POETA EZAGUTU NUENEKOA
(edo zergatik izan nahiko nukeen idazle)
Dardarka jartzen naiz oraindik gau hura oroitzen dudan bakoitzean. Orain arte ez naiz ausartu, nola atrebituko nintzen ba, Argentinako taberna hartan jazotakoa inori kontatzera. Baina nahikoa denbora pasa dela iruditzen zait; laster hiru urte beteko dira eta, ondorio larririk izango ez duelakoan, gertatu zitzaidana idazteko garaia iritsi dela sentitzen dut.
Orain dela bizpahiru negu, 2004ko abenduan hain zuzen ere, Goizaldi dantza taldearekin Argentinara joan nintzen hamar bat egunetarako. Lehendabizi Santa Fe eta Che Guevararen jaioterri den Córdoban ibili ginen eta azken egunak Suipacha deituriko herrixka batean igaro genituen.
Oker ez banaiz, 2004ko udaberrian bertan piztu zitzaidan herri honek erditu duen poetarik bikainetariko honen obrari eta bizitzari buruzko jakinmina. Berarekin erlazionatua zegoen edozer zen niretzat kitzikagarri: liburuak, zitak, elkarrizketak, zer axola zion. Dena irensten nuen.
Suipachara iritsi ginenean, ondorioz, inoiz baina biziago nituen nigan Kalaportuko umearen abenturak. Oraindik esfortzu handirik gabe irudika nitzakeen Goioren edota Maribelen esanak, argi eta garbi oroit nitzakeen kartzelako poemen irudiak eta gordintasuna; poeta gugandik hain urruti bizi arren, euskaldun askok bezala, barru-barruan neraman pertsona zen.
Argentinan pasako genuen azken gaua iritsi zen eta, dantza taldearen emanaldiaren ondoren –bidaia osoko kaxkarrena izanagatik, txalotuena izan zena–, antolatzaileek prestatutako afarira joan ginen. Kantu eta txistuaren doinu artean, segituan ekin genion haragi bikainaren betekadak tripan utzitako txoko bakanak Quilmes garagardoa edanez betetzeari.
Gure agurra, antza zenez, bertako oporren hasierarekin batera gertatu zen. Abenduko gau sargori hartan, garagardoaren pisua arintzeko terrazara arnasa hartzera ateratzen nintzen bakoitzean, herria borborka sentitzen nuen: batzuk edanean, asko eta asko kantuan, txikienak harrapaketan…, mundu guztia aparteko festa giroan. Desfasa orokorra zen: oraindik ere gogoan dut, adibidez, antolatzaileek harrapatutako zeppelina: kattalin, kattalin, kantatzen genuen bitartean, errusiarren modura dantzatu nahi izanak –besoak tolestuta, gorputza alegiazko aulkian eserita, hankak ero moduan bata bestearen atzetik altxatuz– muskulu bat baina gehiago rectus egoera tamalgarrian utzi zuen. Seriotasunari ezin eutsiz, zenbat aldiz lehertu ote ginen barrez gau hartan…
Burua eta gaua lausotuz joan ahala, Rodrigoren musikak kutsatutako dantza ero batek –hain gertu, hain estu– argentinar lotsati batekin elkartu ninduen. Hamaikagarren tragoa nire taldekideetatik urrun hartzeko proposamena onartu zidan eta tabernatik elkarri gerritik helduta atera ginen, pausu mozkortiz, gure mingainak hitz baldar baina gosetiz gerta zitekeenaren bila, azken dantzako bueltek zeharo zorabiatuta utzi gintuztelarik.
Oharkabean berandutu egin zitzaigun eta taldekideak zeuden taberna irlandarraz gain, beste pare bat soilik zeuden irekita: su hartzen bazuen herriko gazteria bertan kiskalita hilko litzatekeen bolitxea eta berrogeiak pasa zituztenentzako kale bakarti baten amaieran zegoen taberna zabala. Bolitxea bete-beteta zegoen eta beste tabernara joatea erabaki genuen, bertan kantu zaharrak jartzen zituztela jakin nuenetik, argentinar lotsatiari ea tangoa dantzatzen erakutsiko zidan galdetu besterik ez bainion egiten.
Tabernaren sarrerako arkupean egurrezko barra luzexka bat zegoen, zaldiak lotzeko moduko bat. Barnealdea handia zen oso eta egur ilunezko aulki, mahai, barra eta haizagailuak zituen. Sartu ginenean, inor gutxi ohartu zen gure bisitaz; gehiengoa edanean eta kantuan ari zen, eztarria lehertu beharrean. Mahaiez haratago, zuzeneko kontzertuetarako egokitu ohi zuten taula zegoen, momentu hartan bikoteek dantzarako erabiltzen zutena. Dantzalekuan, tamalez, tangoak dantzatzera oso jende gutxi animatzen zen; arrakasta handiagoa zuten salsa eta merenge tankerako doinu biziek.
