metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, avril 04, 2006

Marinel Zaharra


Marinel zaharra arearen gainean eseri da Karibeko hondartza galdu batean. Itsaso gaziak oinak laztantzen dizkio; eguzki izpiek bere larru beltzarana musukatzen; kresalak bere ileak bere bizitza bezala nahasten. Nahasia baita bizitza; maea galduen modukoa; itsasoan hara eta hona dabiltzanak gustuko lekua aurkitu ezinik. Olatuen aparrak ur tanta gaziak bidaltzen dizkio begietara; bizitza oso bat ikusi duten begi horietara; gaurkoa bezalako milaka ilunabar ikusi dituzten begietara. Ilunabarrari begira baitago. Baina ez baitu ilunabarrik ikusten. Itsasoa ikusten du; itsaso infinitua. Bere itsasontzi galdua dago bere ondoan; area biluziari besarkada bat emanez; urak lapurtu dien plazer hori bizitu nahian. Berak ere badaki urak plazer ugari lapurtu dizkiola; alkandora ugari urratu dizkiola. Baina, aldi berean, itsasoa maite du berak, eta itsasoak bera du maite.

Hondarraren gainean ez dago ezer berarentzat: gartzela moduko etxe bat dauka portu inguruan; kate moduko emazte bat etxean... itsasoa maite du berak. Inoiz bukatzen ez den itsasoa; gupidarik gabeko itsasoa. Lurrean preso sentitzen da; lurraren preso. Amets egin nahi du berak; haizeak infinitura arte daramatzan belekin, bera eta bere ametsak muxukatzen diren belekin. Bere itsasontzia hartu eta marinelei oihuka aritu nahiko luke berak ron botila bat eskuan. Amets bat eskuan. Eta bizitza bat eskuetatik kanpo. Itsasoa maite baitu berak, eta itsasoak bera baitu maite.

Baina, itsasoa gupidarik gabea da; jada ikusten ez dituen lamien isladak ageri dira bere olatuen aparretan; lapurtu dizkion lagunen oihuak aditzen ditu olatuen hots bakoitzean... lamiak, lagunak, lurra... guztia kendu baitio itsasoak. Eta guztia eman. Bizitza bat.

Halako batean, olatu erraldoi batek marinel zaharra itsasoaren barrura darama; infinitura, edonora, inora ez. Eta, eguzkiak irribarre bat marraztuko du jadanik bare-bare dagoen itsasoan. Itsasoa maite baitu berak, eta itsasoak bera baitu maite.

1 Comments:

Blogger MAGABILA said...

Marinelak, itsasoak, gazteluak, gartzelak...

Sarrionandia gehiegi e?jaja

Ondo pasau...

7:35 AM  

Enregistrer un commentaire

<< Home