metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

jeudi, mars 30, 2006

HIRIKO AHOTSAK

HITZAURREA. COCKTAILALMEDIODIA

Orain dena erraza duk, cocktaila eskuan eta gu cocktailean, baina han ez, hura nahasmena zuan, ulertzen?, lehenengo ipuinak idatzi nituenean gazte kakanarru bat besterik ez ninduan, hire adinekoa gutxi gorabehera, eta suertea eduki nian egia esan. Idazle askok animatu ninditean eta ikasketetan beka eta dirulaguntzen asunto hori guztia nire alde atera zuan, esan diadan moduan, txiripa hutsa, eta horregatik, horregatik pasa zuan dena hain azkar, hain korapilatsu, hain…, Arantxa, oroitzen al haiz Parisera ikastera iritsi gintunan egunaz? Nola ez haiz, bada, oroituko, gona haiek, musika, usain paristar horiek, eta neskak, e, Arantxa, esaion nola ibiltzen zitunan bikoteak kalearen erdian muxuka. Joder, joder, joder errepikatzen zian Arantxak flipatuta, eta nik barre egiten nian, dagoeneko banekian-eta ezin izango genituela literatura frantseseko ikasketak amaitu, Parisen likorean bete-betean mozkortu baikintuan. Orduan hasi ninduan idazten eta nire lanak hona bidaltzen.

Edantzak motel, edan cocktaila lasai, esan diat hau nire kontu, aprobetxa, uste nian ikasia huela lezioa... Jazz me blues, save it pretty mama edo kanta modernoagoak entzuten genizkian atzerritarrekin, Joplin edota Reed, e Arantxa, oroitzen al haiz festa ero haietaz, desio ninan neskak berarekin oheratzeko eskaintza egin eta dena pikutara bota nueneko hartaz, seko mozkortuta bere besoetan lo hartu nuenekoaz. Zorionez edo zoritxarrez, Rayuelako Paris duk nik bizi nuena. Fantastikoa, hein handi batean kaotikoa ere bai, endredatua. Giroa, musika, ohiturak, janaria, dena, dena ezberdina zuan.

Eta ez pentsa, garai hartako Parisera orain dela gutxi iritsi gaituk gu. Sinesten ez baduk Arantxak baieztatuko dik. Garai hartako hemengo hiriak ez zituan hiriak, anonimotasun horren falta nabarmena zuan hemen, atzeratuak gintuan, eta kultura eta beste arlo askotan hirugarren mundukoak ez diat esango, baina hortxe-hortxe, arrautza-oskoletik atera berriak oraindik.

Nik lagundu egin nahi diat. Benetan. Bazekiat nekeza dela giro literario bila ibiltzea dena irensten duen hiri honetan. Irakurri egingo dizkiat ipuinak eta hitz egingo diagu. Bai, hitz egingo diagu.


***


Txispak. Zirkuitulaburra.

Hirugarren geltokian igotzen zen beti. Igotzeko pausua eman orduko autobusaren tripetara begiratzen zuen, begiaren mugimendu mekanikoz ezagunen bat edo eserleku abandonaturen bat bilatu nahian.

Ordaindu egiten zuen ondoren. Gidariari begiratu gabe eta beti justu. Korrika etortzen zenean ere, txanponak prest izaten zituen betiere, gidariak ez zion bueltarik inoiz ematen-eta.

Eta korridorean barrena, bultzaka, desagertu ohi zen. Jende artean galtzen ziren, era berean, bere takoi hotsa, Yves Saint Laurent parfume bioleta, larruzko jaka estua. Eta ni beste alde batera begiratzen saiatzen nintzen. Ez begiratu, horrela bakarrik begiratuko zaitu… Ez begiratzeko, horrela bakarrik begiratuko zaitu-eta. Ezinezkoa zen ordea. Pelikula zuri-beltz batean ere pintatu beharko liratekeen ezpain gorri horiek, gaurik hotzenean ere agerian eraman ohi zuen lepo leun hori.

Gau hartan ere, azken autobusa orekarik gabeko sonanbulua lez etorri zen. Ohi zutenez, txapa eta gurpil dardarati haiek, ametsen hari finean kolokan ziruditenak, zanbuluka azaldu ziren. Balaztatzeko orduan garrasi egin zuen norbaitek. Karrozeria ahula zen benetan, edozein turista beldurtzeko modukoa. Atea zakar ireki zen.