Argentinar lotsatia komunera joan zeneko batean, tabernara sartu nintzenetik begiz jota nuen beltzaran batengana gerturatu nintzen. Berrogei urte inguru zituen, hiritar janzkera, begiratu sakona eta gerrialde bettea, baina batarekin zein bestearekin erritmo azkarrenak dantzatzeko zuen abildadea miresgarria zen. Modu adeitsuegian –erdi belauniko, eskuan muin emanez–, dantzan bere moduan erakusteko eskatu –erregutu– nion. Nahiko baldar jira eta bueltaka ibili eta gero –ez naiz ikasle ona gaueko hamabiak pasa orduko–, argentinar lotsatiarekin batera elkartu ginen biok. Tragoa atera genion eta hark bere kidearekin –compañero– eser gintezen eskatu zigun, batera edateko.
Egia esan, dantzalekuaren pareko egurrezko mahaian eseri ondorenekoa oso azkar gertatu zen. Gizonak José izenez aurkeztu zuen bere burua –bere pasaportea ikusteagatik kontu-korrontean gordeta daukadan diru guztia emango nukeen– eta muxugorri-muxugorri zegoen. Ilea motx-motx moztuta zuen –bizarrik gabe– eta bere-bereak dituen sudur zorrotz eta irribarre erdi-maltzur, erdi-pikaroz agurtu gintuen.
Denok gaztelaniaz mintzo ginen, baina lauron doinuak ezberdinak ziren: ni espainol lehorrez ari nintzen, nire kidearen eztizko argentinera zuzenetik urrun; neska beltzaranak, bestalde, nire izeba kolonbiarraren moduan hitz egiten zuen, gorpuzkeragatik hegoaldekoagoa zirudien arren; José, azkenik, Ertamerika inguruko gaztelania lodi baina biziz mintzo zen (Nikaraguako egonaldian ikasitako gaztelania ote zen hura?). Hala ere, bere etorriak bazuen oztopo nabarmen bat: “rr” madarikatuak. Balizko fonetikako irakasle ohiaren lehen herrena entzun orduko pentsatu nuen bera izan zitekeela, nire muturren aurrean nuela poeta.
Gerri marduleko beltzaranak, herrian festa handia izango zela aprobetxatuz, bere ahaide batzuk bisitatzera etorri zirela kontatu zigun, eta etzi, berriz ere, bueltatzekoak zirela hirira (hirira esan zuen, Buenos Aires iradokiz, baina baieztatu gabe). Nik ez nekien zer esan, zer pentsa, zer egin. Euskalduna nintzela esan nahi nien eta poetari bere obra gehientsuena irakurria nuela eta izugarria iruditzen zitzaidala eta bera besarkatzeko izugarrizko gogoa neukala eta ez nuela Sorpresa Sorpresa-ko tipo patetiko bat iruditu nahi, baina emozioz negar egingo nukeela beragatik, haragizko mito galdua dela eta milaka euskaldunek bere bizitza eta, batez ere, bere itzulera magikoan behin baina gehiagotan amestu dutela.
Azkenean, bertan egotearen arrazoia kontatu nien, Goizaldiko soinujolea nintzela eta Santa Fe –ko euskal astearen karietara Argentinan zehar bira txiki bat egiten ari ginela. Emakumearen ahoz jakin nuenez, lagun asko zituzten euskal probintzietan, denak bertara lanera joanak, eta hitz ederrak besterik ez omen zituzten bertako paisaia, gastronomia eta, batez ere, jendea deskribatzeko. José-k, isiltasunak ematen duen distantziaren segurtasunetik, buruarekin baietz eginez indartzen zituen uneoro beltzaranaren esanak. Noizbehinka trago luze bat edaten zuen eta bere bizkarrean zegoen dantzalekuari so egiten zion.
Geldiezin, gauak bere bidea jarraitzen zuen eta hurrengo garagardoak beraiek atera zizkiguten. Mahaikideen onarpena lortu ondoren (José-ren muxugorritasuna eta irribarre erdi-maltzur, erdi-pikaroa erabat desagertu zirelarik), nire amaren Konica zahar deigarria atera eta ondoko mahaikoei argazki bat ateratzeko eskatu nien. Hurrengo goizean gau hura bizi izan nuela egiaztatzeko behar nuen frogaren bat, hitzak, keinuak eta imintzioak gogoraraziko zizkidan zerbait.
Flasharen ondoren dantzari ekin genion berriz ere, bikotekideak aldatuz eta mugimendu berriak ikasiz, artikulazioek –nik ez dakit nola baina– ahitu gabe jasan zuten dantza mozkorrean.
Denborak, ordea, harea lez egin zigun ihes eskuetatik. Argentinar lotsatiari eta bioi betirako agurtzeko unea iritsi zitzaigun, bitarte hori poetak eta beltzaranak zerbeza gehiago eskatu eta mahaian lasai edateko aprobetxatu zutelarik. Tabernaren sarreran eseri ginen, zaldiak lotzeko barraren ondoko aulkian, promesa txikien gainean, kale bakartiari begira, xuxurla eta muxuekin ekidinezina luzatu nahian.
