metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

samedi, décembre 08, 2007

Goizero-goizero 8:30ak aldera jaikitzen da. Betiko ordenari jarraiki, esnatu ondorengo minutu samurretan komunekoak egiten ditu, patxadaz betiere, agian lasaiegi inguruan presaka dabiltzanentzat.

Urte adina kilo, hankak mantso-mantso arrastatuz egin ohi du sukalderainoko bidea eta, luze eta zorrotz hasperen egitearekin batera, manta berdez egokitutako aulkian plof esertzen da.

Lehen errezoekin batera gosaltzen du. Gerra, gerraostea eta diktadura pasa dituen belaunaldikoa da, eskolak gazte utzi eta bizitza lanean pasa dutenetarikoa: lehenengo Zegamako baserrian, gaztetan neskame Donostian eta, ezkondu zenetik, gizonarekin batera Hernaniko harategi batean eta etxean.

Gosaldu ostean, betaurreko zaharrak jantzi eta gutun-azal handietan gordeta dituen errezoak ateratzen ditu, ordu-erdi inguruz ahapeka irakurtzeko. Gurasoak, gizona, anai-arrebak, familiartekoak, lagunak, familiartekoen lagunak, lagunen lagunak eta ezagun gehienak ditu gogoan. Eskelak arduraz gordetzen ditu, El Diario Vasco sortu aurretikoak ere bai, egunero eskuartean ibiliagatik osorik dirautenak, eta abemariak esan bitartean muin ematen die, asko maite dituenei behin baina gehiagotan.

Bizitzan zehar bere buruari galdera gutxi egin dizkiola pentsatzen dut, baina aurrera tinko eta makurtu gabe jarraitzeko behar izan dituen erantzun guztiak aurkitu dituela. Bizitzak ez du inolaz ere goxo hartu, baina oraindik barre egiten du gogotik heldu gerritik jarri eta berarekin dantzatzen dudanean.

Etxe berrira joan eta berriz banantzen garenean, bizitzera berarekin batera joan beharko dudala esaten dit erdi-brometan, gauaren erdian telefonoak jotzen duenean asko ikaratzen baita etxean bakar-bakarrik badago.

Euren mundua eta gurea oso ezberdina da; izan ere, mende ugaritan jo beharko genuke atzera oraingo aitona-amona eta biloben artean ematen den adinako saltoa topatzeko. Hala ere, badago elkar halabeharrez lotzen gaituen hari sendo eta apurtezin bat. Badago ezin deskribatuzko jarraipen edota emate-jasotze sentsazio bat, nahiz eta haiek inoiz ezingo gaituzten erabat ulertu eta guk ere ezin izango dugun inoiz beraien pisua erabat kendu.

Hau idatzi bitartean bazkaltzen ari da, laster amaituko du. Ondoren telediarioa ikusi nahiko du eta, gaur Saber y ganar ez dagoenez, pixka bat paseatuko du. Kaletik bueltan, bapo meriendatu ondoren, arrosarioa eskuan etxeko pasilloan zehar hasiko da alde batera eta bestera. Guztiok partekatzen dugun ihes zentzugabe bezain humanoan mantso baina gelditu gabe, hatz lodiarekin pasatako arrosario-bihi bakoitzak bultzadatxo bat emanez pausua arintzen lagunduko balio bezala.


Heldu gerritik, heldu, ta goazen hegan
Ta ez gelditu zerua bukatu arte
Etorkizuna, nahi duzuna zugan dago
Zer falta zaizu esaidazu zer ?

Egin ezazu egin behar duzuna
Negu Gorriakek ere hala zioen
Askatasuna, maitasuna zugan daude
Ez utzi inori lapurtzen ezer

Ez dago ezer lortu ezin duzunik
Igo pareta eta oihu egizu baietz
Ta ez itxaron iluna abailtzeraino
Esna zaudela egizu amets

Begiratu zure gainera
Izar guztiak zuretzat daude
Baliatu lehen aukera
Azkenengora iritsi gabe