metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

lundi, décembre 31, 2007

EGUN HAU

Suposatzen dut ez daukadala ezertarako gogorik, eta horregatik nagoela hemen, pantailaren aurrean, inongo norabiderik gabe –ez maparik, ez brujularik– zentzugabekeria hau dena idazten.

Askotan pentsatzen dut lehen tekilatxoaren ordez REM aluzinazioekin ekin nahiko niokeela urte berriari, aukera hau lasaitasun osoz har baneza. Disko pausatu batekin, gaueko hamarretan esne beroa eztiarekin hartuz, azala azalaren kontra aurrez txukun egindako ohean etzanez –maindireek estaltzen gaituztenean eta hankak elkarren kontra igurzten ditugunean, umetako sentsazioak oroituz, barre txiki batzuk eginez–.

Gaur gauean ere betiko kantak entzungo ditugu eta denak ohiko pasioz dantzatuko (baita, gezurra badirudi ere, dagoeneko potrotaraino naukan Jo ta ke. Bai, bai, jubilatzear dagoen irakurle: sinisten ez baduzu ere, gu ere kanta hau entzunez hazi-hezi gara-gaituzte).

Gerra zibileko brigadista lez ukabila altxatuta Bella Ciao edota Bandiera rossa kantatzen dutenak izango gara, edota azken alkohol tanta izerdituz Cadillac solitario –alegiazko mikrofono eta guzti– zuretzat bakarrik zapuzten dutenak (bai, bai, jubilatzear dagoen irakurle: zure moduan, guk ere kanta hauek aukeratu ditugu hazteko. Zergatik jartzen dute hain gutxi Loquillo?).

Hurrengo baterako utziko ditut ariketa honek berpiztu dizkidan Liburu honek bizitza kenduko dizu (based on the title Este libro le salvará la vida) eta Lapurreta literarioa ideiak.

Petardoak botatzen hasi dira jada. Momentu hauetan gerra pasatako soldadu traumatizatuetaz oroitzen naiz: belarrietan tapoiak jarri eta euren geletan giltzaperatzen dira, etxafuego bakoitzak bihotza berriro txikitzen dien bonben oroitzapena baitakarkie.

Baina, mekauenla, alai gaitezen bizirik gauden bitartean! Are, gaurkoan taberna guztiei su emango zieau!

Urte berri on!