Berandu baino lehen, ordea, argentinar lotsatiak etxera bidean laguntzeko eskatu zidan, guraso takikardikoek komisaldegira deitzea erabaki aurretik behintzat. Hala ere, lehendabizi taberna barrura itzuli ginen, mahai gainean ahaztuta utzi genituen kamera eta poltsa jaso eta poetari zorterik onena opatzeko.
Tabernan Chavela Vargas-en estiloko musika zegoen jarrita. Dantzalekuko argi ahulen pean, hiruzpalau bikote, itsatsita, taula gainean mantso irristatuz. Goizeko bostak inguru izango ziren, baina oraindik jende ugari ikusi nuen edari eskean.
Ez naiz ongi akordatzen noiz konturatu nintzen mahai gainean nire amaren Konica zaharra falta zena. Min eman zidan, lapurtu egin zidaten, lapurtu egin zidan. Beltzarana besarkatu nuen orduan, dantzako lezioa noiz jarraituko genuen galdetuz, eta ondoren poeta besarkatu nuen. Nire bidaiako argazkiak bion artean ikusiko genituen egunaren zain geratuko nintzela esan nion, euskaraz.
Hark, muxugorri-muxugorri, bere-berea duen irribarre erdi-maltzur erdi-pikaroarekin erantzun zidan.
5 Comments:
Nos avergonzamos de demasiadas cosas, de nuestro aspecto y creencias pasadas, de nuestra ingenuidad e ignorancia, de la sumisión o el orgullo que una vez mostramos, de la transigencia y la intransigencia, de tantas cosas propuestas o dichas sin convencimiento, de habernos enamorado de quien nos enamoramos y haber sido amigo de quienes lo fuimos, las vidas son a menudo traición y negación continuas de lo que hubo antes, se tergiversa y deforma todo según va pasando el tiempo, y sin embargo seguimos teniendo conciencia, por mucho que nos engañemos, de que guardamos secretos y encerramos misterios, aunque la mayoría sean triviales. Qué cansado moverse siempre en la sombra o aún más difícil, en la penumbra nunca uniforme ni igual a sí misma, con cada persona son unas zonas las iluminadas y otras las tenebrosas, van variando según su conocimiento y los días y los interlocutores y las ambiciones, y nos decimos constantemente: ‘Ya no soy lo que fui, he dado la espalda a mi antiguo yo.’Como si llegáramos a creernos que somos otros de los que creíamos ser porque el azar y el descabezado paso del tiempo van variando nuestra circunstancia externa y nuestros ropajes, según dijo el Solo aquella mañana cuando se puso a expresar sus ideas sin orden. Y añadió: ‘O son los atajos y los retorcidos caminos de nuestro esfuerzo los que nos varían y acabamos creyendo que es el destino, acabamos viendo toda nuestra vida a la luz de lo último o de lo más reciente, como si el pasado hubiera sido sólo preparativos y lo fuéramos comprendiendo a medida que se nos aleja, y lo comprendiéramos del todo al término.’ Pero también es cierto que a medida que pasa el tiempo y nos hacemos viejos es menos lo que se oculta y más lo es sólo por la fatiga y la pérdida de la memoria o la vecindad de ese término, la clandestinidad y el secreto y la sombra exigen una memoria infalible, recordar quién sabe qué y quién no sabe, en qué hay que disimular ante cada uno, quién está enterado de cada revés y cada envenenado paso, de cada error y esfuerzo y escrúpulo y la negra espalda del tiempo. A veces leemos que alguien confiesa un crimen a los cuarenta años de cometerlo, personas que llevaban una vida en secreto que los destruye, y creen los cándidos y los justicieros y los moralistas que a esas personas las ha vencido el arrepentimiento o el deseo de expiación o la torturadora conciencia, cuando lo único que los ha vencido y los mueve es el cansancio y el deseo de ser de una pieza, la incapacidad para seguir mintiendo o callando, para recordar lo que vivieron e hicieron y también lo imaginario, sus trocadas o inventadas vidas además de las que tuvieron efectivamente, para olvidar lo que sí sucedió y sustituirlo por lo ficticio.
(258-259. orrialdeak. Mañana en la batalla piensa en mí)
Bikaina kontakizuna.
Badira orain makinatxoak, bideojoko modukoak, garuna ejerzitatzeko... Oparitukoizut bat, zurea aktibitate handira kondenatua baitago, per sekula sekulorum.
P.D: Agian egunen batean (espero dezagun) itzuliko dizu argazki kamara, eta orduan are ilusio handiagoa egingo dizu.
Ez dakit konturatu zaren sor zenezakeen zalapartaz poeta ikusi duzula egia balitz.
eta gezurra izanda, gehiago.
Baltsean
Urrutiko hirietan
Bada kantoi sekreturik,
Nire laguna han da nonbait
Bere pausuak gorderik.
Han bizi omen da
Baltsean egiten gauez,
Ardoa edaten gauez,
Ikarararik gabe,
Gauez, gauez.
Batzuetan idazten dit
Oso pozik dabilela,
Jendeak han ez daukala
Bihotzean benenorik.
Ainendi ni ibili,
Baltsean egiten gauez,
ardoa edaten gauez,
ikararik gabe,
gauez, gauez.
(Super Ordorika)
Enregistrer un commentaire
<< Home