilari helduta, hire lagunaren aitaren gorpuari begira. A, ez! Jada ez duk berea. Besteren batena izango duk, ez duk oroitzen. Hi lehenengo biktimaren begiak oroitzen dituk, hire lagunaren amorrua. Hura ere fusil bat eskuan duela ibiliko duk. Izenik gabeko beste milaka ume bezala ibiliko duk izenik gabeko errugabeak hiltzen izenik ere merezi ez dutenen izenean.


Hik ez huan nahi. Hik uste huen mundua etxe pareko zelaia zela: beti jolastuko zinela bertan, beti egongo zela baloiren bat ostiko jotzeko moduan, beti egongo zela hirekin jolasteko haurren bat. Hi bezalako haurren bat. Bai, haurra hintzen. Baina heldu bihurtu haiz. Munstro bihurtu haiz.

Lokarriak askatu dituk. Baina hi hire fusilaren presoa haiz.

2 Comments:

Blogger iker said...

Gu gara izenik merezi ez dugunak. Gu lehen munduko gizakiok sortu ditugu argazkiko irudia eta testuko kontakizuna. Guk beharko genuke afrikan eta beste hainbat lekuetan egin ditugun basakerien preso.
Ez daukagu barkamenik, haur hori biktimen artean beste bat besterik ez da.

11:54 PM  
Anonymous Anonyme said...

Hitzik ez zaigu falta haiek bizi duten tragedia azaltzeko baina ez gara mugituko ez, ezer egiteko!(ni barne)

7:52 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home