GURE GURASOEK JASO ZUTEN MUNDUA
Azpimarratutako zatiak berrirakurri eta artxibatze aldera, hona hemen perla batzuk:
Mae West-en pasartea, irudi eta egoera ezberdinen kontrastea (paper gaineko larrujotze basatia –Juliaren bata–, jo ondorenean Julia lurreko paperak jasotzen –Iñakiri umiliagarria iruditzen zaion jarreran–, Losada kaboaren hilotzaren argazkia).
“(…)Behin gizon bat Mae West ikustera joan omen zen…”. Nabari du kostata ari dela, eta jarraitzen duenean badirudi zapore txarreko botika bat hartzerakoan bezala egiten duela aurrera, hiru arte kontatu eta dena batera, kolpetik. “Ba gizon horri egundoko kozkorra nabari zitzaion bere parteetan, eta Mae Westek zera esan zion, ongi mutikote, ongi, bistan da alaitzen zarela ni ikustean. Oso fina, ezta?”. Barre egiten du. “Oso jarrera irekia iruditzen zait”. Juliak masailak gorri ditu Iñaki Abaituari eskuak luzatu eta bere ondoan esertzera behartzen duenean. “Ze, alaitzen al zara ni ikustean?”. Biek egiten dute barre. “Esan, pozten al zaitu?”, errepikatzen du, eta zangoak zabalduz zaldika jartzen zaio gainean, haur bat bailitzan. “Esan”. Itxurazko ausardiak ez dio herabetasuna ezkutatzen, nabarmena baita ahotsaren doinu zorrotzegiaren traizioa. Asko pentsatu ondoren ur hotzetara salto egiten duenaren erabakimen anbiguoarekin ari da, eta mugimenduak ausartegiak gertatzen zaizkio. Zakarrak agian. Ahoan laztantzen duenean. Gerrikoa askatu eta, aurpegira zuzenki begiratuz brageta ireki ondoren, zakila bereganatzen duenean.
Bortizki egiten dute larrutan, paper hots trabagarriaren artean, batak besteagandik desitsatsi nahi bailuen, laburki. Aiene murritzak suspiro luze batean ahitzen dira.
Julia irristatu egiten da, lurrean etzanda geratu arte. Gabardina jantzita darama oraindik, gerrian lotua; izter artean biltzen du.
- Urrutiegi joan naiz.
Iñaki Abaituak ez dio erantzuten. Ilea ateratzen du bi eskuez. Gero, galtzak lotzeari ekiten dio, hatzak baldarki mugituz, hozmindurik bailituen, frantsesez zentzugabekeria hura, “le rest peu importe”, esatean. Baina, lehenbizi, Juliak lurrean sakabanaturik dauden paperak jasotzeari ekiten dio, berari umiliagarria iruditzen zaion jarreran, lau hankan ari baita, eta, jasotzen duen orri bakoitzeko, edukiari buruz erakusten duen harridura ere handiegia iruditzen zaio.
Losada kaboaren gorputz etzana dakusa besaulkitik berriro ere. Argazkia forensearen txostenari dagokio. Besteetan bezala, ileak bustia dirudi, edo dir-dir egiten du behintzat. Gizon lodia da, koipetsua. Kokots azpitik behera dago ebakita, eta zakuei egiten zaiena gogorarazten duen puntada zabalez josia. Buruz daki Julia, belauniko, arreta nabariz irakurtzen ari den folioaren edukia.
Iñakiren Salguè-ko egonaldia, bere maitale Susana eta honen gizon eta seme-alabekin batera.
Garai hartan xehetasun txikienen zehaztasuna zuen ikasgai. Hamaika Pauso-n gauza txiki-xeheak atxikitzeko ahalmena. Petite damek xehetasunak erabateko fideltasunez eta aberastasunez gordetzeko erakusten duen gaitasuna, askotan ustez funtsezkoena ahaztu arren, -adibidez: “ez dakit zertarako elkartu ginen Du Bois-enean, baina Gidek antzararen saltsa goraipatu zuen”-.
