metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

vendredi, mars 23, 2007

EURIA

Ustekabean lurrera eroritako kafe egin berriaren moduan atera zen emakumea tabernatik, kikara indartsu txikituz eta erdi-korrika, masailean zehar malko pozoituak zerizkiola. Maitaleak oihuka jarraitzen zion atzetik. Emakumeak bidea gurutzatu eta pausua urduri azkartu zuen, atzera ezin begiratuz, odolaren bultzada, izerdi hotza, eztarri erdibitua, arnasots oldarkorrak, jende artean estutzen zioan itolarria… dena, korri besterik egin ez zezakeen amesgaiztoen itxura hartzen ari zen bitartean. Oihuak besterik ez zituen entzuten; autoen burrunben gainetik, oihu lazgarriak.

Gizonak, arnasestuka, emakumearen arrastoa galdu zuela uste zuenean, semaforo gorriaren aurrean gelditu zen taxiak itzuli zion bere begirada. Gorputz dardaratia gabardina berdearekin estalia, emakumea atzeko eserlekuan uzkurtuta zetzan. Gizonak kikara hautsiaren hotsa entzun zuen berriz mila zatitan txikitutako emakumearen begiradan.

1 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Gizonak eskua luzatu zuen, taxiko atea irekitzera bailijoan, bestea taxiko leiho bustian pausatu ondoren. Emakumeak barruan uzkurtuta jarraitzen zuen, burua makur. Ezin zuen berriro kanpora begiratu, bestela galdua zegoela baitzekien.

Segundu gutxi zituzten semaforoa berde jarri aurretik.

11:10 AM  

Enregistrer un commentaire

<< Home