Ilaran, nire albokoak politikoei buruzko zerbait esan zuen. Kalaka ustela, mozkor delirio eta katramilak, pentsatu nuen. Eta aurrera, autobusaren sabelera. Beldur nintzen ez ote ginen gehitxo autobus horrentzat. Ondokoaren ukondoa, atzekoaren besapea, aurrekoaren zapatak nirearen gainean, o barkatu, ez lasai, doministikuren bat, ile motots bat bere gomatik libratzen, eta dena metro karratu batean. Metro karratu zerratu eta sargori batean, non puzkar hipotetiko baten eragina bonba atomiko batenarekin parekatu zitekeen.

Hirugarren geltokirako kristalak lurrunduta zeuden. Autobusa herrenka zihoan, eta kurbetan errezo eta eskari xumeen xuxurlak entzun zitezkeen motorraren burrunbaren gainetik.

Ez nekien autobusera sartu zenik ere nire aurrera iritsi zen arte. Ezpainak gorri zituen, inoiz baino gorriago, eta bere presentzia bioleta usaineko haize-bolada freskoak iragarri zuen, Yves Saint Laurent dudarik gabe.

Elkarri begiratu genion momentu batez. Gera zaitez, zioen nire begiradak. Autobusa martxan jarri zen orduan. Eta bere lehenengo keinua zuzenduz, nire aurrean geratu zen.

Harri eta zur utzi ninduen izenik gabeko neskaren jokaerak.

Ezertxo ere esan gabe behatz erakuslearen punta nire ezpainetara eraman zuen, isiltasun eske. Nigana gehiago hurreratu zen autobusaren azelerazioaren bultzada aprobetxatuz. Muxu heze bat eman zidan, eta gero beste bat. Ez zidan hitzik ere esaten; nik, bestalde, ez nuen horretarako aukera handirik: arnasa etenda, muskuluak erabat paralizatuta, beren laztanen zerbitzura nengoen osoki. Begiak ixten nituen eta sentitzen nituen bere behatzak nire sexua inguratuz. Poltsikoetan, gerri inguruan, geroz eta gertuago, geroz eta azkarrago.

Bat-batean autobusa gelditu egin zen. Argiak itzali egin ziren, bonbillak erreko ziren akaso, eta ateak ireki. Bidaiariak erdi-builaka hasi ziren eta neskak alde egin zuen nire begi bistatik.

Aizu, itxaron! Ei, gelditu! Aizu…!

Bere telefonoa behar nuen, izena, adioa sikiera; nire zoraldia bideratu nahi nuen, zentzua eman barren honi. Leporaino betea zegoen autobus iluna eta zail egin zitzaidan bertatik ateratzea. Barkatu soinu hutsa errepikatuz aurreratzen nuen apurra gutxi zen iheslari limurkorra harrapatzeko. Azkenean, atera baino egotzi egin ninduten autobusetik, jaurtiki egin ninduten asebetetako sabeletik.

Ateak nire atzean itxi ziren, zakar berriro ere. Belaun eta ahur urratuen azpian asfalto hitsa, asfalto bustia, asfalto latza. Burua altxatu nuen bere bila, baina ezer ez. Periodiko paper solteak haizearen mende, graffiti zirriborroak, etxe orratzen kristalera altuegiak, zorabiagarriak, nire bakardadeari barrezka.

Taxi bat hartzea beste biderik ez nuen. Zutitu eta poltsiko hutsetan haztamuka hasi nintzen, berriz inoiz ikusiko ez nuen neskak lapurtutako diru-zorroaren bila.

***

Deskarga elektriko bat ispilu hautsi batean bezala.


Izpilu hautsi bat soegiten duenak ez daki izpilu horrek hautsi baino une bat lehenago zer isladatzen zuen. Puska guztiak bildu arren ere, ezin du jakin.