Salguèko egonaldia laburra izan zen, astebete eskas, eta ez zen kontatzerik merezi lukeen deus gertatu, ezpada bi egunen buruan Susanaren sinpletasuna gero eta nardagarriago gertatzen zitzaiola. Hain zuzen, haren sexu eskaintzaz nekatzen hasia zen ordurako. Hark, berriz, egoera hori probokatzen plazer bailuen –bazirudien gogoko zuela Iñaki Abaitua inguratuta eta urduri, ihes egin nahian ikustea–, areagotu egiten zituen erasoak.
Lana –bi dozena fitxa zuzentzea eta Teseu-ren orri erdi itzultzea, bere buruari ezarritako gutxienezkoa– goizean goiz egiten zuen, senar-emazteak ohetik altxatu aurretik. Gainerakoan, leihopeko sofan egoten zen, handik, etzanda ere, pare bat burukoren laguntzaz, itsaso esmeralda kolorekoa ikus baitzezakeen.
Hasieran besterik uste izan arren, berehala konturatu zen senarrari bera han izatea ez zitzaiola inondik ere trabagarri gertatzen; alderantziz, ondo zetorkiola, Susana bi umeekin bakarrik utzi gabe, egun osoa vaurienarekin itsasoan pasatzeko.
Batzuetan, hark kidekoak bailiran tratatzen zituen Susana, umeak eta bera, denak haur balira bezala, alegia. “Ongi portatu” esaten zien, belen zakua bizkarrean, marinel itxuraz. Edo, itzulitakoan, ariketa fisikoaren ondorioz lasai eta pozik, hortz zuri perfektuak aurpegi belztuan erakutsiz, “zer, dibertitu al zarete?”, galdetzen zien.
Urte batzuk geroago, Donostian, Londres hoteleko hallean, “nahikoa dibertitu zarete” esango zion, orduan ere ustez umetzat hartuz. Askotan uste izan zuen berari ere, haurrei bezala, masailean atximurka eginez, “ongi portatu, katutxo” esango ziola. Berez, banketxeen eta belaontzien inguruan mugitzen ez zen oro mespretxagarri zitzaionez, ezin zuen beragatik jelosiarik sentitu. Hitz batean, ez zuen arerio gisa ikusteko adina errespetatzen.
Iñaki Abaituak argi zeukan hori, eta argi edukitzeak erabat arintzen zion bestela izatera eramangaitza gertatuko zitzaiokeen erru sentimendua.
Egunero, gosaldu ondoren, Diego bela egitera irteten zen, eta umeak hondartzara jaisten ziren beren balde eta palekin. Egunero, halaber, haiek irten bezain laster, Susanak eta berak larrutan egiten zuten leihopeko sofa gainean. Otzanki onartu ohi zuen sexu saioa, haren sua baretzea gero eta zailago bazitzaion ere. Azkenerako higuingarri gertatu zitzaion haren aho txikia, muxin egiteko ateratzen zuen mutturtxoa, -“ez nauzu maite, ez nauzu batere maite, gaizto horrek”–. Higuingarri gertatu zitzaion aho hura, zabal-zabal egin eta, goseti, amaierarik gabeko mihia berearen bila luzatzen zuenean, berak estoikoki estuturik zeuzkan hortzen kontra.
Lehenbiziko egunean Susanak xake taula atera eta “guk jokaldi bat egingo dugu” esan zuen, Diegok, itsasorako jantzita, ea norbaitek berarekin vaurienean ontziratu nahi zuen galdetu zienean. Iñaki Abaituak baietz erantzungo ziokeen, eskaintzak sinesmen handirik gabe egina bazirudien ere, baina Susana bizkor aurreratu zitzaion, jokaldi bat egin behar zutela esanez.
- Xakea, zailegia niretzat –esan zuen senarrak, etsipen planta eginez.
Iñaki Abaituak, Flauberten topikoen hiztegia gogoan, “xakea, gutxiegi zientzia izateko eta gehiegi jolas gisa” erantzun zionean, poztu egin zen jolasa mespretxatzeko argudio hura ezagutzeaz.
- Eso está muy bien, hori da arrazoia –esan zuen alai, bere zakua bizkarrean hartu eta atean desagertu baino lehen. Hura irten bezain pronto, Susanak atea barrendik itxi eta sofa gainera bultzatu zuen.
