metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

dimanche, septembre 30, 2007

POETA EZAGUTU NUENEKOA

(edo zergatik izan nahiko nukeen idazle)


Dardarka jartzen naiz oraindik gau hura oroitzen dudan bakoitzean. Orain arte ez naiz ausartu, nola atrebituko nintzen ba, Argentinako taberna hartan jazotakoa inori kontatzera. Baina nahikoa denbora pasa dela iruditzen zait; laster hiru urte beteko dira eta, ondorio larririk izango ez duelakoan, gertatu zitzaidana idazteko garaia iritsi dela sentitzen dut.

Orain dela bizpahiru negu, 2004ko abenduan hain zuzen ere, Goizaldi dantza taldearekin Argentinara joan nintzen hamar bat egunetarako. Lehendabizi Santa Fe eta Che Guevararen jaioterri den Córdoban ibili ginen eta azken egunak Suipacha deituriko herrixka batean igaro genituen.

Oker ez banaiz, 2004ko udaberrian bertan piztu zitzaidan herri honek erditu duen poetarik bikainetariko honen obrari eta bizitzari buruzko jakinmina. Berarekin erlazionatua zegoen edozer zen niretzat kitzikagarri: liburuak, zitak, elkarrizketak, zer axola zion. Dena irensten nuen.

Suipachara iritsi ginenean, ondorioz, inoiz baina biziago nituen nigan Kalaportuko umearen abenturak. Oraindik esfortzu handirik gabe irudika nitzakeen Goioren edota Maribelen esanak, argi eta garbi oroit nitzakeen kartzelako poemen irudiak eta gordintasuna; poeta gugandik hain urruti bizi arren, euskaldun askok bezala, barru-barruan neraman pertsona zen.

Argentinan pasako genuen azken gaua iritsi zen eta, dantza taldearen emanaldiaren ondoren –bidaia osoko kaxkarrena izanagatik, txalotuena izan zena–, antolatzaileek prestatutako afarira joan ginen. Kantu eta txistuaren doinu artean, segituan ekin genion haragi bikainaren betekadak tripan utzitako txoko bakanak Quilmes garagardoa edanez betetzeari.

Gure agurra, antza zenez, bertako oporren hasierarekin batera gertatu zen. Abenduko gau sargori hartan, garagardoaren pisua arintzeko terrazara arnasa hartzera ateratzen nintzen bakoitzean, herria borborka sentitzen nuen: batzuk edanean, asko eta asko kantuan, txikienak harrapaketan…, mundu guztia aparteko festa giroan. Desfasa orokorra zen: oraindik ere gogoan dut, adibidez, antolatzaileek harrapatutako zeppelina: kattalin, kattalin, kantatzen genuen bitartean, errusiarren modura dantzatu nahi izanak –besoak tolestuta, gorputza alegiazko aulkian eserita, hankak ero moduan bata bestearen atzetik altxatuz– muskulu bat baina gehiago rectus egoera tamalgarrian utzi zuen. Seriotasunari ezin eutsiz, zenbat aldiz lehertu ote ginen barrez gau hartan…

Burua eta gaua lausotuz joan ahala, Rodrigoren musikak kutsatutako dantza ero batek –hain gertu, hain estu– argentinar lotsati batekin elkartu ninduen. Hamaikagarren tragoa nire taldekideetatik urrun hartzeko proposamena onartu zidan eta tabernatik elkarri gerritik helduta atera ginen, pausu mozkortiz, gure mingainak hitz baldar baina gosetiz gerta zitekeenaren bila, azken dantzako bueltek zeharo zorabiatuta utzi gintuztelarik.

Oharkabean berandutu egin zitzaigun eta taldekideak zeuden taberna irlandarraz gain, beste pare bat soilik zeuden irekita: su hartzen bazuen herriko gazteria bertan kiskalita hilko litzatekeen bolitxea eta berrogeiak pasa zituztenentzako kale bakarti baten amaieran zegoen taberna zabala. Bolitxea bete-beteta zegoen eta beste tabernara joatea erabaki genuen, bertan kantu zaharrak jartzen zituztela jakin nuenetik, argentinar lotsatiari ea tangoa dantzatzen erakutsiko zidan galdetu besterik ez bainion egiten.

