metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

vendredi, mai 05, 2006

HITZ MAMITUAK (VI): Capri

Capri. Italiako irla, Napoliko golkoan; 8.000 bizt. Turismoa. Zitrikoak. Erromatar aurriak.

Julen Capri medikua zen eta hanketan nuen arazoa konpontzeko etortzen zen gurera. Harmonika jotzen zuen, zirkulazioarentzat ona zela esanez, plaketak eta globulu gorriak animoso jartzen zituelako. Nik musika jotzen banekiela esaten nion, eta hankek akordeoiaren pisua jasan zezaketenean arteriak ere dantzan jarriko nizkiola agindu nion.

Bere arbasoak italiarrak zirela kontatu zidan behin, Capri irla Napoles ondoan baitago. Umezurtz-etxetan abandonatutako haurtxoei jaio ziren lekuko abizena jartzen bide zitzaiela azaldu zidan, kasu honetan Capri. Eta seguru zegoela erregetasunaren odol urdina zebilkiela zainetan barrena, irla hori jauntxo eta aberatsez populatua egon baita betidanik. Familiako ardi beltza izango zela erantzuten nion horrelakoetan.

Julenek nire poesia irakurtzen zuenean barre egiten zuen. Mindu egiten ninduen bere jarrerak eta bihozgabe hutsa zela aurpegiratzen nion. Hark bolada hura jada pasea zuela esaten zidan, urteen poderioz barrenak ez zizkiola horrenbesteko gorabeherarik ematen eta dena nire hormonen alterazioei egozten zien. Zahartzen ari haizen seinale, botatzen nion orduan. Bere baiezkoarekin amaitzen genuen tirabira.