Iñaki Abaituak ezin eragotzi zion bere buruari leihotik zehar begiratzea, eta sexuarenak bete bitartean, haurrak ikusten zituen hondarretan tontortxoak egiten, eta Diego meta forma zuen harkaitz baten atzean agertzen eta desagertzen. Eskuineko angelutik bistaz galtzen zuenean, urduritu egiten zen lehorreratua ote zen pentsatuz. Susanak, lasaitzeko, hura itsasoan munduaz ahazten zela eta gutxienez pare bat ordurako bazuela esaten zion.
Baina ez zuen hainbeste denbora egin. Artean biluzik zeuden umeen parean ikusi zuenean, lehorrean jada, haserre antzean, buru-makur, pausoa arin, noizean behin lurra ostikatuz, etxerantz, baina hala ere Susanak ez zion janzten utzi nahi, eta indarrez kendu behar izan zuen bere gainetik galtzen bila altxatzeko. Atarian sumatzerako, denbora justua izan zuen kisketa kentzeko, eta sartu zenean taularen ondoan zegoen; taula ateratakoan bezalaxe; eta Susana sofa gainean, alkandoraz jantzia.
Ez zirudien ezertaz konturatu zenik. Itxuraz, han zirenik ere ez zen ohartu, edo zehatzago esan, ikusleria zabalago baten aurrean zegoela zirudien: batera eta bestera jiraka, eskuak luzatuta foke baten etendura erakusteko, bela espainiarrak madarikatzen. Frantsesak mila aldiz hobeak omen ziren. Fokea eta gainerako tresneria lurrera erortzen utzitakoan egin zuen ikusten zituelako lehenbiziko seinalea. “Zer, dibertitzen al zarete?” esan zien orduan, irria ezpainetan dantzari, eta so geratu zitzaien. Gizon ederra zen, iharra baina gihartsua; normalean gominaz atzeraka orraztua eraman ohi bazuen ere, ile bekoki gainean eroriak gazteago egiten zuen. After shave baten iragarkia gogorarazi ohi zion Iñaki Abaituari. “Berehala naiz zuekin” esan zuen, eta barnealdera itzuliz, ea zer zegoen bazkaritarako galdetuz.
- Zer nahi zenuke, maite –Susanak, sofa gainean belaunikatuz, Iñaki Abaitua iheslariaren belarri gingilak miazkatzeko ahaleginean.
Edozer gauza, erantzun zion dutxako ur hotsaren gainetik, eta ondoren:
- Ez nekien xakean egitea gustatzen zitzaizunik
- Eta ez zait gustatzen –eskuak aurpegira eraman zituen, umeek ikasgelan bezala, desorduko barre-algara ito ahal izateko-. Iñakiri plazer emateagatik egin dut.
- Entsalada bat ongi legoke.
Ia beti, entsalada besterik ez zuten jaten, espezia belar eta oliba askorekin. Bazkalondoan, kanpora bidaltzen zituzten haurrak beren balde eta palekin, eta Susana eta Diego gelan sartzen ziren. Iñaki Abaitua sofa gainean etzanda geratzen zen, libururen bat eskuartean.
Bazekien ezingo zuela irakurri, berehala hasiko zirela ohiko kexuak, irain obszenoak, isilune kezkagarriak, arnasitoak. Liburua eskutik utzi gabe, paralizaturik entzuten zituen, miretsirik, hunkiturik ere bai, izuturik agian, eta azkenean, borroka adierazpenak urritu ahala gozamen askatzaile bihurtzen zirenean, lasaitu egiten zen bera ere.
Antsietatearekin zerikusia zuen sentimendu larriaz itxaron ohi zuen arratsaldeko ordu hura, inondik ere atsegina ez zitzaion arren. Ziur asko, sentimendu anbiguo edo bikoitz batek lotzen zuen sofa gainean, eta ez zen inoiz ere gauza izan entzukizun hari ihes egiteko. Ziur asko, beste sentimendu ilunagoen artean, ez zuelako nahi beren ohe saioekin urduritu edo eskandalizatu egiten zutenik pentsa zezaten. Bai baitzekiten, horretan ez zuen zalantzarik, atearen bestaldean partaide zela.
