metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mercredi, août 01, 2007

ABSENT(a) NIGHTS (PART 2)

PRETTY GIRLS MAKE GRAVES

Uztailak 31, Small change eta The Smiths

Donostia-Paris

Donostiaren zabalgunea Paris imitatuz edo, behintzat, bere estiloari jarraiki egin zela uste dut, orain dela hiru urte-edo ingurune soziokulturaleko klaseetan ikasi nuenaren arabera. Ensanche edo zabalgune hau diseinatu zuen arkitektoaren abizena, oker ez banago, Cortázar zen. Urumea ibaiaren hegaletako arkitekturaren sintonia (tokatu ez zaizkidan babes ofizialeko etxe malapartatu horien baldartasun estetikoak soilik hautsia) edota umez betetako Artzain Ona katedralaren ingurumariak ez al dira, bada, amestutako Paris horren oihartzun? Zabalgunearen diseinuaren bitxikerien artean, aurrez aurre dauden katedrala eta Santa Maria elizaren arteko kilometro bateko distantzia aipatuko nuke, hiri zahar eta zabalgunearen arteko lehia arkitektonikoaren isla.

***

Kafe berotan nostalgiko


Ez zen erabateko déjà vu –a izan, baina Groseko kafetegi hartako aulki txuribeltz hartan, kalera begira edaten, paristar sentitu nintzen. Bilboko metroan sartu eta eskailera mekanikoak usaintzea bezala izan zen, ahanzturan galduak ziruditen Cité universitaire, Châtelet edota Trocadéro –ko bagoi karrankarien marmarra nigan berpizteko. Arraroa badirudi ere, momentu horietan soilik ohartzen zara zenbat gustatzen zaizkizun balkoi estuetan eserita hurrengo zigarroa ausentzia tolesgabez pipatzen duten emakumeak, amatatu berri dutenaren kean begirada oraindik galduta duten emakume eder horiek.

Paris ezagutu nahi dut, baina neguan.

***

Kate

Aurrekoa idazten bukatu dudanean, jada errailik gabeko bagoi bihurtuta, nire pentsamenduen ilara kaotikoak noraezean jarraitu du, izena dagoeneko ahaztu dudan Richmond-eko geltoki ilunean pausatu arteraino. Orduan, banku bakarti batean eseritako Kate-en ile horia metroaren lehen bagoiaren bat-bateko agerpenak nola astintzen zuen oroitu dut nostalgia apur batez.

Bi urte luze pasa dira dagoeneko. Ederra zen Kate, baita gezurretan ibiltzen zenean ere. Bere anaia diseinuzko drogekin lepo kolokatzen zen eta, hori gutxi balitz, bere betiko mutilak berebiziko jipoia eman ondoren kokaina gramo gutxi batzuengatik abandonatu zuen helbiderik gabeko pisu batean. Bere amak maitale ugari zituen eta harritzeko moduko bibragailu bilduma bat ere bai, barruko erropen azpian ezkutatuta. Kate-k, ordea, bere miseriak azaltzerakoan, gezur txikien hari ikusezina erabiltzen zuen, narratzaile onenen modura sentimendua transmitituz, baina esperientzia pertsonalaren eta istorioaren artean zeharkaezinezko amildegi literarioa sortuz.

Kate hauskorra, Kate alaia, Kate ausarta. Oroitzen zara nitaz, batzuetan bada ere? Musika asko entzuten zuen, Morrissey asko gustatzen zitzaion. Hilabete bakar batean ehunka kilometro egin nituen bere kotxean, niretzako berriak eta liluragarriak ziren taldeak deskubrituz. Autobide bakartietan, lau leihoak ireki, azeleratu eta kantatu egiten genuen.






Gaua abaildu ostean, inprobisatutako edozein festa erora pare bat kajakada Coronita maleteroan, beste pare bat alboan, generamatzala, bakoitzaren bizitzako zati alaienak eta gogorrenak trago laburrekin tartekatzen genituen, istorioen hutsuneak gezur txikiekin osatuz.

Estatubatuarrek hainbeste deformatu eta itxuraldatu duten askatasuna, bere esentzia primitiboenean sentitzen nuen Katengan. Uneoro borborka, uneoro lehertu beharrean.

2 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Nork ez luke nahi Katekin bidaiatu gezurrak entzuteko bada ere? The Smiths, Coronita eta kotxeko leihoak zabalik egindako bidaiak. Zer gehio nahi dugu?

Perla bat bigarren zati hau.

11:03 PM  
Blogger MAGABILA said...

http://www.youtube.com/watch?v=kGnjrTkv1gs

12:35 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home