metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, avril 04, 2006

Argazkiak atera dizkigunari

MARTXELO OTAMENDI

Martin Ugalde kultur parkean ohituta gaude Poliziaren bisitekin. Batzuetan uniformearekin etortzen zaizkigu, eta bestetan kaleko jantzita. Gaur zuek etorri zarete, ertzainak, eta uniformearekin, eta pelotero-ekin, eta kaskoekin. Eskerrik asko botijoa ez ekartzeagatik.

Baina guk gaur baino lehenago espero zintuztegun gure parkean, 2003ko otsailaren 20ko goizaldean, hain zuzen. Zorigaiztoko egun hartan guardia zibilak etorri ziren, Egunkaria itxi eta zuzendaritzako kideak atxilotzera. Eta zuek ez zineten etorri orduan, gure eskubideak defenditzera. Egunkaria-ren egoitzan eduki gintuzten bitartean ni, inozente halakoa, zuek etorri zain egon nintzen. Zuek, hala diote zuen arduradun politikoek, herritar guztien eskubideak defenditzeko zaudete. Beti prest zaudete. Baina, inozente halakoa, ez zineten etorri gure eskubide profesional eta pertsonalak defenditzera; eta Madrilera eraman gintuzten eta torturatu... eta ni, inozente halakoa, zuen zain Madrilgo ziegan...

Gaur, ordea, ez zintuztegun espero. Langileen batzarrak hala erabakita, ordubeteko geldialdia egin dugu eguerdian, eta ordubeteko kontzentrazioa arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara parkeko kanpoko espaloian. Arrazoia? Euskal preso politikoen sakabanaketaren aurka egitea. Pankarta batekin egon gara, isilik, oihu bakar bat bera ere bota gabe. Inori oztopo egin gabe, espaloian. Greenpeacekoek ere ez lukete protesta lasaiagoa egingo.

Baina gaur, inork espero ez zintuztenean, etorri egin zarete, hiru furgoneta handitan. Hogei inguru etorri zarete, kasko, pelotero eta argazki kamerarekin. Eta dokumentazioa eskatu diezue pankartarekin zeudenei eta argazkiak atera beste guztiei. Ondorioa? Ez da zaila aurreikusten. Argitze-agiria eta, ondorioz, isuna han geundenoi. Lasai, ordainduko dugu. Eta zuek diru horrekin gu torturatu gintuztenen buruzagiekin koordinazio bilera egitera joateko txartela ordainduko duzue.

Legea betetzearekin horren zorrotzak bazarete, hasi zuek euskararena betetzen. Beharra badaukazue eta.

Etorri behar duzuenean ez zarete etortzen, eta etorri behar ez duzuenean etorri egiten zarete.

Baina ez dugu umorea galduko. «Harpidetza asko egin al dituzue?», galdetu digu lankide batek parketik joan zaretenean. Isunak idazteko paperak eta pelotero-ak eros litezke. Umorea, ez.

1 Comments:

Anonymous Anonyme said...

ZUEK ERE, TXAKURRAK ZARETE

10:07 AM  

Enregistrer un commentaire

<< Home