HITZ MAMITUAK (V): helize
helize. iz. Ardatzean dituen palak motor batek biraka mugituz dabilen propultsio-, euste- edota trakzio- -aparatua, ontziak eta hegazkinak abiarazteko erabiltzen dena.
Ohean etzanda igarotzen nituen orduak. Aste batzuen buruan ibiltzeko gai izango nintzela, baina bitarte horretan egunaren zati handienak etzanda igaro beharko nituela jakinarazi zidaten. Amak ohea leihora begira jarri zuen, muinoa eta zerua gutxienez ikus nitzan. Azken honetan hegazkin baten arrasto zurixka begiztatu nuen behin, hodeiei hankazpian kilima eginez. Hauen helizeak imajinatu nituen, jira eta buelta, ezereza behin eta berriz moztearen poderioz aspertuta. Neure burua ere helizeen erotasunarekin hasi zen martxan, oraingoan gogaitasuna xehatzearren. Hankarik ez duenak, antza, burua erabili behar.
Bai, haginak berdindu zizkidaten. Boterearen aizkora zorroztuarekin.
Taldea behin betiko utzi nuen. Jarraitzaile eta partaide kopurua handiagotzen ari zen arren, eta Josuk mugimendu honen sortzaile, aitzindari eta ideologo nintzelako milaka bider taldea ez uzteko erregutu izanagatik, bertan behera utzi nuen dena. Pikutara. Hortik aurrera, eta hankak osatu zitzaizkidan arte, ez nuen lagun bat bera ere ikusi.
Bizilagun berriak genituela konturatu nintzen eta hauen kide zen Larraitz zelako neskatxaren ordutegiak aztertu eta memorizatzeari ekin nion.
0 Comments:
Enregistrer un commentaire
<< Home