metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mercredi, février 01, 2006

Iraultza

Iraultza bat egin nahi genuen. Egunkaria berriz ez genuela irakurriko erabaki genuen. Berriz ez genuela botorik emango pentsatu genuen. Mendira bizitzera joango ginela erabaki genuen; hiritik urrun, jendearengandik urrun, denborarengandik urrun.

Eta egurrez eraiki genuen etxea. Ez genion leihorik ere jarri; zulotxoak utzi genituen. Airea sartzeko. Bakardadea sentitzeko. Iraultza bakartia baitzen gurea; izarrei aske begiratu nahi dion jendearen iraultza; belarretan oinutsik ibili nahi duenaren iraultza; zentzurik ez duten gauzak idatzi nahi dituen jendearen iraultza. Zentzuzko mundu honetan zentzugabekeria apur bat sartuko dutenena.

Eta, hala, oinutsik paseatu genuen belazean; naturaren laztana sentitu genuen. Eta, lurrean etzanda, izarrei begira igaro genuen gau guztia; elkarri helduta.

Baina negua heldu zen. Eta, neguarekin batera, agure bat gure atarian eseri zen. Bi aste igaro zituen bertan. Bi aste igaro zituen lurrean eserita. Ez zuen ezer jan. Ez zuen ezer edan. Txoriak sorbaldetan pausatzen zitzaizkion eta kantari hasten. Baina, berak, ortze mugara begiratzen zuen.

Elurrak bere burua zuriz margotu zuen. Guk kafe bat eskaini genion. Berak aurrera begira jarraitu zuen. Eta barre egin genuen bere kontura.Barre egin genion bere zentzugabekeriari. Barre egin genion bere pasibitateari.

Baina, udazkenak, osto guztiak eraman zituen.

Eta, hurrengo neguan, gu ere bera zegoen lekuan eseri ginen.

Ez dagoenari begira. Egon daitekeena ikusiz.

2 Comments:

Blogger MAGABILA said...

Elegante, beti bezala

11:33 PM  
Anonymous Anonyme said...

eta zuei ere barre egin al zizueten ? Zikloa errepikatzen al da ?

10:29 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home