metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, mai 30, 2006

ARKITEKTOA

Lurreko harriekin etxe bat eraikitzen aritzen zinen zure lagunekin. "Sugandilak hemen biziko dira" esaten zenuen. Ondoren, lore batzuk ipintzen zenituen harrizko etxearen sarreran, "sugandilak bere amatxori emateko". Ondoren, hauts artean zure izena idazten zenuen, "Ahmed, arkitekto handia". Eta letra horien ondoan zure oinatzak uzten zenituen, zure etxeraino eramaten zintuztenak. Eta etxeko atea zabaltzean barrura sartu eta muxu ematen zenion amatxori. Muxu ematen zenion aitatxori.

Afaldu ondoren aitatxok ipuin bat kontatu ohi zizun. Behin esan zizun nola bazen arkitekto bat dirurik ez zeukatenengana joaten zena eta izugarrizko txaletak eraikitzen zizkiena desertuaren erdian. Milaka txalet eraiki zituen, gameluak uzteko garaje eta guzti. Egun batean, ordea, mendebaldetik aberatsak joan omen zitzaizkion mehatxuka, dirurik ez duen batek etxerik ere ezin duela izan esanez. Berak ezetz erantzun zien, dirurik ez edukitzea arrazoi bat gehiago zela etxe bat edukitzeko, guztiok daukagulako zerbait edukitzeko eskubidea. Baina, mendebaldeko gizonek, zimurrez beteriko aurpegiak eta eskaadorak zituzten haiek bere gainetik igaro ziren, bere txaleten gainean beraientzako palazioak eraiki zituzten. Eta hantxe bizi dira ordutik, palaziotan. Arkitektoaren gainean eraikitako palaziotan. Baina, arkitektoak, hil aurretik esandakoaz oroitzen dira: "lurra guztiona da, ez da inorena". Eta egunero milaka arkitekto jaiotzen dira. Halaxe esan zizun. Eta muxu eman zizun ondoren. Muxu eman zizun azken aldiz.

Hurrengo goizean ama negarrez ikusi zenuen etxeko sukaldean, zuk kalean eginiko harrizko etxeari begira. "Non dago aita?" galdetu zenion. "Arkitekto handia izango zara, bera halaxe izan zen". Eta hildako arkitektoarekin oroitu zinen. Eta bere lekukoa hartu nahian beste etxe bat eraiki zenuen sugandilentzat. Baina, bukatu zenuenerako tanke batek zapaldu zituen zuk eginiko bi etxe haiek. Eta ohartu zinen sugandilarik ere ez dela bizi Palestinan. Suge gorri gehiegi daudela.

Baina geroz eta arkitekto gehiago ere bai.

2 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Palestina...

Hain katastrofiko eta hain esperantzagarria

Askatasunaren arkitekto gehiago behar ditugu

6:36 PM  
Anonymous Anonyme said...

I really enjoyed looking at your site, I found it very helpful indeed, keep up the good work.
»

8:50 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home