Susana albornoz bat jantzita irteten zen gelatik, erabat alai. Maitekor hitz egiten bazion ere, bazen aldaketarik siestaren ondorengo orduetan. Helduago zirudien, eta orduan berak ere haurra bailitzan tratatzen zuen Iñaki Abaitua, senar-emazteen arteko lotura indartzearekin, berena banalizatu edo agian inozente bihurtu nahian. “Nahi al zenuke kafetxo bat, maite?” esango zion, Diegok gelatik entzuteko moduan; hain zuzen ere, tratu maitekorra susmagarria gerta ez zedin; eta etxekoandre arduratu baten gisan, apaletako apaingarriak ordenatzeari edo loreei ura botatzeari ekiten zion.
Diegok ohetik hitz egiten zuen, Iñaki Abaitua han ez bailegoen. Batzuetan izan berri zuten sexu saioari buruzko komentarioak egiten zituzten, intimitate bereziaren erakusgarri. Orduan, Iñaki Abaitua, haserre itxura eginez, egoera eramanezina gertatuko balitzaio bezala, hondartzara irteten zen haurrekin jolastera. Behin, ordea, liburua lurrera erortzen utziz, “ni banoa” esan zuen, eta hura ohiko muxin izuna ez zela erakusteko, “banoa etxera” zehaztu zuen, baina Susanak, naturaltasun handienarekin, hain zuzen hitz horien esperoan bailegoen “gu ere bagoaz, iritsi da alde egiteko ordua” erantzun zion. Eta alde egin zuten.
(164, 165, 166, 167, 168)
J.J. Lasa psikiatrarekin edukitako elkarrizketa antologikoak.
- Bakardadea.
J.J. Lasak bekokira eraman ditu antiojoak, inguratzen duenaz desinteresatuta bezala. Gero, esku bat altxatu du dudakor, mahai gainean dituen pipen artean zein aukeratu jakin gabe. Azkenean, gehienetan bezala, Savinelli beltzera doakio eskua, eta altzoan gordetzen du “bakardadea” esaterakoan.
- Egiten ditugun gauzen erdiak, bakarrik ez egotearren egiten ditugu.
Ukalondoa besaulkiaren besoan finkatuz, airean eusten dio pipari, kazoleta ukabil barnean gordeta, hartara piztea une luze batez berandutzen duelarik, eta altzoan ezkutatzen du berriro ere. Batzuetan azken hitzek airean irauten dute zintzilik, eta haien hausnarketan geratzen dira bietako batek berriro hitz egin arte.
Iñaki Abaituari hoteletako bakardadea ezin eramana datorkio gogora. Susanari deitu gabe bi egun baino gehiago pasatu ezina. Azken batean sexu desira itxuraz adoretsuena ere ez ote zen konpainiaren behar sinplea besterik. Azal bat norberarenaren ondoan behar izate hutsa.
- Eta halaz guztiz ere arrazoi zuen infernua besteak direla esan zuen hark.
J.J. Lasa piparen kazoleta gainera makurtzen da, eta mahai gainean uzten du atzera. Gero Capstan kaxa metalezko bat zabalduz, arreta handiz, larruzko petaka beltz batera pasatzen du tabakoa. Usain gozoa dario, whisky zaharraren urrin sikua ere gogorarazten duena.
Ziur asko J.J. Lasari ere ideia-lotura bera datorkio gogora, mahai atzetik altxatuz “zer, whiskytxo bat edango bagenu?” baitio, eta gero, edalontziak betetzen ari denean, umoretsu, “basodilatadorea baita”. Galdua zirudien haria berreskuratuz, “bizitzan zehar, tontokerien erdiak bakardadearen ihesi egiten ditugu” dio. “Askotan nahiago izaten dugu zigor fisikoa, edo psikikoa, bakardadea baino”.
Berriro ere pipa hartu eta, oraingoan, pospolo bakar bat erabiliz piztuko du. Sabairantz igo gabe mahai gainari erantsia geratzen den ke gris-urdin leunak inguratzen ditu. “Azken batean, ama ohe ondoan nahi luketen ume gaixoak besterik ez gara”.
