GAUR ERE
Euri tanta zorroztuek hildako txorien gorpuen erorketaz babesteko
jendea kalean aluminiozko aterkiekin dabil gaur ere.
Kale garbitzaileen hitzek euren nagusien lepoak moztu dituzte eta, atxiloketaren ondoren, garbitzaileak jujearen egurrezko mailuaren pean zanpatuak hiltzera kondenatu dituztela entzun dut.
Telebista goizeko seietako manifari buruz ari da hitz egiten eta pantailan burokraziaren armiarma sarean hildakoen kideak tipula sortak eskuetan dituztela azaltzen dira, hilobi aurrean negarrez. Ondoren, mandoak kanalez aldatu du etengabe, azkenerako aspertu eta irrintzika hasteko, gose dela eta jaten emateko garrasika.
Irratiko zuzeneko programa batean nire ahotsa entzun dezaket egin omen dudan azken diskoari buruz hitz egiten eta ohetik altxatzeko esnezko izara alde batera bota eta lur guztia zikindu dudanean, telefonoz identitatez aldatu naizela abisatu didate.
1 Comments:
Euri tanta zorroztuek... aterkiekin dabil gaur ere.
Tipula sortak eskuetan, hilobi aurrean negarrez.
Telefonoz identitatez aldatu naizela esan didate.
Oso oso ona.
Enregistrer un commentaire
<< Home