metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

lundi, mai 26, 2008

begiz jo

Espia zaitzaten arrazoi nahikoak badituzu beste era batera ikusten duzu mundua.
Zure gorputza eta begi zelatarien artean espazio bat sortzen da eta bi begi horiei gorputza jartzea besterik ez duzu nahi izaten. Uneoro ingurura eta zure gorputzera begiratzen duzu, frankotiratzailearen puntu gorriaren bila ariko bazina bezala. Pausoa lehen baino azkarragoa da, eta kalean egon bitartean ez dago deskantsurik. Jendearen begiradak inoiz baino pisutsuagoak dira, eta espazioaren barruan dauden guztiak dira susmagarri.
Espia zaitzaten arrazoi nahikoak badituzu, amigo, akabatuta zaude.

jeudi, mai 22, 2008

MAMUAK

Gehienok mamuekin bizi gara. Ohitu egiten gara, beraiek ere gure barrunbeetara ohitzen diren bezala, eta dena ongi dabilela dirudi.
Arnasa hartzen dudan bakoitzean oroitarazten didate nire hauspoari esker ari direla hegan; hauspoa itzaltzean ez direla gehiago biziko, eta bizi bitarteko instante bakoitza bere egiten dutela, nire burua bisitatzeko, edo memoriaren zati ilunen bat desestaltzeko.
Mamuak dira, hori da beraien egitekoa, gustuko dute. Normala da.

Ni nire barruan bizi naiz; beste batzuen barruetan ere bai.
Zurean ere bai, adibidez.
Zure ametsetan agertzen naiz batzuetan, nahiz eta esnatzean zuk ez oroitu.
Ametsa ez baina agian esna zaudela nire hitzen bat gogoratuko duzu, edota kalean urrutitik agurtu zintudan hura.
Momenturik arraroenean itzuliko naiz zugana, ez nauzu inolaz ere esperoko.

Mamuak nireak dira, eta ni beraiena.

Nik ere besteen hauspoak senti ditzaket, eta badakit horri esker egin dezakedala hegan.

Mamuak gara, hori da gure izaera. Ustekabean topatzen nauzun/zaitudan hurrengora arte.

mercredi, mai 21, 2008

SHAMPOOING ET APRÈS-SHAMPOOING

Ideia batzuk hoteletako xaboiaren modukoak dira. Dutxan bakarrik topa ditzakezu, oso labainkorrak dira, eta zaborrontzian ez badute amaitzen lapurtu egin dituzun sentsazioa uzten dizute.
Behelaino fin eta eguzki izpi ahuleko goizetan luzaroago eutsi ohi diot kafearen zaporeari.

samedi, mai 17, 2008

Olas y naufragios,
mar de aburrimiento y miedo,
islas de placer
bajo tu cuerpo a golpes de cintura



dimanche, mai 11, 2008

PARIS HIRU LIBURUTAN

Azken aldi honetan, 68ko maiatzaren 40. urteurrena dela-eta, Paris dezentetan atera da komunikabideetan. Egunkari batzuk ibilbide turistikoen barruan sartu dute jada, eta ez da zaila imajinatzea galtza motxetan eta argazki kamera lepotik zintzilik dituzten koadrilak, gidaren esanei so, “hantxe jarri ohi zuten barrikada” Saint-Michel boulevard-etik Vaugirard kalea seinalatuz, edota “pareta honetan agertu zen pintada famatu hura” esanez, turistaren batek pareta zuriari argazkiren bat ateratzen dion bitartean.


Festa aldameneko gelan amaitzen ari nintzela egokitu zait berri hauek entzutea. Nire ama izan zitekeen Mariasun Landak nire edadea zuenean Parisen igaro zuen lehen urteko gorabeherak kontatzen dira bertan, zintzotasun eta gardentasun harrigarriz. Sexualitatea, amodioa, garaiko kezka politikoak eta intelektualak, giroa (68ko maiatzaren oihartzunak, Ibañez-en kontzertua eta ondorengo manifa espontaneoa, Euskal Herriko egoera…), ametsak eta au pair lanetan edukitako esperientziak, denak Donostiako giro zurrun hartan hezitako 19 urteko neskatxa ameslari baten ikuspegitik.


Mariasun Landa bizitzara Parisen salto egin zuen bakarra ez da, noski. Ezagunagoak dira, adibidez, Ernest Hemingway edota Enrique Vila-Matas. Biek ala biek idazle bizitzako lehen pausuak hiriko chambre minimalistetan eman zituzten. Lehenengoa 1921-1925 bitartean bizi izan zen bertan -oso pobre eta oso zoriontsu- eta esperientzia París era una fiesta bere azken liburuan bildu zuen. Honen ibilbidea imitatu nahian igaro zituen bigarrenak Parisen 1974-1976 bitarteko urteak, nahiz eta hain zoriontsu izatea ez zuen lortu. Ironiaz, autobiografiaz, fikzioz, gustuko autorez, surrealismo pixka batez, Hemingway –ek utzitako arrastoz eta istorio txiki ugariz osatu zuen beranduago París no se acaba nunca liburua (hitzaldia) Vila-Matasek. Bi urte horiek bere opera prima idazteari eman zizkion (La asesina ilustrada) Bartzelonako idazleak. Buruan hilabete luzez landu nuen ideia hain orijinala ez zela ohartarazi/gogorarazi zidan, kabroi halakoak.



Erresumin txikiak alde batera utzita, ederrak eta eredugarriak dira hiru liburuak. Idazle gazteentzako hiru Paris ezberdin, hiru dosi gogor.

samedi, mai 10, 2008


GOGORATZEN..?



jeudi, mai 01, 2008

INTERNAZIONALA

Ukabila altxatu eta kantatzen dutenean aurpegian nabarmentzen zaie. Lotsatu egiten dira, eta kantua minutu batzuetako sufrikarioa bihurtzen da. Baina hori da, ez besterik, pasatu beharreko formalismo bat. Bueltakoan, etxeko atea ixterakoan, dena berriro bere lekuan dago.

Beste batzuk ezpainen dardarak salatzen ditu. Kantua ez dakite osorik, eta memoriaren edota ezjakintasunaren hutsuneak ezpainen mugimendu hutsez betetzen saiatzen dira.

Askok, hiritik alde egiteko auto-ilara amaiezin batean, umeen garrasi artean entzun dute; baina ez osorik, zatika baizik, irratiko albistegian. Bikoteari begiratzen diote orduan, eta beraien gazte denbora oroitzen.

Oraingo gazteen artean, berriz, gehiengoak ez du ezagutzen eta ezagutzen dutenen gehiengoari ez zaio interesatzen.

PAPER BOLEI BURUZ

Batzuetan buruan idatzitako guztia zapaldu, bola bihurtu eta leihotik behera botatzeko gogoa izan ohi dut.

Paper bolek ez dute minik hartzen lurraren kontra jotzerakoan. Berriz destolesta ditzakezu, berriz irakurri. Ohartzen bazara, ez da ezertan aldatu. Testua, letraz letra, berbera da.

Kasualitateak urriak dira, baina oraindik gogoan dut leihotik behera botatako horietako paper bola bat norbaitek irakurri zueneko hura.