metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

dimanche, mars 25, 2007

Lagunari

Bere
ahotsa da.
Ahoak nahasten dituen
txiste horiek
zakur zahar baten sabela ere
lehertuko luketenak.

vendredi, mars 23, 2007

EURIA

Ustekabean lurrera eroritako kafe egin berriaren moduan atera zen emakumea tabernatik, kikara indartsu txikituz eta erdi-korrika, masailean zehar malko pozoituak zerizkiola. Maitaleak oihuka jarraitzen zion atzetik. Emakumeak bidea gurutzatu eta pausua urduri azkartu zuen, atzera ezin begiratuz, odolaren bultzada, izerdi hotza, eztarri erdibitua, arnasots oldarkorrak, jende artean estutzen zioan itolarria… dena, korri besterik egin ez zezakeen amesgaiztoen itxura hartzen ari zen bitartean. Oihuak besterik ez zituen entzuten; autoen burrunben gainetik, oihu lazgarriak.

Gizonak, arnasestuka, emakumearen arrastoa galdu zuela uste zuenean, semaforo gorriaren aurrean gelditu zen taxiak itzuli zion bere begirada. Gorputz dardaratia gabardina berdearekin estalia, emakumea atzeko eserlekuan uzkurtuta zetzan. Gizonak kikara hautsiaren hotsa entzun zuen berriz mila zatitan txikitutako emakumearen begiradan.

mercredi, mars 21, 2007

Oso goiz izan zen beranduegi nire bizian. Hemezortzi urterekin beranduegi zen jada. Hemezortzi urtetik hogeita bosterako tarte horretan, ezusteko joera bat hartu zuen nire aurpegiak. Hemezortzi urterekin zahartu nintzen. Ez dakit denei berdin gertatzen zaien, sekula ez dut galdetu. Entzunda nagoela iruditzen zait nola, batzuetan, bizitzako urterik gazteenak, urte loriosenak pasatzen direnean, denborak halako bulkada bat ematen digun. Kolpetik gertatutako zaharkitzea izan zen. Ikusi nuen nola jabetzen zen banan-banan nire hazpegiez, nola aldatzen zuen beren arteko erlazioa, nola handitzen zizkidan begiak, nola bilakatzen zuen tristeago nire begirada, behin betikoago nire ahoa, nola markatzen zidan bekokia arrail sakonagoez.

Marguerite Duras

dimanche, mars 11, 2007

Pianista

vendredi, mars 09, 2007

Noiz joan behar duzu ondoko putzura?


Haizeak ekartzen ditu hitzak. Haizeak eramaten. Inoiz ahaztuko ez dituzun hitz horiek, lehendabiziko maitaleak esan zizkizun horiek, haizea baino ez dira. Hutsa baino ez. Ez dira ezer. Ez dira esku batean sartzen. Ez dute poltsikora urrerik ekartzen. Ez dizute masailik laztantzen. Baina ez dituzu inoiz ahaztuko.
Baina, kaleak, egunero, uneoro ahazten du. Maitalearekin kalean elkartu zinenekoaz oroitu, adibidez. Gogoan duzu nolako hitzak esan zizkizun, "espaloia estuagoa izatea nahiko nuke". Bost hitz. Bost haize bufada. Barruraino sartu zitzaizkizun, ez dakizu ziur zergatik, ez dakizu ziur zertarako, baina ondoko zuhaitzari begiratu eta iruditu zitzaizun haizeak bota egin behar zuela. Eta han egon zineten, begira, geldi. Eta, bitartean, bost hitz entzuten zenituen zure barruan, halako hotzikara batek hartzen zizun gorputz osoa. "Espaloia estuagoa izatea nahiko nuke".
Eta joan zineten. Eta hitzak zuekin batera joan ziren. Orain espaloia ez da ilunagoa. Bezperan zeukan kolore grisa dauka, arrakalaz beteriko lurra. Hostoak hara eta hona ibiltzen dira dantzan, badatoz eta badoaz, zuek joan zineten moduan. Eta, halako batean, ondoko putzuetara iritsi eta betiko bereizten dira; bata putzu batean eta bestea bestean.
Zu ere begira zaude oraindik, geldik. Halako hotzikara bat sentitzen duzu barruan. Begien inguruan arrakalak dauzkazu marraztuta, kopeta iluna daukazu.
Ez, hitzak ez dira eskuan sartzen, ez dute poltsikora urrerik ekartzen. Baina begiak higatu zaizkizu.
Noiz atera behar duzu putzutik?