metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, mars 28, 2006

BIZITZAREN PUZZLEA

Estazio bakoitza puzzle erraldoi baten fitxa zela esaten zenuen. Bakoitzean, bizitza bat zenuela. Emazte bat, haur batzuk, lagun koadrila bat... Eta bizitza horrekin gozatzen zenuen harik eta errutinak lepoa estutu eta zure trenera bidaltzen zintuen arte. Orduan, hurrengo estaziora joango zinen, hurrengo bizitzara... Eta aurrera. Beti aurrera. Bazenekien beti egongo zela hurrengo estazio bat, hurrengo bizitza bat.

Agian maiteren baten muxuek, azkenerako, zure ezpainak imanak burdina bezala erakartzen zituztela sentituko zenuen. Orduan, erakarpen neurrigabe horri ihes egingo zenion zure trenean sartuta. Hurrengo estaziora heldu arte. Eta hurrengora, eta hurrengora.

Baina denboraren trena gu baino azkarrago ibiltzen da, eta zuri ere ez zizun ihes egiteko aukerarik ematen. Eta zure ekipaia arina astun bihurtu zuen oroitzapenen pixuarekin; kontzientziaren berunarekin. Eta Maddiri Jaione deituko zenion; Jaioneri Maitane; Maitaneri Maialen... eta, azkenerako, zure izenarekin ere ahaztu egin zinen.

Estazio bakoitza puzzle erraldoi baten fitxa zela esaten zenuen. Bakoitzean bizitza bat zenuela. Baina, gaur zure begiek esaten didate piezak elkarri lotzen saiatu arren zerorri geratu zinela ondo enkajatu gabe.

1 Comments:

Anonymous Anonyme said...

estazioen poetikotasuna berrizere.

Nik hau entzuna nuen marinel bakoitzak portu bakoitzean bizitza bat...


Baina inoiz ez estazioekin!

5:10 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home