Sinesgaitzak ziren historiak kontatu ohi zizkion. “Nobelak!” esaten zuen eta, mespretxu seinalez besagainak altxatuz, “psikopatologi liburu on bat dagoen lekuan…” erantsiko zuen gero. “Atzo bertan gizon bat etorri zitzaidan kontsultara” hasten zenean, bazekien historia sinesgaitz bat izango zuela entzungai, eta, besaulkian irristatuz, patxadarik hoberena bilatzen zuen.
Orduko hartan taldeko neska-mutilen mirespena nahi zuen gaztearena kontatu zion.
Mirespena edo maitasuna; gauza biak bat, azken batean. Gazteak pentsatu zuen bietatik gehiago izango zuela torturaren biktima ikusten bazuten. Eta kabina batetik 091ra deitzea erabaki zuen, zegoen kalean susmo txarreko gazte bat zebilela esateko. Eta argibidetzat bere janzkera, luzera eta gainerako ezaugarriak eman zituenez, poliziak atxilotu egin omen zuen handik ordu edo egun batzuetara. Libre utzi zutenean bere burua zigarro puntaz erre zuen, ikaragarrizko krudelkeriaz, sabelean, besoetan, izterretan tortura jasan zuela erakutsi ahal izateko.
- Adiskideek mirets zezaten. Maite zezaten, azken batean.
(261, 262)
Juliaren Hondarribiako etxean, lagunekin igarotako gauak, edukitako elkarrizketak. Kasu honetan: pentsatu - hitz egin kontraesana, sexu enkontru frustratua eta atxiloketa.
Itzuli da Julia. Hatz txikienaren eta nagiaren artean eusten dion zigarroa erretzen, kea goseti irentsiz. Oinetan esertzen zaio Iñaki Abaituari, artilezko alfonbra zuriaren gainean, eta zigarroa uzten ez duten hatz gihartsuak haren hatzei lotzen zaizkie, gora egiten dute, xalto ttikika, eserlekuaren albo batean abandonaturik daukan besoan zehar, lepoaren bila. Zehatzak dira hatz gihartsuen mugimenduak. Eta Iñaki Abaitua haragiaren tristeziaz mintzo den kanta baten leloaz oroitzen da.
- Maitasuna egin nahi nuke –esaten du, zergatik jakin gabe, edan izanak ematen dion ausardiaz profitatzeko, besterik gabe. Nolanahi ere, egin nahi lukeen edo egin dezakeen azken gauza da maitasuna, ahituta sentitzen baita, une batetik bestera ingurune guztia zorabio batean bueltaka hasiko ote zaion beldur. “Besarkatu egin nahi zintuzket” esan behar ziokeen, norbaiten besoetan gordetzeko gogoa baitu.
Baina “maitasuna egin nahi nuke” esan du, eta Juliak “nik ere nahi dut” erantzuten dio, belauniko jarriz, gerritik besarkatzen duelarik, altxa dadin. Gero, pausoa baldar, ibilera zalantzakor, sala gurutzatzen dute, Arantxa eta Ionen aurretik pasatzean –Ion etzana, ustez iluntasunean gordea, eta Arantxa zurrun, haren buruari magalean eutsiz, gorpu baten beilan bailegoen- haien begirada nabarmenaren desorotasuna sentituz.
(…)
Bainugelan daude bata bestearen aurrean, lurrean zabaldu duen toaila baten gainean belauniko. Julia gerrikoa askatzen ari zaio aldi berean atzerantz etzanez beregana ekartzen duelarik.
Lurrean etzanda, Iñaki Abaituak izerditan blai sentitzen du gorputza. “Artista behar da izan, hatz muturretaraino”, melodia ezbaikor bati loturik datozkion hitzak “pour sculpter des joies quand la chair est triste.Haragi goibelean”. Eta negar egiteko gogoa sentitzen du; arrazoi zehatzik gabe, begiak itxi eta malkoak loratzen sentitu, epelak, nasaiak, ihintz intimo bat bezala masailetan behera, lortu ezin duen erekzioa eragiteko asmoz galtza askatzeko egiten duelarik.
