metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

dimanche, février 05, 2006

"Txanpon baten truke"


Txanpon baten hotsa entzun zen. Txanpon baten hotsak burdinezko bihurtu zituen gitarraren sokak: burdina bezain hotz.

Zuk ezetz esan zenion: ez zenuela dirurik nahi. Entzutea nahi zenuela. Baina, berak, mundu honetan entzuteko denborarik ez dagoela erantzun zizun. Denboraren ordez dirua emango dizula esan zizun. Zuk ez zela beharrezko erantzun zenion. Bere emazteari besotik heldu eta "tipo hau seko jota dago" esan zion. Eta, zuk, irribarrez gitarra jotzen jarraitu zenuen; sokak zure neska laguna bezala laztanduz.

Txanpon baten hotsa entzun zen. Txanpon baten hotsa entzun zen, musika estaliz. Zuk ezetz esan zenion; kalean jotzen jarraitzea nahikoa zela zuretzat. Berak erantzun zizun hotz egiten zuela, eta kafe bat hartzera joateko. Zuk kaferik gabe ere ez zenuela hotzik pasatzen bota zenion. Eta, gitarra esku artean hartu zenuen, irribarrez. Eta kalean oinez zihoazenei begira geratu zinen: itzala atzeti jarraika zutenei; beraien itzala bezain ilunak ziren haiei. Eta kantuan jarraitu zenuen, irribarrez; munduko denbora eta berotasun guztia zurekin bazenu bezala.

Hurrengo egunean; kartoi artean aurkitu zintuzten. Ez zenuen kantatzen. Baina irribarrez jarraitzen zenuen; munduko denbora eta berotasun guztia zurekin baitzenuen. Eta txanpon bat landatu zuten zure hilobian.

Eta hilerriko lore guztiak ihartu egin ziren.