metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

vendredi, mai 05, 2006

HITZ MAMITUAK (VII): pipi

pipi. iz. 1. ZOOL. Anoboidoen familiako intsektu koleopteroen izen arrunta. Landare-substantziez elikatzen dira eta zenbait espeziek altzarietako egurra jaten dute.


Pipi bihurtu nintzen aldi batez.

Leihoaren zirrikitutik zeharka-meharka zetorren goizeko behelainoak adimena estali zidan eta ezin izan nuen ametsik zehazki gogoratu. Hori bai, mugitua izan zen, nahasia, urduria.

Jaiki orduko ohartu nintzen nire belztasunaz. Bi begi nituen, handiak oso eta elkarrengandik zeharo urrunduak. Ahoan mingainaren ordez metalezkoak ziruditen gako-formako bi xafla sentitu nituen eta azala guztiz sumaezina zitzaidan. Honen ordez plastiko moduko geruza batek babesten ninduela ohartu nintzen, eta hauei atxikita hiruki formako hamar hankatxo grinatsu nituela.

Bat-batean, indar ezezagunen batek eraginda segur aski, alehop! sabaira egin nuen salto. Zorionez, atzeko bi hankatxo ezinduak ez ziren traba nahi nuen moduan alde batetik bestera mugitzeko.

Birritan pentsatu gabe lanari ekin nion. Larraitz eta biok banatzen gintuen zati fisikoa karraskatzen hasia nintzen amaren lehen deiadar kezkatia entzun nuenean. Non zaude bihotza?

Momentu horretan nire gurasoek ohetik altxa ere ezin zuen semea desagertua ikusteak ez zidan inporta. Momentu horretan, nahiz eta bost milimetrokoa izan, pipi atomikoa bainintzen.

Erran eta egin, halaxe funtzionatzen zuen ene inkontzienteak. Nire logela Larraitzen bainugelarekin elkartuko zituen zulotxoa bukatu bezain laster hartu nuen lo eta goiz partean, esnatzerakoan, gizaki nintzen berriz ere.