Iñaki Segurolaren "Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo"tik
Begiekin jotzea ahotan hartu dugularik, eta gizonen gauzak astintzen ari garen honetan, gogora datorkit begiekin (eta, beraz, buruarekin) jotze horren kontrako osagarritzat har daitekeen bestelako operazio bat, eta hura da "pitoarekin pentsatzea" esaten dena, zein baita gure sexuari besteak maiz aski egotzi ohi dion bekatu edo akatsetarik bat. Nik berriz, gure gixonkasta ohoratzen eta bere goien graduraino goititzen duen ezaugarritzat jotzen dut pitoarekin pentsatze hori, eta akatsik nonbait egotekotan, motz gelditzean legoke; hau da, ez garela geu ere pentsatzeko era jator horri behar adinbat atxikiak. Pitoarekin pentsatzeak -eta, bo, hemendik atzera pitoaren tokian bi sexuentzat balio duen "hanka-artea" ere jar liteke- esan (eta egin) nahi duena da zinezko gauzak estimatzea, hezur-haragi-larruzkoak, gauza bistako eta ukigarriak: pitoarekin pentsatzea buru hutsez pentsatzeari uko egitea da, eta etorkizuna eta egurantziza bezalako fantasma bizi-galgarrien mendean ez errenditzea. Beti pitoarekin pentsatzea ezin litekeen gauza da, badakit, baina beti pitorik gabe pentsatzea baino hobe da edozer gauza.
3 Comments:
Volgako Batelariek eginiko kritika:
Nietzscheren izpiritu dionisiakoaren lehertze gisa uler dezakegu Segurolak agertzen digun borroka erritualizatu hori: Greziako herriaren sena tragedietan agertzen den modu berean, legez harantzago, Apolok bridaturik.
Horretara badago liburu honetan izpiritu dionisiako horren aldarrikapen bat aldika-aldika agertzen dena, baina sistematizatu gabea, eta Nietzscheren indar poetiko eta iraultzeko indarrik gabea; Nietzscheren ideiak aspaldi dabiltza kaleetan eta horregatik beharbada Segurolak salatutakoak indarra galdua dute, salatuaren salatuz.
(testua irakurri ondoren…)
Onartuko didazue duela mende eta erdi idatzi izan balu pasarteak indarra izanen zuela, batez ere probokatzailea, baina Nietzsche bera, Freud eta abarren ondotik Segurolaren heterodoxia ximurtu xamar agertzen da. Ezer berririk esateko ez duenaren kontra egin nahia baino ez da.
Eman ahal dezake inork (egungo) liburu heterodoxo eta probokatzaile baten adibiderik?
Eskerrik asko aldez aurretik
Segurolaren testua oso ona iruditzen zait. Zertarako konparatzen hasi?
Agian ez dut ezer ulertu...
Enregistrer un commentaire
<< Home