J. Sarrionandia (Amodio fantasia bat, Narrazioak)

apatridak bailiran trenak

memoria karrilen fatalitatean galduz

B. Atxaga (Etiopia)

I

Bi pertsona, poliki-poliki, Kontxa inguruan, paseoan dabiltza. Bata egunkaria irakurtzen eta bestea purua erretzen. Halako batean, eskuartean egunk

aria duenak zera esaten dio besteari, Irakurri al duk hau? Alud mata a doscientas personas, izugarria duk. Bestearen erantzuna, Bai, harrigarria duk, moro kabroi hauek…!

Lagun guztiok barre egin genuen.

II

Beranduegi zela zioen. Trena iristear zegoela eta bestaldera ari zela begira. Gainera egunkaria omen zuen eskuartean. Atzera begiratu zuenean goian ikusi zuela, zubiko barandan zutik dagoeneko… Garrasi egin zuela, baina alferrik. Izugarria, zioen, ikaragarria.

III

iraganaren bagoiak eta memoriaren gurpilak zeruertzean ezkutatzen dira, abiada handian orainaren karriletan irristatuz

IV

Bakoitza ondokoaren sorbaldan bermatuz, tripan min hartu arte egin genuen barre. Orduan norbaitek trenbidearena proposatu zuen. Berriketan zeuden amei abisatu eta bitan pentsatu gabe joan ginen zubira. Beste txiste bat kontatzeko eskatzen zidaten, beste bat, beste bat, eta nik zubira iritsitakoan, zubira iritsitakoan, erantzuten nien.

V

korrika iritsi ginen, barre lizunak airean polena bezala libratuz

VI

Angel came down from heaven yesterday, stayed with me just long enough to rescue me…

VII

Ni gitarra bakarrik ari nindunan jotzen, elektrikoa, betidanik izan naun oso Hendrix zalea, badakin. Estazioko txoko ilun batean ari nindunan, sarrera baino hamar bat metro eskubiraxeago, zubitik ez oso urrun, berrogeita hamar metro akaso? Ikusi nitian nola etorri zitunan zubi gainera, baina gehiago ez. Bospasei ume, bai, oraindik umeak, eta normala iruditu zitzaidanan, betikoa, trenei begira jolasean-edo. Kantatzen jarraitu ninan egunkaria eskuartean borobilduta zuen gizonaren garrasi bat entzun arte, eta ondoren, ba horixe, ondorengoa badakin.

VIII

kirrinka metalikoak dena eramaten du. azken trenak ateak itxi bezain laster begiradek, adioek, musuek, tragediek… isuri baten antzera ihes egiten dute ikuslearen eskuetatik

IX

And she told me a story yesterday; about the sweet love between the moon and the deep blue sea

X

Aurrekoa baino hobeagoa da hau, entzun entzun. Andaluz batek besteari, ¿a ti qué es lo que más te gusta de Madona?, bestearen erantzuna, ¡a mí el mcpollo y las patatas fritas!

XI

Gu parkean geunden, bankuetan, eta kafetxo bat hartzera gindoazen baimen eske etorri zirenean. Trenbidera omen zihoazen. Kontuz ibiltzeko esan genien. Betikoa, ez urruntzeko bertatik eta kafetegi ingurura azkar itzultzeko. Nork pentsa zezakeen…? Korrika eta negarrez azaldu zirenean denok Mariajeri begira geratu ginen. Bere semea falta zen. Momentu horretan okerrena imajinatuta ere ez genukeen asmatuko.

XII

trenak badaki jaio den momentutik karrilen zilborresteari lotuta biziko dela. badaki betiko lekuetara iritsi behar duela betiko lekuetatik abiatuz. baina hala ere bultza egiten du, bultza bere halabehar petrala arrastatuz

XIII

Kablea ongi babestua zegoen, eta aurrekoek ez bezala, banekien nola saihestu segurtasun babeseko xafla. Geometria kontua zen, angeluak, distantzia.

Izkinako barandara igo nintzen. Hori zen truku bakarra. Bertatik angelu perfektua nuen. Zorte pixka bat zen falta zitzaidana orain.

XIV

Then she spread her wings high over me. She said, I´ll come back again to see you tomorrow…

XV

Eta gero pentsatzen duzu, zer egin ote daiteke, nola ekidin era honetako istripu absurdoak. Txikitatik informatzea da soluzioa, dudarik gabe. Eta orduan? Pasa dena nola esplikatu, ez da inoren buruan kabitzen, zaila da, zaila da.

