PRESONDEGIKO BERTSO ASKEAK
Itoginetan tantaka dabil Han kanpoko euri ura Begietatik tantaka doaz Malkoak eta tristura Biak batera, sentitzen ditut Mina eta asperdura Ez dakit ziur gaur zenbat urte Sartu ninduten barrura Nola aspaldi igaro nuen Nik etsipenaren muga Presondegiko bertso askeak Aurkezten ditut mundura Nire ideiek goza dezaten Ukatu didaten hura. | Iraganetik nigana datoz Oroitzapenak biluzik Nire barrutik lehenera doaz Hamaika erantzun hutsik Nik ez baitakit ze kausa duen Horrenbeste amets hautsik Nik ez baitakit ze kausa duen Horrenbeste negar antsik. Epaile jaunak terrorismoa Ez zekien beste hitzik Hogei urteko kondena jarri Zidan nahiz ez izan funtsik Justizia ez baita justua Juxtu kontrakoa baizik. |
Leiho txikitik nigana datoz Argi printza nabarmenak Hain zuzen lehen hondartzara joan Ta bilatzen nituenak Ziega barruko iluntasunak Preso hartuak gehienak Eguzkia ta askatasuna Lotzen dizkit oroimenak Malko hotzetan ito nahi ditut Argi beroaren penak Eguzki printzak, ta euri tantak Nahastuta datozkit denak Gaur jo bakarrik egiten baitit Lehen argitzen ninduenak. | Leiho txikian, ufaka dabil Haizea nahiko oparo Nire barnean, borborka dago Odol gorria zeharo Metro erdira, zelai bat eta Ni lau pareten esklabo Pixka batean ateratzerik Nola ez dudan itxaro Egunak eta gauak ohi ditut Negar zotinka igaro Nolatan ez naiz egongo bada Gero eta tristeago Askatasuna hain hurbil izan Ta ni hain urrun banago. |
Barroteetan gogotsu dabil Isiltasuna oihuka Nire barruan tristuraz dago Garrasi bat mutututa Isiltasunak erotuko nau Ezin dezaket ezkuta Berari soilik hitz egitera nagoelako ohituta Halere burdin hotzak ezin du Malko berorikan xuka Nire bihotza dago herria Bera bezain zatituta. Burdina hautsi ezin denean Berak birrintzen gaitu ta. | Nire gainean hegaka dabil Uso bandara luzea Nire barruan taupaka doa Esperantzaren haizea Ziega hitsean ezinezkoa Den arren zu ukitzea Zuri eskerrak da zentzuzkoa Ziegan ere bizitzea Udazkenean usoen gisan Urruna nago pasea Hegan hasteko beharrezkoa Dute hegalak astintzea Eta niretzat berriz aski da Zurekin gogoratzea. |
Lau paretetan hegaka dabil Makil-kolpe oihartzuna Nigandik berriz hegaka doaz Korde eta osasuna Zu, kartzelazain, begi moreen Pintore anker iluna Makila hartu eta zeozer Zarela uste duzuna Nor izateko zer behar dunak Nor izatea urruna Kartzelak biok kaltetu gaitu Ezin al duzu ba suma Niri bizitza hartu dit preso Ta zuri gizatasuna. | Sagu txiki bat pausoka dabil Ziegako ibileran Nire gogoa ihesi doa Nire bizitzatik hegan Eta ametsek ipintzen naute Kartzelako irteeran Baina ateak itxita daude Itxaropenaren eran Nahiz noizbait irten behar nuela Uste nuen hasieran Orduak egun bihurtu dira Geldirik daude aukeran Denbora preso sartu baitzuten Etsipenaren ziegan. |
Nire barruan bueltaka dabil Hamaika sentipen nahasi Nire ahotik ihesi doaz Makina bat negar antsi Gure herriko politikoek Didate sofriarazi Hainbeste jendek nola dezake Izan hainbeste eskasi Gurea soilik den herri baten Eraikuntzan nola hasi? Esperantzari ihes egiten Ez uzten dugu ikasi Baina gezurrez ureztatuta Ezin la lorerik hazi. | Horma zurian isilik dabil Haizea hona ta hara Nire barrutik kanpora doa Eztula eta dardara Baina katarro bat baino askoz Hotzagoa da ikara Geroari so ipini eta Itsu ohi nauena laga Momentuoro negar malkoak Jausiko dira ziegara Bizitzak pasa egingo bainau, Nik pasatu gabe, hara: Itoginetik ihes egiten Duten ur tanten gisara. |
4 Comments:
espetxea, kartzelako poemak, furgoneta berdeak.................
Zuetakoren batek polizia atzetik segika du edo?
jaja aioooo
jode izugarriak dira
bertsolari edo poeta
non dago muga?
Oso onak dira, zorionak.
eleganteak eta tristeak
Enregistrer un commentaire
<< Home