Tabernaren sarrerako arkupean egurrezko barra luzexka bat zegoen, zaldiak lotzeko moduko bat. Barnealdea handia zen oso eta egur ilunezko aulki, mahai, barra eta haizagailuak zituen. Sartu ginenean, inor gutxi ohartu zen gure bisitaz; gehiengoa edanean eta kantuan ari zen, eztarria lehertu beharrean. Mahaiez haratago, zuzeneko kontzertuetarako egokitu ohi zuten taula zegoen, momentu hartan bikoteek dantzarako erabiltzen zutena. Dantzalekuan, tamalez, tangoak dantzatzera oso jende gutxi animatzen zen; arrakasta handiagoa zuten salsa eta merenge tankerako doinu biziek.

Argentinar lotsatia komunera joan zeneko batean, tabernara sartu nintzenetik begiz jota nuen beltzaran batengana gerturatu nintzen. Berrogei urte inguru zituen, hiritar janzkera, begiratu sakona eta gerrialde bettea, baina batarekin zein bestearekin erritmo azkarrenak dantzatzeko zuen abildadea miresgarria zen. Modu adeitsuegian –erdi belauniko, eskuan muin emanez–, dantzan bere moduan erakusteko eskatu –erregutu– nion. Nahiko baldar jira eta bueltaka ibili eta gero –ez naiz ikasle ona gaueko hamabiak pasa orduko–, argentinar lotsatiarekin batera elkartu ginen biok. Tragoa atera genion eta hark bere kidearekin –compañero eser gintezen eskatu zigun, batera edateko.

Egia esan, dantzalekuaren pareko egurrezko mahaian eseri ondorenekoa oso azkar gertatu zen. Gizonak José izenez aurkeztu zuen bere burua –bere pasaportea ikusteagatik kontu-korrontean gordeta daukadan diru guztia emango nukeen– eta muxugorri-muxugorri zegoen. Ilea motx-motx moztuta zuen –bizarrik gabe– eta bere-bereak dituen sudur zorrotz eta irribarre erdi-maltzur, erdi-pikaroz agurtu gintuen.

Denok gaztelaniaz mintzo ginen, baina lauron doinuak ezberdinak ziren: ni espainol lehorrez ari nintzen, nire kidearen eztizko argentinera zuzenetik urrun; neska beltzaranak, bestalde, nire izeba kolonbiarraren moduan hitz egiten zuen, gorpuzkeragatik hegoaldekoagoa zirudien arren; José, azkenik, Ertamerika inguruko gaztelania lodi baina biziz mintzo zen (Nikaraguako egonaldian ikasitako gaztelania ote zen hura?). Hala ere, bere etorriak bazuen oztopo nabarmen bat: “rr” madarikatuak. Balizko fonetikako irakasle ohiaren lehen herrena entzun orduko pentsatu nuen bera izan zitekeela, nire muturren aurrean nuela poeta.

Gerri marduleko beltzaranak, herrian festa handia izango zela aprobetxatuz, bere ahaide batzuk bisitatzera etorri zirela kontatu zigun, eta etzi, berriz ere, bueltatzekoak zirela hirira (hirira esan zuen, Buenos Aires iradokiz, baina baieztatu gabe). Nik ez nekien zer esan, zer pentsa, zer egin. Euskalduna nintzela esan nahi nien eta poetari bere obra gehientsuena irakurria nuela eta izugarria iruditzen zitzaidala eta bera besarkatzeko izugarrizko gogoa neukala eta ez nuela Sorpresa Sorpresa-ko tipo patetiko bat iruditu nahi, baina emozioz negar egingo nukeela beragatik, haragizko mito galdua dela eta milaka euskaldunek bere bizitza eta, batez ere, bere itzulera magikoan behin baina gehiagotan amestu dutela.

Azkenean, bertan egotearen arrazoia kontatu nien, Goizaldiko soinujolea nintzela eta Santa Fe –ko euskal astearen karietara Argentinan zehar bira txiki bat egiten ari ginela. Emakumearen ahoz jakin nuenez, lagun asko zituzten euskal probintzietan, denak bertara lanera joanak, eta hitz ederrak besterik ez omen zituzten bertako paisaia, gastronomia eta, batez ere, jendea deskribatzeko. José-k, isiltasunak ematen duen distantziaren segurtasunetik, buruarekin baietz eginez indartzen zituen uneoro beltzaranaren esanak. Noizbehinka trago luze bat edaten zuen eta bere bizkarrean zegoen dantzalekuari so egiten zion.

Geldiezin, gauak bere bidea jarraitzen zuen eta hurrengo garagardoak beraiek atera zizkiguten. Mahaikideen onarpena lortu ondoren (José-ren muxugorritasuna eta irribarre erdi-maltzur, erdi-pikaroa erabat desagertu zirelarik), nire amaren Konica zahar deigarria atera eta ondoko mahaikoei argazki bat ateratzeko eskatu nien. Hurrengo goizean gau hura bizi izan nuela egiaztatzeko behar nuen frogaren bat, hitzak, keinuak eta imintzioak gogoraraziko zizkidan zerbait.

