HITZ MAMITUAK (X): mauritaniar
Gurasoak oheratzean, play sakatu eta betaurrekodun baten ahots deformatua entzun ohi nuen. Nola garraiatzen ninduen sentitzen nuen, akorde bakoitzak bere bultzada emanez, memoriaren laberintora. Bertara sartu, ate bat ausaz ireki eta akordatzeari ekiten nion.
Basamortuan bizi zen garaian ilargi osoa ikustea laket zuela aitortu zidan eta behin baino gehiagotan, zeru gaindiko legeak desafiatuz, pomelo bilakatzen zela. Ilargia pomelo bihurtzean, isurtzen zuen tanta bakoitzeko izar berri bat sortzen omen zen. Eta tantaka jarraitzen zuen, harik eta eguzkiak gaua lehortzen zuen arte. Zerua ere, gauez, basamortu zen, kontatu ezineko pomelo tantek, iluntasuna estaltzearren, hondar aleen moduko mantua osatzen baitzuten.
Bizikleta zaharkitu bat erregalatu genion. Pintatu egin genuen eta saskitxo bat jarri genion atzeko gurpilaren gainean. Bizikletan kaleak erakutsi nizkion, eraikinak, parkeak, tren geltokiak, tabernak. Bukatzeko, hondartzan bainatzen ginen, uretara zein lehenengo iritsiko lasterka. Hark, etxera bueltan ginen batean, bizikleten jira-biran eta olatuen joan-etorrietan oinarritutako adiskidetasunak luze iraungo zuela esan zidan. Besarkatu egin nuen.
Zoritxarrez, beharrak eraginda, udazkeneko lehen arrasto gorriztekin batera egin zuen alde hiritik. Malkoak besarkada eta bizkarreko kolpe lagunkoiekin estali genituen eta, hurrengo loraldia amaitzean, ilargia pomelo nola bihurtzen zen elkarrekin ikusiko genuela egin nion zin.
0 Comments:
Enregistrer un commentaire
<< Home