metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

vendredi, mai 12, 2006

HITZ MAMITUAK (XIII): AGT (Abiadura Geldoko Trena)


AGT (Abiadura Geldoko Tren). Oro har, gehienez 40 km / h abiadura har dezakeen tren-sistema.

Aitonak esaten zigun eran, loa eta ametsak estazio batetik besterako bidaiak besterik ez ziren. Ez nion sinistu Julen despeditu nuen gauean neure burua horietako amets batean ikusi nuen arte.

Esnatzean, trenaren kirrinkan bidaiarien oroitzapen argalek oihu egiten zutela akordatu nuen. Eta trena herdoilduta zegoela, eta bidaiarien hitzak ahoskatu orduko orbel bihurtzen zirela, eta azkenerako trena orbelez gainezka zihoala.

Nik bidaiariei isildu zitezen agintzen nien, nire hitzak ere orbel bihurtzen zirela ohartu gabe. Baina jendeari bost axola, hitz eta pitz jarraitzen zuten. Orbelaren presentzia jasangaitz izatera iritsi zen, eta arnasa nekez har nezakeen. Alboko leihoa irekitzen saiatu nintzen, bertatik salto egiteko. Izoztuta zegoen. Hotz zegoen kanpoan.

Eskerrak trena gelditzen ari zela. Orbel artean igeri eginez, ate parera iristea sikiera lortu nuen. Trena gelditu eta ateak ireki zituenean, tonaka orbelekin batera lur izoztura jaurtikia izan nintzen.

Hosto mortuen hatzaparretatik alde egitea lortu nuenean trena abian zen. Azkeneko bagoiko bidaiariak ozta-ozta begiztatu nituen, orbelaren eraginez beiran masaila zuriak zanpatuak zituztela.

Trena tunelean murgildu zen, estazioko nasa ere mugiarazi zuen barre beldurgarriarekin.

2 Comments:

Blogger MAGABILA said...

Ipui hau, niri pertsonalki, pila bat gustatzen zait

9:58 AM  
Anonymous Anonyme said...

... ba niri, pertsonalki... , pila bat.

4:29 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home