HOME, SWEET HOME
Jada etxe barruan, atea apenas zaratarik atera gabe itxi ondoren, arnasa sakon eta patxadaz hartzeari ekin nion.
Ez nengoen urduri, baina arreta handiz ibili nahi nuen. Sarreran bertan iltzatuta, ez atzera ez aurrera gelditu nintzen minutu gutxi batzuz: burua argi edukitzea beharrezkoa zen.
Bat-batean, urrutian, kanpai hots laburren ziztadek gaua momentu batez desitxuratu zuten.
Gaueko ordu biak, aurreikusi bezala.
Milaka ametsez ehundutako iluntasuna berriz ere manta lodi bat lez abaildu zen hiriko teilatu lokartuetan. Ez nuen presarik, gizon lasaia naiz: momentu bakoitza gozatzeko asmoz zapaldu nuen berriro lur hura.
Nire inguruan dena egon behar zuen lekuan zegoen: garbitu gabeko ontziak arraskan pilatuta, irekitako latak mahai gainean, manta koadroduna sofako izkina batean kiribilduta –gau ero haietako izaren moduan–.
Ni gabe igarotako denboran asko aldatu ez zela pentsatzeak lasaitu egin ninduen; are gehiago, garaipen txiki bat zen niretzat. Agian gauzak ez ziren hainbeste aldatu, agian oraindik faltan sentitzen ninduen.
Animatuago, aspaldi ez bezala jaka sukaldeko aulki batean eta etxeko giltzak frutarako plateraren ondoan utzi nituen, oraingoan isil-isilik.
Nahiz eta berari aurkakoa aitortu, banandu ginenetik etxeko giltzen kopia bat beti gorde izan nuen. Hala ere, barru-barruan biok genekien baina hitz egiten ez genuen beste sekretuetako bat zen hura. Elkarren bizitzetan muturra ahal zen gutxien sartzea zen kontua, eta kitto.
Distantziak denbora gutxian ikaragarri ugaldu ziren ordea, eta aspaldidanik sortua zen nire baitan bertara itzultzera bultzatzen ninduen mintzoa. Izan ere, egunerokotasuna puskatzea oso gogorra egin zitzaidan: usaiak segituan ahaztu nituen, hitzek eta oroitzapenek uneoro traizionatzen ninduten, betierekoak ziruditen irudiak eta nahiak oharkabean lausotzen sentitu nituen.
Erotu aurretik itzuli egin behar nuen.
Pasilloan barrena, lurrean zehar barreiatutako arropen bidea jarraituz, gelarako bidea aiztoa esku batean, bihotza bestean, eusten dituen hiltzailearen modura egin nuen.
Hain urrun al zegoen maitale sutsuak gineneko garai hura? Aurrean zuen gelan lo zenak pasilloko bide berbera suge gosetien modura egiten genuen garai hura ahaztuta zuela pentsatzea ezinezkoa zitzaidan.
Arnasa hartu nuen berriz ere: sakon eta patxadaz.
Erdi irekitako atea bultzatu eta gure koartora sartu nintzenean, ordea, segundo gutxitan bihotza itotzen sentitu nuen, espero nuen silueta bakarraren ordez, ohean, elkar besarkatuta, bi pertsona sumatzean.
3 Comments:
Denontzako ez dala denbora martxa berdinean pasatzen. Batzutan astuna da, bestetan arina eta erosoa...
ondo izan!
ejem...
no comment.
paralelismoengatik, mylove.
and by the way: give me back the keys!!!
leonard cohenen abestiak segituan sart nau giroan. narrazio musikatua irakurtzen dudan lehenbizko aldia da, ta kasu honetan bikaina.
bai, gau giroa. etxeratu egiten zaren uneko denbora arraro hori...
aiztoa eta hiltzailearen itzala aipatzen duzunean, momentu batez, kakaztuko zenuela pentsatu dut. pelikula amerikanoetan bezala, odol kontuetan beti. baina,ona. bizitzaren mikro-istorioak.
Enregistrer un commentaire
<< Home