Argitzea gustatuko litzaidake, bestalde, hainbat ikus-entzulek egin diguten galdera. Tren-geltokiko arduradun nagusiak eta ezbeharra ikusi zuten pertsonek ez zituzten lehen txiza-parrastadak ikusi edo entzun, estazioko musika, jendearen murmurioa eta trenen ibilera zirela medio. Hala ere, oker ez banago, itxaron momentu bat, uste dut estazioko arduradunarekin zuzenean hitz egiteko modurik badugula

XVI

Sure enough, this woman came home to me. Silver wings silhouetted against a child´s sunrise

XVII

horregatik dira hain poetikoak errailetik nahita irteten diren trenak. zilborrestea puskatu eta berriro jaio nahi dute, eta ez zaie axola horretarako pagatu behar duten prezioa. ezta heriotza bera baldin bada ere.

XVIII

Kremailera jaisten hasi nintzenetik jakin nuen garaile izango nintzela, nik emango niona aurrena kableari. Ziur nengoen. Txilibitua atera eta pixa egiten hasi nintzen. Behera so egin nuen, jarioaren bidean kontzentratu nahian, norabidea zuzendu nahian.

XIX

And my angel, she said unto me, “today is the day for you to rise”. Take my hand, you´re gonna be my mind, and she took me high over younder…..

XX

Orduan sentitu nuen. Neure harrizko burua, begirada, ingurua…, dena ispilu hautsi batean islatua bezala.


***


Garrasia

Luzea izango da negua. Luzeagoa are, neguaren barruan ezkutatzen den negua.

H. Cano (Argentinar lotsatia, Neguko zirkua)

Ez dakit zergatik egiten duzun hori, egin zuen garrasi Luciak, erortzear zeuden malkoen jarioa aurreikusten zuen ahots dardartiarekin.

Ez dakit zergatik egiten duzun hori, ez dakit zergatik egiten duzun hori… Joder, ixildu zaitez! Beti berdin zabiltza! Badakizu ezin dudala jasan ume honen txilioa! Aski da, horrela ikasiko du.

Luciari beldurra ematen zion Fernandok horrela jartzen zenean. Umeak etxean zehar korrika ibiltzeko ohitura zuen, eta garrasi egiten zuen batzuetan, garrasi zorrotz eta ziztatzailea betiere, gurasoek jaramonik egiten ez ziotelako-edo mimo eskean. Hasieran mainatia halakoa edo horrelako zerbait esan eta bakean uzten zuen Fernandok. Baina hilabete izango zen lanetik bota zutela. Eta mingostuta nabaritzen zuen Luciak. Harrezkero, esaterako, umearen garrasiak isilarazteko kokotxetik gora egin ohi zion indar bere eskutzarrekin eta, bitartean, isildu zaitez, isildu zaitez xuxurlatzen zion. Arrats horretan, aldiz, kokotsetik gora indar egin ordez, bere bularraren aurka estutu zuen haurraren burua, arnasa hartu ezinda geratu arte zanpatuz.

Isildu zaitez, horrela, horrela, ixi, ixi…

Nahikoa da, ito egingo duzu, oihukatu zuen Luciak, negar-malkotan dagoeneko eta beste aldera begiratuz. Ito egingo duzu, ito egingo duzu, zioen bere senetik aterata.

Andregaiari ondo da esan nahian bezala begiratuz, umea askatu eta sofaren sabelean uzkurtu zen Fernando. Telebista piztu zuen. Kotxeak, autobusak, pertsonak sutan. Porrak, bota beltzak korrika. Deiadarrak eta kea.

Umea negarrez hasi zen.

Gaur berandurarte geratuko naiz, esan zuen Fernandok. Miamikoa botako omen dute, Jimmy-k gitarra erre zuenekoa. Mandoa eskuartean hartu eta zapping egiten hasi zen. Bolumena igo zuen, Mikelen txilioak isilarazi nahian-edo.

Egizu nahi duzuna.