Belauniko, galtzei bi eskuez gerritik helduz, malkoak astiro, masaileetan zehar irristatzen zaizkiola. “Zatoz” esaten dio Juliak, haur bati bezala, leunki erakarriz. Berak utzi egiten dio emakumeari, haren gorputzari atxikitzen zaio, eskuak bularretan, azal bigunaren azpian glandularen gogortasuna sentitzeko higuinez; desesperazioz egiten du bultza amatasunaren eraginez malgua eta hautsia intuitzen duen sabela, indarkeriaz, erekzio ezinezkoaren bila. Luze dirau eginahal alferrikakoan, Juliaren etsipena deserosotasun bihurtzen den arte. Haren tentsioa, gihar bakoitza atezuan, nabarmenegia bilakatzen zaio gorputz azpian, eta, orduan, bentzuturi, besoak luzatzen ditu animalia baten erpea imitatzen duen baineraren hankari helduz, toaila bustiaren gainean ahozpez, naufrago baten gisan, etzateko. Alboan, Juliaren arnasa etena.
“Sentitzen dut” esaten dio sabai ondoko leihorantz burua altxatuz, elizondoko zuhaiztia –platano zuri-berde hostotsuak- gurutzatzen duen haizea bilatu nahirik, eta distira urdinak zipriztindu duen argi zuri biziak begiak itxiarazten badizkio ere, badaki, oraingoan baldosa hexagonalen gainean etzanda geratu denean, polizia baten bota beltzak direla leiho atzean ikusi dituenak.
Ez zituen Albertoren mokasin urdinak ikusi poliziaren bota beltzen alde banatara. Alberto hormaren kontra baitzegoen, zutik, buru-makur –beharbada baineraren zati bat ikusten zuela, zuria, bainugelaren iluntasunean- zangoak zabal, ahalik eta zabalen, poliziak agintzen zion bezala.
Ez zituen ikusi platanoen atzean ezkutatzen ziren goardia zibilak ere, baina ez zekien zergatik, isiltasun handiagatik-edo, etxea inguraturik zegoelako ziurtasuna izan zuen. Juliari nola esan pentsatu zuen istant batez, baina azkenean, “polizia” baino ez zuen esan, atea hormaren kontra kolpean bota zezaten baino lipar bat lehenago, eta, bere murmurraren oihartzun neurriz gaineko bat bezala, “¡policía!” egin zuten oihu.
(201,202,203,204)
Deia
Auskalo zergatik, goiztiri hartan kabina batetik deitzeko erabakia hartu zuen. Baldintza txarrenetan, beraz. Beharbada, kabina batetik goizeko ordu bi eta erdietan deitzeak berak adieraz zezakeelako, berez, hitzek baino hobeto mezuaren premia.
Kontxako kabina batetik egin zuen deia. Londres hoteleko izkinatik. Hauteskunde gaua zen, eta euria ari zuen. Zubieta eta San Martin kaleen inguruko alderdien egoitzetan, boto kontaketaren esperoa edanean bete zuen jendea zebilen artean, garaipen ez beti bistakoaren ospakizunetan. Hala ere, Kontxako pasealekua hutsik ageri zen, eta hutsago zirudien lehenbiziko etxe ilararen atzetik zetorren algararen oihartzunpean.
(…)
Goizeko ordu biak eta hirurak bitartean, beraz, aparatua hartu eta txanponak sartu zituenean, artean ez zekien zer esan. Bere ondoan nahi zuen Juliaren azalaren epeltasuna. Zenbakia markatzen ari zelarik, ez zekien zer esango zion, ez zuen aitzakia bat bilatzeko astirik hartu eta, bestalde, nekez aurki zezakeen arrazoizkorik desordu hartan etxe batera deitzeko. Azken batean, uste zuen aski zuela “Julia, ni naiz” esatea, hark etxera joateko eska ziezaion. “Zatoz, hemen kontatuko didazu”. Maitasun adierazpen bat lehenbizi, agian.
