HITZ MAMITUAK (eta XV): Sena
Auskalo non irakurriko dudan, baina Afrikako tribu bakanetako gazte ugari, bizitzan hazi eta heldu bihurtzeko, ezpata txiki bat eman eta oihanean askatzen dituztela jakingo dut. Gaztetxo horien antzera, neu ere oihanera bidaliko naute gurasoek, baina ez nolanahikora, Parisekora baizik. Basatienera. Ezpata txikirik hartu gabe ez diot agur esango, ordea, trenaren arnasestuetan eta behelaino artean utziko dudan herriari. Hau da, akordeoi eta guzti askatuko naute, eta honekin sastatuko ditut Parisko bihotz dirudunak, honekin konkistatuko ditut, halaber, aurpegirik gabeko neskatilen gorputz anonimoak.
Eta, kapela eta gorbata soinean edukiko ditudan horietako batean, eskala minor bateko hirukotxoek eraginda akordeoia zotinka hasiko denean, txanpon hotsa entzun ordez billete baten jausialdi pausatua eta honen lurreratzea sentituko ditut ene kutxan. Eta kaxatxora begiratuko dut lehenengo, paper bat aurkituz, paper zati txiki bat, surprise, eta ondoren kaleko espaloira eroriko zaizkit begiak, eta pirripitaka alde egingo dute maldan behera emakume baten takoi finek zapalduko dituzten arte. Egun horretako saioa amaitu dela erabakiko dut, paper zatia zabaldu eta Rue de la fartre 3-6A irakurtzeko. Jendezko ibaiari bizkar emanez akordeoia jasotzeko makurtuta egongo naizenean, eskuartean dudana begiak zapaldu dizkidan takoien ibilera berberak idatzitako papertxoa dela bururatuko zait.
***
Rue de la fartre 3-6A.
Leiho zabaldutik izarrek gaua josi dutela ikusiko dut, isiltasuna alegiazko jostorratzaren begi ilunean lotuta. Gaua zetazko oihal baten moduan irristatuko da teilatu marroietan eta haizeak geldiro eragingo dio, maitekiro laztanduko nauten kiribil ikusezinak eratuz. Ilargiak bihotza ziztatuko die begirale bakartiei eta, ziztatua sentitzearen beldurrez, Larraitzen gorputz biluzia indartsuago besarkatzen saiatuko naiz.
Ohean etzanda, orain ere isil-isilik, hatz mamien laguntzaz masaila arakatuko diot, eta hau gorritzen denean lepoa, eta ondoren bularrak. Aldaketan behera jarraituko dut, altzifreen adarrek goizeko lehen izpiak jasotzen dituzten arte.
Parisi larba baten tankera hartu diodala xuxurlatuko diot emakumeari. Metamorfosiaren lozorroan gaudela, eta gerturatzeko gehiago, gerturatzeko, larbatik at hegaldatzen garenean erdituko gaituen egunak gorputz bakarra ikus dezan.
4 Comments:
Jode magabila, ze amaiera, ze amaiera...
Ohean etzanda, orain ere isil-isilik, hatz mamien laguntzaz masaila arakatuko diot, eta hau gorritzen denean lepoa, eta ondoren bularrak. Aldaketan behera jarraituko dut, altzifreen adarrek goizeko lehen izpiak jasotzen dituzten arte
Hori hori da parraforik potenteena...
Maita, maita
muxuka, muxuka
senti, senti
maitasuna, maitasuna
zainetan, zainetan
Vive l´amuuur
Enregistrer un commentaire
<< Home