HITZ MAMITUAK (XII): Westminster-eko zubia
Ezkaratzeraino jaisten aitak lagundu zidan. Mediku horretaz fidatzen zela, baina badaezpada ere segapotoa beti piztua eramateko abisatu zidan. Lasai egoteko eta hain mesfidatia ez izateko esan nion haserre. Hala ere, despedida musurik ez nion ukatu.
Julen garaiz iritsi zen eta salut, mon chere médecin esanez agurtu nuen. Larruzko gabardina eta jean zabalak zeramatzan soinean. Qu´est-ce qui ce passe, écrivain? Nahiz eta Larraitzi idatzi nion poema errezitatzeko desiratzen egon, abagune egokiago bat kausituko zela pentsatu nuen eta Juleni freskagarriren bat hartzera joateko proposamena luzatu nion. Halaber, eskerrak eman nahi nizkion bere gaztetako luma hipokrita uzteagatik.
Medikuaren beso irmoek gurpil-aulkia kale zabaletan barrena farolen babesean eraman zuten. Non bizi zen erakutsi zidan, eta institutuaren ate aurrean zigarroa ahoan zuten gazteak ez ikusteak harritu egin zuela esan zidan. Horretaz aparte, urrungo zuhaitzak kimatu berri zituztela kontatu zidan, eta dagoeneko auzoan ez zegoela pizgarririk, eta zerua zen mantu beltzak hiria denboraldi baterako lurperatu egingo zuela, eta hiri honen gorpua autoak ziren zomorroen menpe geratuko zela.
Pelikula ikustera joatearena ez da izan aitzakia huts bat baino, bota zidan taberna aldamenera iritsi ginenean. Agur besterik ez dizut esan nahi. Baina, nola agur, zergatik agur, galdetu nion. Freskagarria hartzen dugun bitartean argituko dizut, ihardetsi zidan.
Hura ezustekoa Julenek izen frantseseko pintore baten koadroen bilduma egiten zuela esan zidanean. Artelan horietako gehienak osaba ezezagun baten herentziari esker eskuratu ei zituen eta ondoren bilduma bere kabuz osatzen joan bide zen. Sorta bukatzeko azkena falta zitzaiola adierazi zidan eta honen jabea apustu zale aberats bat izateaz baliatuko zela hainbeste desiratutako pintura erdiesteko.
Londresera joango omen zen biharamunean, hilabete luzez apustua zehatz-mehatz antolatzeko. Solasean jarraitu genuen, mugikorraren txilioak berandutu egin ginela informatu zigun arte.
Ezkaratzean esan genion agur elkarri. Mon cher médecin azken aldiz besarkatu nuenean, Larraitzi bidali nion poema sartu nion poltsikoan. Gurasoengana joan nintzen orduan eta eskuarekin agur egin nion, kale kantoi batek irentsi zuen arte.
Agur esan nion, agur betiko, margolan bat bereganatzeagatik munduari auskalo zer eratan bira eman nahi zion gizonari.
2 Comments:
Sentsazioa da neska bat behar duzuela urgentemente. Liburuak ahaztu eta ligatu!
esaigunk teknikaren bat eta kitto! Zer, hik ligeak soberan al dauzkank eo
Enregistrer un commentaire
<< Home