Luciak Mikel besartean hartu, lasaitu eta biberoia eman zion. Nekatua egongo zara e Mikel?, esan zion negar-zotinka, horrelaxe, mutil handi-handia egiteko, ze ondo… Ez, aitak gaur zurekin ez du ongi jokatu, xuxurlatu zion malkoak xukatzearekin batera, baina zuk ez egin negar, e Mikel? Zuk ez egin negar, inoiz ere ez, nik egingo dut bion partez… Eta laster zer egingo dugu? Ezetz asmatu! Alolitos joango gara, e Mikel? Eta istorio txikiak kontatuko dizkizut. Zuk ez egin kasu aitari, orkestratik bota zutenetik burua ezin altxatu dabil, baina pasatuko zaio. Eta nik kantatuko dizut, eta lo hartuko duzu, ados? Pasatuko zaio, hala espero dezagun.

Luciak bazekien bakarrik lo egingo zuela. Umea oheratu orduko sartu zen bera ere, oso goiz eta ezertxo ere afaldu gabe. Haserretzen zirenean eta negar egiten zuenean betetzen zuten prozedura zen hura. Afaldu gabe joan ohi zen ohera. Beti goiz, oso goiz. Fernando, bestalde, telebistaren aurrean geratzen zen berandurarte edo zerbait jotzen zuen bere kontrabaxuarekin, eta sofan hartzen zuen lo azkenik.

Morfeoren besoetan kulunkatzera zihoan momentu berean entzun zuen korden dardara Luciak. Sakon eta sarkor, Bach-en suitearen preludio hark benetan hunkitu zuen. Orbelezko izara lodi baten modukoa zen Fernandoren jarduna Luciarentzat. Tximeleta lokartu sentiarazten zioten akordeek, zeintzuk oihartzun urrun baten antzera hedatzen ziren auzune euritsu eta grisean. Udazkeneko haizearen kiribilak eratzen zituzten nota bihurri bezain pisutsu haiek txikitako paseo eta jolasak gogorazi zizkioten Luciari. Gurasoen besarkadak, neguko sukalde beroa, egurren txinpartak. Paisaia ospelen ondoren udaberria, eta Lucia bera tximeleten atzetik lasterka zalapartatsuan.

Gozo, baketsu, hartu zuen lo. Malko tantak masailean lehortzear zituela itxi zituen begiak.

Lucia goizean goiz atera zen etxetik. Umea Fernandoren esku utzi zuen, eta eginbeharrak papertxo batean apuntatu zizkion.


Uste baino denbora gehiago behar izan zuen erosketak egiteko. Eguerdiko hamabietako eguzkiak ortzia urratu ondoren iritsi zen ezkaratzera. Zanbuluka, blai eginda, trakets betetako plastikozko poltsen mende zegoen pailazoa zirudien.

Bizilagunarekin topatu zen eta hark lagundu zion etxeko ateraino. Eskerrak emanda agurtu ziren. Atzoko liskarra buruan zuela txirrina jo zuen. Bakeroko poltsikotan, berokian, zorroan hasi zen haztamuka. Etxe barruan ez zuen hotsik entzuten. Arraroa, pentsatu zuen, Mikelekin parkera joan ote da. Giltza zorrotik atera eta atea irekitzearekin batera, sarrerako ispiluan post-it bat begiztatu zuen.

Barkatu.

Barkatu. Fernandoren letra zen hura. Plastikozko poltsak abandonatu eta arnasestuka hasi zen alde batetik bestera, kontrabaxuaren bila; ez zegoen bere lekuan, kontrabaxua falta zen. Eta giltzak, Fernandoren Renault-aren giltzak ere falta ziren.

Joder, putasemea, putasemea halakoa.

Mikel, galdetu zuen Luciak, sehaskan ahoz behera zetzan harrizko semea astinduz. Mikel, egin zuen garrasi.





AGURRA. COCKTAILALANOCHECER

Arantxa ez duk azaldu oraingoan, baina hartuko diagu beste bat, ezta?

Bai, irakurri ditiat, eta ez zeudek gaizki, ez, ez zeudek batere gaizki.

Ipuinetan zehar barku txiki batean ikusi haut, ozeanoa egurrezko arraun xume pare batekin zeharkatu nahian. Eta hori ez duk txarra. Sinistuidak, ez duk batere txarra. Gaztea haiz, eta garbi ikusi diat hori. Gaztea haiz eta idazlea ere bahaiz. Idazleak baitira barku txiki horietan arraun egitera ausartzen diren bakarrak. Idazleak baitira Saharako hondar ale guztiak tamaina eta egituraren arabera handienetik txikienera sailkatzen saiatzen diren bakarrak. Infinitua silaba gutxitan bildu nahi duten bakarrak.

