metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mardi, août 15, 2006

PARISKO METROA

Larunbatero ikusten zaitut. Larunbatero ikusten zaitut Alde Zaharrean, jadanik gure tenplu bihurtu dugun taberna ilun horretan. Eta larunbatero begiratzen didazu. larunbatero begiratzen didazu begietara. Kuriositatez begiratzen zenidan hasieran, mutiko batek oparitu dioten lehenengo baloiari begiratzen dion bezala. Nik ere kuriositatez begiratzen nizun, Parisko metroa lehenengo aldiz ikusi nuenean bezala.

Metroa askotan ikusi dut pasatzen, metro asko ikusi ditut pasatzen. Metro asko. Zu, berriz, metro gutxitara eduki zaitut larunbatero. Ez dakit zure izenik. Metroaren izenik ez dakidan bezala. Agian, zuk ere, 25ci edo horrelako izenen bat izango duzun beldur naizelako edo. Nahiago dut ZU deitzea. Nahiago nuke ZU deitzea.

Milaka aldiz agurtu zaituzte nire begiek, milaka aldiz agurtu naute zureek. Eta milaka aldiz ikusi dugu elkar tabernatik ateratzen, mutiko batek bere lehenengo baloia trenbidez bestaldera joaten ikusten duen bezala. Parisko metroa urruntzen ikusten dugun bezala.

Eta maitasun mutu honetan urtu, hauts bihurtu baino lehen zerbait esan nahi nizuke. Bart zurekin amets egin dudala adibidez. Edo begi politak dituzula. Edo zure ile horia laztandu nahi nukeela. Hori bakarrik. Baina badakit "kaixo" mutu batekin agurtuko zaitudala parisko metroan. Bikoteak bereizten dituen tren gupidagabeari tonto aurpegiz begiratuko diodala kalimotxo katxi bat eskutan hartuta.

1 Comments:

Anonymous Anonyme said...

Bizitza triste eta ederra. Badakizu zergatik edango duzun horrenbeste kalimotxo, baina ez, ez diozu inori eskertu beharko.
Bizirik mantentzen zaituen xarma bat dagoela ikusten duzu, bakarrik. Beste ezer ez, oraindik.

12:20 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home