Flasharen ondoren dantzari ekin genion berriz ere, bikotekideak aldatuz eta mugimendu berriak ikasiz, artikulazioek –nik ez dakit nola baina– ahitu gabe jasan zuten dantza mozkorrean.

Denborak, ordea, harea lez egin zigun ihes eskuetatik. Argentinar lotsatiari eta bioi betirako agurtzeko unea iritsi zitzaigun, bitarte hori poetak eta beltzaranak zerbeza gehiago eskatu eta mahaian lasai edateko aprobetxatu zutelarik. Tabernaren sarreran eseri ginen, zaldiak lotzeko barraren ondoko aulkian, promesa txikien gainean, kale bakartiari begira, xuxurla eta muxuekin ekidinezina luzatu nahian.

Berandu baino lehen, ordea, argentinar lotsatiak etxera bidean laguntzeko eskatu zidan, guraso takikardikoek komisaldegira deitzea erabaki aurretik behintzat. Hala ere, lehendabizi taberna barrura itzuli ginen, mahai gainean ahaztuta utzi genituen kamera eta poltsa jaso eta poetari zorterik onena opatzeko.

Tabernan Chavela Vargas-en estiloko musika zegoen jarrita. Dantzalekuko argi ahulen pean, hiruzpalau bikote, itsatsita, taula gainean mantso irristatuz. Goizeko bostak inguru izango ziren, baina oraindik jende ugari ikusi nuen edari eskean.

Ez naiz ongi akordatzen noiz konturatu nintzen mahai gainean nire amaren Konica zaharra falta zena. Min eman zidan, lapurtu egin zidaten, lapurtu egin zidan. Beltzarana besarkatu nuen orduan, dantzako lezioa noiz jarraituko genuen galdetuz, eta ondoren poeta besarkatu nuen. Nire bidaiako argazkiak bion artean ikusiko genituen egunaren zain geratuko nintzela esan nion, euskaraz.

Hark, muxugorri-muxugorri, bere-berea duen irribarre erdi-maltzur erdi-pikaroarekin erantzun zidan.

dimanche, septembre 23, 2007

TOMORROW IN THE BATTLE THINK ON ME

JAVIER MARÍAS


Shakespeare-ren Ricardo III obrako lerro bat lapurtuz jarri zion izenburua Javier Marías-ek Corazón tan blanco arrakastatsuaren ondoren argitaratu zuen nobela honi:



Mañana en la batalla piensa en mí,

y caiga tu espada sin filo.

Mañana en la batalla piensa en mí,

cuando fui mortal, y caiga herrumbrosa tu lanza,

pese yo mañana sobre tu alma,

sea yo plomo en el interior de tu pecho

y acaben tus días en sangrienta batalla.

Mañana en la batalla piensa en mí,

desespera y muere. ¡Muere!


Orain dela gutxi ezagutu duen eta gizona Londresen duen emakumearen gonbidapena onartuz, gizon bat bere etxera joan da afaltzera. Bertan, lo hartzea asko kostatzen zaion umea dago. Oharkabean jokatuko balute bezala beti –baina bai bata nola bestea gerta daitekeenaren soka ahul horri tira eta tira– jankideen nahi geldiezinak bien gorputz gosetiak ohean elkartu arte gerturatzen ditu. Hala ere, elkarren maitale bihurtu aurretik, emakumea gaixotu eta bat-batean hiltzen da. Tragedia honen inguruan jositako kontakizuna da nobela: zer egin ohean erdi-biluzik hilda datzan emakumearekin, zer sehaskan lo seko dagoen haurrarekin, Londresen dagoen gizonarekin, zer egin.


Egia esan, asko gustatu beharreko liburu moduan hasi nintzen irakurtzen, baina idazlearen prosa arin bezain sakonak (ze kabroia den Marías eta ze abila bere ideia eta iritziekin irakurlearengan arrastoa uzten, ze ondo borobiltzen duen narrazioa errepikapen obsesibo eta irudi indartsuko adibide landu horiekin) lehenengo orrialdetik harrapatu ninduen:


