HITZ MAMITUAK (IV): haginak berdindu
haginak berdindu. (B) Heldutasuna iritsi, zentzutasunera heldu.
Haginak txikitu zizkidatenean berdindu zitzaizkidan. Halaxe gertatu zen, eta eskerrak. Oraingo neskei gizon helduak gustatzen baitzaizkie.
Hip-hop eta break-dance zalea nintzen. Zale amorratua. Nire lagun min Josuk eta nik neuk, gure artea kanporatzeko saiakeretan, herriko lekurik erakargarrienetan dantzatzen genuen. Musika eskolan hasi ginen, nahiz eta gure benetako estreinaldia (kartel propagandistiko eta guzti) zaharren egoitzan izan. Gutxi batzuk antzina herrira etortzen ziren ijitoak ginela uste izan zuten lehenengo aldian, a ver qué potingues nos intentan vender, beste batzuk, berriz, gure musika eta discman-en aurkako azaldu ziren, esos cachivaches no deben ser buenos pa´ los oídos… tanto bombo y platillo…, askok eta askok, komunistak izaki, gazteria berriaren iraultza gose deformatuarekin identifikatu zuten gure emanaldia, batek daki zergatik. Arropa amerikar eta bost puntako izarren nahasketagatik akaso.
Hala ere, hurrengo pausua gure emanaldien helburu, egitasmo eta lekuak aldatzea izan zen. Gure intentzio irmoenak probokatzea eta propaganda egitea ziren. Ildo beretik, nolabaiteko mezu bat igortzen genuen lau haizeetara, Etzegokena. Ez genekien nondik zetorren, ezta jatorrian forma bera zeukan ala ez, baina bion ustetan egokiena zen. Diferenteak baikinen. Berriak. Iraultzaileak.
Behin baino gehiagotan dantzatu genuen ume txikien parkeetan, arrats eguzkitsu batean plazako kioskora ere igotzea lortu genuen bost bat minutuz… Alabaina, gure emanaldirik gogoangarrienak kale nagusiko zebrabidetan egin genituen. Berria herri osoan zehar zabaldu zenean, Josu eta bioi jarraitzaile talde txiki bat elkartu zitzaigun. Etzegokena taldea osatu genuen. Zebrabide erdian dantzatu ohi genuen, imajinatu ezineko auto-ilarak sortuz. Gutako batzuk gorputzarekin asfaltoan barraskiloak eta airean dragoiak marrazten genituen bitartean, besteek foileto eta paperak banatzen zizkieten etsitako gidariei.
Esperientzia aberasgarria izan zen, polizia batek gomazko pilota horietako batekin gutako bati gibela desitxuratu eta auto batek bortizki harrapatu ninduen arte.
0 Comments:
Enregistrer un commentaire
<< Home