metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

jeudi, février 21, 2008

OFF THE RECORD

Seme-alaba guztien bizitzan beti iristen da garai bat zure gurasoekiko erlazioa planteatzen duzuna. Euren bizitzako ibilbideak ulertzeko eta juzgatzeko eta hartu dituzten erabakiak, hauen zergatiak eta ondorioak maila bereko talaiatik ikusteko gai sentitzen zara. Bizitzako puntu batetik aurrera, beraien antzeko bidegurutzetan zaude zu ere, baina nora jo aukeratzea orain zuri tokatzen zaizu.

Mais bon, ça suffit; nire amak irakurri ohi zituen Bernabé Tierno-ren gida espiritualen tonua alde batera utziz (Valores Humanos I, Valores Humanos II, Valores Humanos III, IV, V,…, amaigabe horiek), ohartzen naiz nire gurasoen bizitzako 50 urte igaro direla eta ezer gutxi dakidala beraietaz.

(Idazten dudana irakurriko ote dute?)

Historialarien moduan, guk ere gure bizitza zatitan banatu ohi dugu: ikastola baina lehen, ikastola eta gero; lehenmaitea baina lehen, lehenmaitea eta gero; Renault5-a baina lehen, Renault5a eta gero eta abar eta abar. Baina denok dakigu banaketa horren barruan dauden gauza txikiek bultzatzen gaituztela alde batera ala bestera.

Renault5a baino lehen eta Renault5aren ondorengoak denok dakizkigu, bai gureak eta bai besteenak ere; baina arrazoi ezkutuak, desirak, traizioak, bakoitzaren konplexuak edota barregarri geratu garen momentu eskatologiko horiek inor gutxik dakizki. Gure buruari ere batzuetan aitortzen ez dizkiogun sekretuak dira askotan; obsesioak, burutik kendu eziniko gauzak. Erabakirik txikienean ere pisurik handiena dutenak.

Geure barrura lotu ziren, luzerako lotu ere. Tenia -solitaria- gosetiak dira, eta larrek enborra kiribiltzen duen moduan inbaditzen dituzte gure barrenak.

Keinuetan eta esateko moduetan ere hor daude. Abandonatu ezin ditugunak dira, ahaztu ezin ditugunak.

Bizkar gainean denok daramakigu pisuren bat.

Oroitzen naiz ume moko bat nintzela nola kontatzen zidan aitak lorearen eta erlearen istorioa, nik haurrak nondik zetozen galdetzerakoan (bai, bai, Bollywood-en baina okerrago). Beste maila batean, baina orain ere iruzur handi batean bizi naizela sentitzen dut. Nire inguruan behintzat fartsa, kezko estalki, gezur onartu eta hipokresiaz ezkutatzen ditugu bizitzako gauza inportanteenak.

Zuek ez dakit, baina ni behintzat Olentzeroren traizioaren sindromeak jota bizi naiz.


P.d.: Gaur Camus-en La peste–ri buruz idatzi behar nuen. Nire gurasoek bizi izan zuten garaiaz interesatzea patologikoa iruditzen zaidalako hasi naiz aurreko guztia idazten. Olentzeroren traizioaren sindromearen aztarnak I.H. lagunak atzeman zizkidan, aurreko urtearen hondarretan azken aldiz geratu ginenean (fuck your mother, kill your father hori errepasatu genuen horretan, oroitzen?).

5 Comments:

Anonymous Anonyme said...

(izugarri Marías, berriz ere, bere asteroko artikuluan)

8:34 PM  
Anonymous Anonyme said...

liteke fartsa horren geruza tipula azalez babestuta edukitzen dugula.
Maiz sentitzen naiz zeure antzera, gurasoak ezezagunak bailitzake urrun ikustea.
Sentitzen dut barrote batzuk egongo balira bezala, iraganaz galdetzea eta euren oinatzak iragarri ahal izateak, gauzak lekuz mugituko lituzkeela eta batzuetan horren behar gabekoak ditudala...iada ez dakit ze pentsatu.Agian diozun Olentzeroren traizioaren sindromea den ala nigan behatu beharreko beste lore bat, petaloz petalo kentzen hasteko...

10:21 PM  
Anonymous Anonyme said...

Muturraren aurreko pantaila honek, zure hitzak irakurri eta gero ispilu bat dirudi.

11:30 PM  
Anonymous Anonyme said...

nei olentzerorena anaiak kontatu zidan...ta erru guztia berari bota nion. Maitasun-gorroto harremana berarekin daukat nik. Nahiago nuen engainatua bizi.

12:08 AM  
Anonymous Anonyme said...

Askotan gurasoen bizitzak hobe zeudek izkutuan gerora damutu ez gaitezen. Nik uste diat Olentzeroren sindromea baina gehiago Peter Pan sindromea dugula. Heldu sentitu arren oraindik haien aurrean bere begietako txikia bezala hartzen gaituztek. Hori duk arazoa! Oraindik haur gaituk, beraz disfrutatu behar diagu!

10:56 AM  

Enregistrer un commentaire

<< Home