metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, mai 09, 2006

"IGO NAZAZU ZURE MENDIRA"


Egunak hotzak dira Nafarroan neguan. Gaueko izotzak jolas egiten du belarrarekin, eta bere masailak gorriz margotzen ditu. Txikitatik ohitu zen behatzak sentitzerik ez zuela geratu arte bere izena behin eta berriz idaztera belazean. Eta, txiki izateari uzten hasi zen unetik aurrera izotzezko belaze hura bihurtu zen bere konfidente; bertan idazten zuen gehien maite zuen neskaren izena: Alaitz.
Ondoren, bere ausarkeriaz erabat lotsaturik, bere esku gorrituek izotz zuria astintzen zuten bere letra dardaratiak ezabatu arte. Geroxeago, ordea, berriro ere bere ausarkeriaz lotsatzen zen, eskuak izotza bezain hotz eduki dituenak soilik baitaki zer den mina. Eta berak mina sentitzen zuen. Mina sentitzen zuen. Bere begietatik malko batzuk irristan joaten ziren masail gorrituetatik paseoan, eta izotz artera jausten ziren, halako zulotxo batzuk eginez. Sentimentuek ere antzekoak egiten dituzte. Milaka zulotxo txiki. Eta izotza orratzak bezain malko zorrotzek zulatzen zuten, harik eta bi esku berok bere eskuak estutzen zituzten arte. Begi urdin ezagun batzuk bere masail gorriak oraindik gehiago gorrituz.

-Izotzarekin nirekin baino denbora gehiagoz egoten zara- esango zion. -... -Esku hotzak dituzu. Zergatik inoiz ez didazu egin duzun marrazkirik erakusten? -...
-Pena da beti izotza laztandu behar hori. Neguan oso bakarrik sentitzen naiz. Eta udaberrian joan egiten zara beti.
Eta izotzak bi itzal beltz erakusten ditu, zein baino zein beltzago, zein baino zein hauskorrago. Udaberria iritsi da berriz ere. Eta berriro ere mendira joan da bere artaldearekin. Bere maitearen argazki batekin. Eta egunak eternalak diren leku horretan, belar latzak hankak urratzen dizkion paraje horretan, neguan baino hotz handiagoa sentitzen du. Eta esan ez duen hitz bakoitzaz oroitzean amildegi bat ikusten du bere oinen azpian. Eta ohartzen da bere ardien konpainia besterik ez daukala. Bere ardiena... eta bere maitearen argazkiarena. Argazki ximurtu horrena. Denboraren hatzaoarrek zimurtu duten orri zati horrena. Denborarik existitzen ez den leku horretan denbora infinitua baita. Eta, datorren neguan, izen bat idatzita agertuko da izotzetan. Inoiz baino izotz zulatuagoan.

1 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Zure malkoek osatutako izeberg horrek erakutsi baina gehiago ezkutatzen du

10:28 AM  

Enregistrer un commentaire

<< Home