eta kolore urdinez
eskribitzen dut gauez,
desio irristakorrak
itsuturik doaz ihes
gauaren leize-zulora,
mundua azpikoz gora,
dena jartzen dut aldrebes.
Zure lurralde oparoa
ikusmiratzen dut lehenik
gauaren zirrikutik zelatan
eta haragiz koloreztatzen
zure gorputzaren figura
irudimenaren ispiluan,
zure sabel borobilaren
maldan behera amilduz.
Zure lurralde zabala
indarrez goldetuz,
denbora joanen herdoilak
akestutako zure desioak
zorrozten ditut
eta zorion-hazia botatzen
etorkizun lainotuaren tartean
oraingo esperantza murriztuaren
ildoa luzatuz.
Nahiaren uholdeek
bortizki astintzen naute
ilunaren tintontzian
hustutzen ditudan arte.
Ametsak gordintzen ditut
gau grinatsuaren labean
eta gero
isiltasun hezetuaren arnasa
ezinaren eskaparatean
gandutzen da doi-doi.
Azkenik,
isiltasun bustiaren
oihartzun mutua
biluzik gelditzen da
gau ilunaren apalean
eta nik
azpildurak josten dizkiot
loak hartu arte.
Ni poeta kaxkar bat naiz
eta kolore urdinez
eskribitzen dut gauez.
Powered by Castpost
6 Comments:
Aspaldi egin nahi nion Imanoli honelako omenaldi txiki bat. Biba zu, pelox.
Ze polita abestia eta hasierako sarrera instrumentala, zer esanik ez... ileak tente jartzeko modukoa
Ilun-ikarak azken argia
uxatu dizu urrutira,
zeru-sapaian izar bakanak
itzal etzanei begira,
ilun-txintako sorgin-usaiak
espazioan dirdira.(Bis)
Mendi-hegitan argi-oroitza
eguzkiaren keinua,
baso beltzean hosto-firfira
gauezkoen erreinua.
Itsas-txoriak txio-txioka
harat-honako haizetan,
berde argien edertasuna
more motelduz uretan,
txalupa geldi kulunkarien
isladarekin hizketan.(Bis)
Parke ixileko banku txuria
ezpain beroen lankide,
antsi zaharrak zantzu berritan
bihotz gordinen senide,
tristura hegan paseatzen da
arratsaren solaskide.(Bis)
Gau-ezkilaren oihartzun hotsa
irrixtatzen da kolokan,
zirrrara mutu baten gisara
maitearen soinekoan,
bakardadea sekretuekin
korapiltzen den zokoan.(Bis)
Itxas-aideak gesalez dakar
murmuriozko solasa,
suspiriotan ezin jarioz
pena lurrinduen hatsa,
haize boladak txikordatzen du
maiteminduen jolasa.(Bis)
Zure bularretan
lurperatu nun eguzkia
zure begietan
urratu nun goiza
Zure hortzetan
hozkatu nun haserrea
zure hitzetan
gorde nun poema
Zure soinean
galdu nituen eskuak
zure ezpainetan
ahantzi nituen neureak.
Goizuetatik behera
gindoazenerako
maitasunaren sutegiko
sutondoan
bildurik neduzkan
begirada oharkabeen ezpalak,
keinu kilikatzaileren batek
su eman zezaien.
Lainoek beren langa
ideki ordurako,
haize euritsua,
kolpatzaile itsua,
gure gorputz nagituak
astintzen hasia zen,
ikutu bakoitzean,
loxintza bakoitzean,
gure haragi geldoa
freskotasunez kilikatuz.
Goizuetatik behera
Arano parean
gindoazenerako,
dena prest zegoen,
baina…
Baina…
keinu jostalari bat
falta zen,
lotsak gorritutako
begirada txingartu bat,
arruntkeria zitatzaile bat,
ausartkeria korriente bat,
sentimendu ezpalduek
su har zezaten.
Halako batean,
lotsa zarrakatu,
hitzak erantzi
eta bilutsik
utzi nituen
zigarroaren ketik
zintzilik,
herabe ez zitezen,
eta suari
haize emanez
bertso zaharra
kantatu nuen:
"Txingi! Txanga! Sutegiko
mailuaren hotsa,
ola-zaharreko neskatxak
ezkontzeko poza".
ZURE TRISTURA
Zure tristura nabari dut
keinu partikular gisan,
dintasunez hain tristea
nola nahi zenuken izan.
Dintasunez hain tristea
kaletan zoazean,
ezpainak krabelin xuri
bihotza oinazepean.
Desafiozko hauzitan
epai zorrotzen esale,
ezer ez daukazularik
maitasunaren eskale.
Maitasuna maitasuna
romantikoen uharte,
penak desegingo zaitu
odola izoztu arte.
Zure tristura nabari dut
keinu bakarzale gisan,
etsipenean hain harro
nola nahi zenuken izan.
Enregistrer un commentaire
<< Home