metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

samedi, mars 04, 2006

Ez dakit zergatik egiten duzun hori, egin zuen garrasi Luciak, erortzear zeuden malkoen jarioa aurreikusten zuen ahots dardartiarekin.

Ez dakit zergatik egiten duzun hori, ez dakit zergatik egiten duzun hori… Joder, ixildu zaitez! Beti berdin zabiltza! Badakizu ezin dudala jasan ume honen txilioa! Aski da, horrela ikasiko du.

Luciari beldurra ematen zion Fernandok horrela jartzen zenean. Umeak etxean zehar korrika ibiltzeko ohitura zuen, eta garrasi egiten zuen batzuetan, garrasi zorrotz eta ziztatzailea betiere, gurasoek jaramonik egiten ez ziotelako-edo mimo eskean. Hasieran mainatia halakoa edo horrelako zerbait esan eta bakean uzten zuen Fernandok. Baina hilabete izango zen lanetik bota zutela. Eta mingostuta nabaritzen zuen Luciak. Harrezkero, esaterako, umearen garrasiak isilarazteko kokotxetik gora egin ohi zion indar bere eskutzarrekin eta, bitartean, isildu zaitez, isildu zaitez xuxurlatzen zion. Arrats horretan, aldiz, kokotsetik gora indar egin ordez, bere bularraren aurka estutu zuen haurraren burua, arnasa hartu ezinda geratu arte zanpatuz.

Isildu zaitez, horrela, horrela, ixi, ixi…

Nahikoa da, ito egingo duzu, oihukatu zuen Luciak, negar-malkotan dagoeneko eta beste aldera begiratuz. Ito egingo duzu, ito egingo duzu, zioen bere senetik aterata.

Andregaiari ondo da esan nahian bezala begiratuz, umea askatu eta sofaren sabelean uzkurtu zen Fernando. Telebista piztu zuen. Kotxeak, autobusak, pertsonak sutan. Porrak, bota beltzak korrika. Deiadarrak eta kea.

Umea negarrez hasi zen.

Gaur berandurarte geratuko naiz, esan zuen Fernandok. Miamikoa botako omen dute, Jimmy-k gitarra erre zuenekoa. Mandoa eskuartean hartu eta zapping egiten hasi zen. Bolumena igo zuen, Mikelen txilioak isilarazi nahian-edo.

Egizu nahi duzuna.

Luciak Mikel besartean hartu, lasaitu eta biberoia eman zion. Nekatua egongo zara e Mikel?, esan zion negar-zotinka, horrelaxe, mutil handi-handia egiteko, ze ondo… Ez, aitak gaur zurekin ez du ongi jokatu, xuxurlatu zion malkoak xukatzearekin batera, baina zuk ez egin negar, e Mikel? Zuk ez egin negar, inoiz ere ez, nik egingo dut bion partez… Eta laster zer egingo dugu? Ezetz asmatu! Alolitos joango gara, e Mikel? Eta istorio txikiak kontatuko dizkizut. Zuk ez egin kasu aitari, orkestratik bota zutenetik burua ezin altxatu dabil, baina pasatuko zaio. Eta nik kantatuko dizut, eta lo hartuko duzu, ados? Pasatuko zaio, hala espero dezagun.

Luciak bazekien bakarrik lo egingo zuela. Umea oheratu orduko sartu zen bera ere, oso goiz eta ezertxo ere afaldu gabe. Haserretzen zirenean eta negar egiten zuenean betetzen zuten prozedura zen hura. Afaldu gabe joan ohi zen ohera. Beti goiz, oso goiz. Fernando, bestalde, telebistaren aurrean geratzen zen berandurarte edo zerbait jotzen zuen bere kontrabaxuarekin, eta sofan hartzen zuen lo azkenik.

Morfeoren besoetan kulunkatzera zihoan momentu berean entzun zuen korden dardara Luciak. Sakon eta sarkor, Bach-en suitearen preludio hark benetan hunkitu zuen. Orbelezko izara lodi baten modukoa zen Fernandoren jarduna Luciarentzat. Tximeleta lokartu sentiarazten zioten akordeek, zeintzuk oihartzun urrun baten antzera hedatzen ziren auzune euritsu eta grisean. Udazkeneko haizearen kiribilak eratzen zituzten nota bihurri bezain pisutsu haiek txikitako paseo eta jolasak gogorazi zizkioten Luciari. Gurasoen besarkadak, neguko sukalde beroa, egurren txinpartak. Paisaia ospelen ondoren udaberria, eta Lucia bera tximeleten atzetik lasterka zalapartatsuan.

Gozo, baketsu, hartu zuen lo. Malko tantak masailean lehortzear zituela itxi zituen begiak.

Lucia goizean goiz atera zen etxetik. Umea Fernandoren esku utzi zuen, eta eginbeharrak papertxo batean apuntatu zizkion.

Uste baino denbora gehiago behar izan zuen erosketak egiteko. Eguerdiko hamabietako eguzkiak ortzia urratu ondoren iritsi zen ezkaratzera. Zanbuluka, blai eginda, trakets betetako plastikozko poltsen mende zegoen pailazoa zirudien.

Bizilagunarekin topatu zen eta hark lagundu zion etxeko ateraino. Eskerrak emanda agurtu ziren. Atzoko liskarra buruan zuela txirrina jo zuen. Bakeroko poltsikotan, berokian, zorroan hasi zen haztamuka. Etxe barruan ez zuen hotsik entzuten. Arraroa, pentsatu zuen, Mikelekin parkera joan ote da. Giltza zorrotik atera eta atea irekitzearekin batera, sarrerako ispiluan post-it bat begiztatu zuen.

Barkatu.

Barkatu. Fernandoren letra zen hura. Plastikozko poltsak abandonatu eta arnasestuka hasi zen alde batetik bestera, kontrabaxuaren bila; ez zegoen bere lekuan, kontrabaxua falta zen. Eta giltzak, Fernandoren Renault-aren giltzak ere falta ziren.

Joder, putasemea, putasemea halakoa.

Mikel, galdetu zuen Luciak, sehaskan ahoz behera zetzan harrizko semea astinduz. Mikel, egin zuen garrasi.

5 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Joe, ze ondo idazten duzun.

10:29 AM  
Blogger xabi said...

pozoindutako akordeak jotzera kondenaturik

4:02 PM  
Anonymous Anonyme said...

bufff ze stresa ! bukaera asmatu daiteke ala ere . Baina tentsioa eta itsurazko baretasuna oso ondo deskribatzen dituzu . zorionak

4:36 PM  
Blogger MAGABILA said...

Ei eskerrik asko benetan hau osorik irakurtzeko asmoarekin lehen lerroei ekin diezuenei.

Biba zuek!

4:53 PM  
Anonymous Anonyme said...

Jaja, ez lotsatu! Oso oso oso ondo idazten duzu. Hortxe egia. Lehen lerroetatik hasten gara, bai, baina azken lerrora iritsiko garen ziurtasunarekin!

4:58 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home