Nadie piensa nunca que pueda ir a encontrase con una muerta entre los brazos y que ya no verá más su rostro cuyo nombre recuerda. Nadie piensa nunca que nadie vaya a morir en el momento más inadecuado a pesar de que eso sucede todo el tiempo, y creemos que nadie que no esté previsto habrá de morir junto a nosotros. Muchas veces se ocultan los hechos o las circunstancias: a los vivos y al que se muere –si tiene tiempo de darse cuenta– les avergüenza a menudo la forma de la muerte posible y sus apariencias, también la causa. Una indigestión de marisco, un cigarrillo encendido al entrar en el sueño que prende las sábanas, o aún peor, la lana de una manta; un resbalón en la ducha –la nuca– y el pestillo echado del cuarto de baño, un rayo que parte un árbol en una gran avenida y ese árbol que al caer aplasta o siega la cabeza de un transeúnte, quizá un extranjero; morir en calcetines, o en la peluquería con un gran babero, en un prostíbulo o en el dentista; o comiendo pescado y atravesado por una spina, morir atragantado como los niños cuya madre no está para meterles un dedo y salvarlos; morir a medio afeitar, con una mejilla llena de espuma y la barba ya desigual hasta el fin de los tiempos si nadie repara en ello y por piedad estética termina el trabajo; por no mencionar los momentos más innobles de la existencia, los más recónditos, de los que nunca se habla fuera de la adolescencia porque fuera de ella no hay pretexto, aunque también hay quienes los airean por hacer una gracia que jamás tiene gracia.


Heriotza bitarteko tarte labur hau, gaur egunean kaos presatsu eta iheskorrean igarotzen den berbera, narrazioan zehar pixka bat ordenatzen edo, gutxienez, zentzua ematen saiatzen sentitu dut idazlea.


No soportamos que nuestros allegados no estén al corriente de nuestras penas, no soportamos que nos sigan creyendo más o menos felices si de pronto ya no lo somos, hay cuatro o cinco personas en la vida de cada uno que deben estar enteradas de cuanto nos ocurre al instante, no soportamos que sigan creyendo lo que ya no es, ni un minuto más, que nos crean casados si nos quedamos viudos o con padres si nos quedamos huérfanos, en compañía si nos abandonan o con salud si nos ponemos enfermos. Que nos crean vivos si nos hemos muerto.

(26-27. orrialdeak)

Edota beranduago:

‘Vivir en el engaño o ser engañado es fácil’, pensé, ‘y aún más, es nuestra condición natural: nadie está libre de ello y nadie es tonto por ello, no deberíamos oponernos mucho ni debería amargarnos.’ Eso había dicho Deán, aunque había añadido: ‘Sin embargo nos parece intolerable, cuando por fin sabemos.’

(394. orrialdea)


Iruzurrean bizitzeak, heriotzaren bat-batekotasun tragikoak, maitasunak, hogeita hamar urte inguruetako erlazio korapilotsuek eta, batez ere, gerta zitekeenak eta gertatu denaren deskubrimenduek ematen diote bizia kontakizunari.


Harribitxiz betetako nobela iruditu zait: protagonista eta puta baten arteko enkontrua, Ruibérriz de Torres, Lucía, Deán, Solus-Only you-Only the lonely edota protagonista bezalako pertsonaiak, korapiloaren mamia azaltzen duen amaierako crescendo izugarria…


Un plaisir.

vendredi, septembre 14, 2007

MONO-TONO-I.A.

Erloju bat erregalatzen dizutenean ez dakit, baina zapata puta hauek erregalatu zizkidatenetik erregalatua ni neu sentitu naiz, zapatek ni aukeratu izan banindute bezala; etxera iritsi bitartean etengabe tortura nazaten, lanordu bakoitza sufrikario jasanezin bihur dezaten, sistematikoki diseinaturikoak.

AAAGHHH, ZAPATA PUTA HOIEK! ! ! ! !

Piraña goseti pare hori janzteak, ordea, badu plazer ikaragarri bat: kentzea, alegia. Momentu hori da egunak daukan sakratuenetariko bat. Egunerokotasunaren plazer txiki bat dudarik gabe (hainbeste dira eta hain gozagarriak) eta egunean beteko ditugun ekintzen mugarri sahiestezina: zapatak kentzean atzean uzten ditugu goizeko ordu txikietako presa, trena harrapatzeko estuasuna edota –kamiseta izerditan daukagula– nagusia zerbeza edaten eta telefonoz hitz egiten ikusten pasa beharraren amorrua; keinu txiki horrek, ordea, bizitzeko beharrezko gauzei ematen die bidea (“dar pie”): liburu, pelikula edo telesail on bati, konturatu gabe –azala izerditan daukagula– luzatzen doan larru-jotze bati, barre eta txiste artean lagunekin egindako amaiezinezko zurito-maratoiaren hurrengo kilometroari edota, zergatik ez, monotonia puskatuko duen dantza ero bati.









everybody let´s rock!