metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, janvier 01, 2008

SMS-SOS

Urtarrilaren lehenengo eguna da, gaueko hamarrak laurden gutxi.

Etxean ez dago inor, bakarrik pasa dut urteko lehen eguna.

Eguerdi aldera bizilagunaren txaloek esnatu naute, Radetzky martxaren erritmora altxa naiz. Bada zerbait, ez da seinale txarra izan. Oroitzapen onak ekartzen dizkit, txikitakoak.

Aspaldiko partez, esnea bultzaka isuri bitartean, Tom Waits entzuten jarri naiz. Poxpoloa piztu dut eta esnea berotzen hasi aurretik garrari begira geratu naiz segundu gutxiz. Bera bezalako lagun zaharrek ez gaituzte inoiz bazter uzten, ez horixe. Agian gogoraraziko digute galdu dugun guztia, baina erak, doinuak, hitzek, asko balio dute. Bakoitzaren miseriak agerian uzteko maila gutxi batzuk bakarrik dute.



Diskoa amaitzean hutsik sentitu naiz eta ez dut gogorik izan sukalde lanetan hasteko. Ur baso bat edan eta leihotik kanpora begira geratu naiz.

Kanila tantaka somatu artean, etenaldi isil batean zirudien denak. Airean, leunki bibratzen, entzefalograma laua, entzefalograma astuna. Barruak jateko gai den isiltasunaren antzeko zerbait.

Osabak emandako dirua liburutan gastatzeko unea dela pentsatu dut, baina burukominak desegindako ohean mantendu nau.

Harrigarria da alkohol usainaren indarra, izarek erabat ustelduta dirudite.

Zugan pentsatzen igaro dut egun osoa, eztakit zertarako galdu dudan denbora aurreko guztia idazten.

Berogailua martxan jarri eta biluzik etzan naiz sofan. Kuzkurtuta, ispiluari begira jarri naiz eta angelurik urrunenean zure isla biluzia alferrik bilatzen pasa dut denbora.

Errepikatu egin nahi dizut, nire ezpainek ezagun duten bidean galdu nahi dutela.

Ez daukadala inongo planik hurrengo hilabeteetarako.

Zurekin galdu nahi dudala denbora.

Idatzidazu.

3 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Zuk idatzitakoa ikusi dut urteko lehen egunean islatuta.

Testu paregabea urtea hasteko. Sentipena, agian, ez.

12:21 PM  
Anonymous Anonyme said...

nola sentipena ezetz?

7:23 PM  
Anonymous Anonyme said...

ez dakit zenbat aldiz egin ote dudan nik gauza bera, ispiluari begiratu eta norbaiten (zure) irudia nire atzean ni besarkatzeko gogoz dagoela imaginatu.

Badakit ni baino garaiago zarela, bai fisikoki bai intelektualki, baina prest nago anka puntan jartzeko zugana iristeko, zure ezpainak musukatzeko, zure maitasuna sentitzeko, eta zuk ere nirea sentitu ahal izateko.

egunen batean nire ametsak egi bihurtuko direla pentsatzen ematen dut denbora, izan ere ziur bainago gure bizitza elkarrekin guztiz ezberdina izango litzatekeela, agian hobea.

9:37 AM  

Enregistrer un commentaire

<< Home