Baina ez diat, egia esan, literaturaren erretolika miresgarri eta liluragarria egiteko gogo handirik. Nik animatu egin nahi haut. Ofizio polita duk benetan. Ausardia pixka bat falta zaik, baita hire burua eta eskuaren arteko bidea laburtuko dituzten irakurketa eta idazte saio luzeak ere, baina aurrera txo, ez habil bide txarretik, serio ari nauk.

Ze erraza den oroitzea gaztea nintzeneko eta lehen aldiz maitemindu nintzenekoa, nire Pariseko ibilera ero haiek, hura b ai hura bizipoza, debozioa, hura bai hura ezinegon eta imajinazio i suria. Eta hasperen egitea eta ondoren esatea ai, gaztea nintzenean. Ze erraza den. Nik hori biziagotu nahi diat higan, bizipoz hori, idazteko sugar hori…

Berandutzen ari zaidak, bederatzietarako gelditu nauk. Hala ere, ezingo nikek munduan gehien maitatu nauen emakumearen ipuina kontatu gabe alde egin… Kontakizun hau hire deskarga elektriko, garrasi eta abarrei amaiera geldo baina tragikoa emateko aproposa duk, liburu on bat ixtean sortu ohi den bat-bateko iluntasun misteriotsua eragiteko etengailu automatiko egokia duk. Askok plagio zikin bat besterik ez dela esaten zidatek. Nik ez zieat kasu zipitzik ere egiten. Hik ikusiko duk. Lehenengo pertsonan kontatuko diat. Adi ezak.

MUNDUAN GEHIEN MAITATU NAUEN EMAKUMEA

Munduan gehien maitatu nauen emakumearen izena Elena zen. Nik pertsona baino gehiago maite nuen, ordea, bere maitasun neurrigabea. Halaxe da: ez nuen bera maite, bere maitasuna baizik.

Ordu gutxi batzuetako urteak iragan genituen elkarrekin. Urte gozoak izan ziren, aho sabaian urtutako txokolatearen modukoak. Ederrak benetan. Hala ere, kezkatzen hasi nintzen urtetik urtera areagotzen zihoazen bere hasperen amaigabe haiek zirela-eta. Hasperen bakoitzean maitasun partikulak libratzen zituen, eta nik hori ezin onartu. Ez, ezin nuen eraman.

Gau batean, bere alboan uzkurtuta nengoela, hasperen egingo zuela sumatu nuen. Hasperen egingo zuen eta bere maitasunaren ale gehiago askatuko zituen. Horrelako beste galera bat ezin jasan nezakeen. Aitor dezadan, lepoa estutu nion maitasun isuria barnean gera zekion, maitasuna bere osotasunean nirea izan zedin.

Benetan diotsut, ez nuen nik hil. Barrenean zeraman maitasun neurrigabe hark egin zion eztanda. Maitasunez hil zen, benetan.



5 Comments:

Anonymous Anonyme said...

¿ 2?

5:03 PM  
Blogger MAGABILA said...

Ezezagunari:

Komentarioak desagertu dira betiko. 0. Interneten ahaztura horretan betiko galdu dira. Gelditu dena sentsazio hutsa da, eta ez da gutxi.

Hementxe daukazu HIRIKO AHOTSAK ipuin osoa, eskatu zenidan bezala.

Ez dakit nirekin berriz kontaktuan jarri nahi duzun; hala bada, problemarik gabe erantzungo nizuke.


Au revoir

5:04 PM  
Anonymous Anonyme said...

ixxxx
aurrenko Hiriko ahotsaken ezezagunak ( oso ezezaguna ez da , gure madame ) eta biok utzitako komentarioak ere fly egin dute.
ez du ajola .

5:14 PM  
Anonymous Anonyme said...

Lana bikaina da benetan. Segi arraunean eta haize bultzada behar baduzu, abisatu.

7:40 PM  
Anonymous Anonyme said...

Nork esango luke... hor sakabanatuta irakurritako piezak orain puzzle baten moduan elkarlotuta.
Bikaina.

8:53 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home