Hark telefonoa har dezan zain, tirrina joka ariko den gela datorkio gogora, aterik gabeko armairua, portzelanazko objektuz estaliriko komoda, ohe gaineko erretratua, kandela ahituen platera lurrean argizariz gainezka. Ahotsean igarri zion iratzarri egin zuela, eta bi aldiz “Julia” errepikatu ondoren ere hark, ahotsa ezagutu gabe, “nor da?” galdezka jarraitzen zuenez, “Iñaki naiz, Iñaki Abaitua” esan zion elkar ikusi gabe zeramaten denborak deitura erabiltzera behartuko balu bezala. Orduan Juliak “hitz egingo dugu bihar” esan zuen, bi aldiz, “hitz egingo dugu bihar, bihar hitz egingo dugu”, urduri baino gehiago presaturik balego bezala, ez haserre nolanahi ere, eta Iñaki Abaituak, zer esan jakin gabe, “baina” txunditu bat ahoskatzea lortu zuenean, berak, orduan lehor, “esekitzera noa, eseki egingo dut” esan, eta eseki egin zuen.
Eseki ondoren ez zen kabinatik irten. Txanponen bila, esaldi mingarri eta krudel bat taxutzen ahalegindu zen. “Zer uste zenuen zuk” hasiko zen zerbait. “Zertarako uste zenuen deitzen nizula”. Ez zitzaion burutik pasatu edozein arrazoi zela-eta erantuzteko eragozpenen bat izan zezakeenik, eta ez zion bihotzik samurtzen, inola ere, biharamunean hitz egiteko egin zion eskaintzak. Berriro ere zenbakia markatzen ari zela, telefonoa hartu bezain laster bere “bai, esan” ohikoa esaten utzi gabe jaurtiko ziona entseiatu zuen, “zer uste zenuen, zertarako deitzen nizula?” eta hark “zer nahi zenuen?” edo “zertarako nahi ninduzun?” galdetzen bazion, ez zuen deia justifikatuko zion aitzakiarik edo esplikaziorik asmatzen ibili beharrik, berandu zela erantzungo zion, beranduegi bere beharrez arduratzeko. Bere artean “ez, ez, orain ez dio axola jada, konponduko naiz zu gabe” esaten ari zela, hariaren bestaldetik “hi, babo alena” aditu zuen, ezustean harrapatu zuen gizonezko ahots patxadatsua. “Hi, babo alena” esan zion, astiro, ahots maitakorrez ia, benetan babo batekin ari zela uste balu bezala, eta gero, “azken aldia etxe honetara deitzen duala, babo alena, ulertzen?”
Ez zuen esekitzeko indarrik izan. Komunikazioa eten ondoren, hitz totelen bat esatea lortu zuen. Aparatua zintzilik utzi eta kabinatik irten zen, mozkortuta bezala, ibilera baldarrez. Artean ahots hura belarrietan, haserre ere ez zirudiena, “babo alena, azken aldia” esaten; segurtasunez, ordea, agintari. Amorrua sentitzen zuen, eta lotsa batez ere. Hilik egon nahi zuen, ahalke sentimendu hartaz libratzeko.
(290, 291, 292)
Eta aipatu gabe geratu diren guztiak: Daniel Zabalegiren azken orduak (amaren bisita, zerbait idatzi beharra eta ezina, heriotza drama bihurtu ordez, ekintzen izugarrikeriaren azpimarratzea -100 metroko heriotza barrokoaren aurkako–. Konfesioaren ukazioa, azken gaua kartetara jokatzen pasatzea. Eta zapatak, zapaten obsesioa, igande arratsetako pelikuletan askatzen zituen zapatak –zapatek ematen zioten mina–, hiltzeko erositako zapata zuriak, hil ondorenean gorpua arrastaka kaxan nola sartu zuten eta zapata bidean nola erori zitzaion, eta ondoren zapata nola kolokatu zioten, hanketan, gilotinatuei burua bezala), Ortiz de Zarate etakidea (piztu dezakek argia, esna nagok), Coll de Portell-eko elkarrizketak (gizon espainolek, euskaldunek edota ingelesek orgasmora iristean dituzten jarrerak, hitzak), taxiko despedida (Susana), Juliaren etxe ondoko magnolia, Hendaiako egonaldiak eta mozkorra (Unamuno) eta azken kapitulua.
Honaino post-a irakurri badunk, biba hi! Sarean nobela honen inguruan Maria Jose Olaziregik egindako azterketa eder baten berri emango di(n)at, oraindik gehiago sakondu nahi badunk –nire testuaren ondoren etzaki(n)at gogorik edukiko du(n)an, baina tira-. To!: