Noiz joan behar duzu ondoko putzura?
Haizeak ekartzen ditu hitzak. Haizeak eramaten. Inoiz ahaztuko ez dituzun hitz horiek, lehendabiziko maitaleak esan zizkizun horiek, haizea baino ez dira. Hutsa baino ez. Ez dira ezer. Ez dira esku batean sartzen. Ez dute poltsikora urrerik ekartzen. Ez dizute masailik laztantzen. Baina ez dituzu inoiz ahaztuko.
Baina, kaleak, egunero, uneoro ahazten du. Maitalearekin kalean elkartu zinenekoaz oroitu, adibidez. Gogoan duzu nolako hitzak esan zizkizun, "espaloia estuagoa izatea nahiko nuke". Bost hitz. Bost haize bufada. Barruraino sartu zitzaizkizun, ez dakizu ziur zergatik, ez dakizu ziur zertarako, baina ondoko zuhaitzari begiratu eta iruditu zitzaizun haizeak bota egin behar zuela. Eta han egon zineten, begira, geldi. Eta, bitartean, bost hitz entzuten zenituen zure barruan, halako hotzikara batek hartzen zizun gorputz osoa. "Espaloia estuagoa izatea nahiko nuke".
Eta joan zineten. Eta hitzak zuekin batera joan ziren. Orain espaloia ez da ilunagoa. Bezperan zeukan kolore grisa dauka, arrakalaz beteriko lurra. Hostoak hara eta hona ibiltzen dira dantzan, badatoz eta badoaz, zuek joan zineten moduan. Eta, halako batean, ondoko putzuetara iritsi eta betiko bereizten dira; bata putzu batean eta bestea bestean.
Zu ere begira zaude oraindik, geldik. Halako hotzikara bat sentitzen duzu barruan. Begien inguruan arrakalak dauzkazu marraztuta, kopeta iluna daukazu.
Ez, hitzak ez dira eskuan sartzen, ez dute poltsikora urrerik ekartzen. Baina begiak higatu zaizkizu.
Noiz atera behar duzu putzutik?
4 Comments:
usaia ez da ahazten
http://www.youtube.com/watch?v=Mxtm8TCyb34
Putzuaren sakonera zenbatekoa ote?
Thanks for sharinng this
Enregistrer un commentaire
<< Home