O MY LOVE, JAKINGO BAZENU ZENBAT BEHAR DUDAN ZURE HATS BEROA
Makina txanponjaleen sabelera poltsikoan geratzen zaizkion sosak botatzen dituenak bezala, gogotsu momentu askotan, etsi-etsian bestetan, halabeharrez ere bai noiz edo noiz, bila eta bila jarraitzen dugu.
Egunero-egunero, tabernako txokorik zikineneko zitari hutsik egin gabe, bila. Duguna hartu eta duin jokatuz.
John Coltrane saxofonista eta jazzaren iraultzaile amerikarrak bere bizitza guztia eman omen zuen nota perfektuaren bila. Inprobisazioaren haria luzatu eta luzatu, honen muturra Half Note –ko atmosfera zurrunean infinituraino kiribiltzeko gai omen zen, nota perfektua sasiarte galduenean topatu nahian. Gau kargatu horietako entzule apurrei aulkia kenduta ere, jarrera berean, rectus gozagarrian, kasik airean lebitatzen, jarraituko luketela zioten garaiko egunkariek. Kroniken arabera, Trane-en noten jauzi eta itzulipurdiekin erabat zarbelduta orduak eta orduak igaro omen zitzakeen entzuleak Half Note-ko abegi etilikoan.
Eskuz esku pasa ziren kopia piratei esker Half Note jazzaren santutegi bihurtu zen eta garaiko kritikoek lotsarik gabe Johnen hatzak eta hauspoa Jainkoarenekin parekatu zituzten. Artistak ezin izan zuen, ordea, mundura armonia ekarriko zuen nota saxofoien hilerriko betiko lozorrotik esnatu.
Alabaina, gutxitan egokitzen zaigu sari handia, Aurkikuntza. Horrelakoetan, ustekabean harrapatzen gaituen txanpon isuri amaigabearen aurrean, poltsiko zulatuen traizioaz jabetu eta, tolesgabetasun errukiorrez, gure bi eskuak luzatzen ditugu. Esperantza omen galdu behar den azken gauza.
Luze baino lehen, marrazki bizidunetako pertsonaiaren moduan, txanpon mendi ikaragarri baten azpian, aurkikuntzak itota, ezintasunak eta etsiak jaten gaitu.
4 Comments:
Argazkia begiratzean, eta saxofoiaren zati txikia ikustean eskenatoki ilun eta isil bat imajinatu dut, saxoaren doinu lasaigarriaz apainduta.Beharbada saxoa orain dela gutxi nire espainen artean jarri izan dudalako izango da, edo noizbait saxofonista trebe bat izateko esperantza dudalako...batek daki...;dakidan bakarra da... saxoaren doinu eta jotze hutsak nire mundura ihes egiten laguntzen didatela...
Ze ona, ze ona.
"Aurkikuntza"ren existentzian fedea duten horiek izango dira saria eramateko prest egongo direnak...
Magarengan sinetsi eta haren bila bizitzaren parte handia igarotzen duten horiek, adibidez.
Kiss
Nota perfekturik ez dago zorionez.
Nota bera, sentimenduak expresatzeko moduaren arabera, musikari baten edo bestearen instrumentuan ezberdin ager daiteke.
Aurkikuntza, soinu tresna eta musikariaren arteko borrokaren, maitasunaren eta pasioaren emaitza da.
Nire soinu tresnarekin zerbait berria aurkitzean, nor konturatzen da nik sentitzen dudan plazerraz?
Hori gu bion artekoa da, nahiz eta agian noizbait argitaratu.
Badago beste aurkikuntza mota bat. Merkatuko argitaletxe erraldoi batek egin dezakeena zu munduko bazter guztietara irits zaitezen.
Aurkitu egiten zaituzte. Baina horrek orainartean prezio bat du.
Niretzat garestiegia.
Nota eta pertsonen artean sortzen den erlazioa batzuetan pasada bat da.
Notek bizitza ulertzerainoko zirrara sortu dezakete,bai...
Enregistrer un commentaire
<< Home