metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

jeudi, février 09, 2006

Askatasunari

Eguzkiari begiratu diozu. Goizero bezala eguzkiari begiratu diozu. Eta ez duzu argirik ikusi.

Goizero bezala hogeita zortzi buelta eman dituzu zure etxean, zure gelan. Zure sei metro karratuko ametsgaiztoan. Zure sei metro karratuko bakardadean. Sei metro karratu. Sei metro karratu gehiegi dira pertsona bakarrarentzat. Sei metro karratu hotz, sei metro karratu ilun. Beldurra, amorrua, desesperazioa, malkoak... dena kabitzen da sei metro karratutan. Eta, aldi berean, ez da ezer kabitzen. Sei metro karratu gutxiegi baitira pertsona bakarrarentzat. Sei metro karratu itxi, sei metro karratu zikin. Beldurra, amorrua, desesperazioa, malkoak... dena kabitzen da sei metro karratutan. Eta aldi berean ezer ez.

Sei metro karratutan ez da muxurik kabitzen. Eta, aldi berean, munduko maitasun guztia kabitzen da. Baina, maitasuna ere, sei metro karratutakoa izaten da, maitasun erraldoia, baina, sei metro karratutakoa. Eta, sei metro karratutan kabitzen ez direnek sei metro karratu horiek unibertsotik aparteko uharte moduan hartzen dituzte. Beraien buruak bezala. Eta, hala, unibertsoa bi uhartez osatzen da: sei metro karratukoa bata eta min infinitukoa bestea. Eta, horien artean, mundua dago. Ezer ez, alegia.

Baina, sei metro karratutan, mundu oso bat kabitzen da. Zure ametsak kabitzen dira, zure ilusioak. Hasieran. Baina, sei metro karraturen barruan eginiko ametsak sei metro karratutan urtzen dira. Eta sei metro karratuk jaten dituzte. Sei metro karratutan Euskal Herri oso bat kabitzen da, ametsetako Euskal Herri bat, begiak isten dituzunean. Eta, aldi berean, sei metro karratutan, 3650 marra baino ez dira kabitzen, banaka banaka desagertuz doazenak, begiak irekitzen dituzunean. Eta, sei metro karratutan, zu ere marra horiek bezala desagertzen ez ote zaren ari galdetzen diozu zure buruari. Baina, tira, gaur beste bat borratu duzu sei metro karratutan.

Sei metro karratutan, gazte bat kabitzen da. Eta, sei metro karratutan, gaztea heldu bihurtzen da, eta heldua agure. Eta horman borratutako marrak bekokian jaiotzen zaizkio berriro. Ubelduen ondoa, agian. Eta, azkenean, sei metro karratutan ez da gazterik kabitzen, bere itzala baino ez, urteen ispilu hautsian agerturiko islada desitxuratua. Sei metro karratu gutxiegi baitira gazte batentzat. Sei metro karratu zahar, sei metro karratu eguneroko. Beldurra, amorrua, desesperazioa, malkoak... dena kabitzen da sei metro karratutan.

Baina askatasunik ez.

Izarrei begiratu diezu. Gauero bezala izarrei begiratu diezu. Eta urrun ikusi dituzu.

Urrunegi.

16 Comments:

Blogger Ibon Zulueta said...

Euskal Presoak Euskal Herrira ORAIN!

10:27 AM  
Anonymous Anonyme said...

Presoa zelda bazterrean,
bakarrik mintzatzen bezala.
Baina ez, armiarma bati
galdetzen dio 'Noiz arte?'.
Armiarma, berehala,
zintzilikatu eta haria
luzatzen jeisten da.
Eta badirudi hari luze hori dela
armiarmaren erantzuna.


Sarri

11:14 AM  
Blogger MAGABILA said...

zure askatasunagatik

borrokatzen banaiz

kantatzen badut,

ez dut, urrikia dizudalako

kantatzen



ez.

ez eta zure malkoak

xukatzeagatik bakarrik





lurrak ura

eta sua

zuhaitzek haizea

harkaitzak uhinak bezala

neuk zu zoriontsu

libre behar zaitudalako baizik





zure askatasunean

zure zorionean ez ezik

ez baitut neurea

beste inun ikusten


Artze

11:22 AM  
Anonymous Anonyme said...

mahomaren karikaturen antza du . libertad de expresion !!!

7:17 PM  
Anonymous Anonyme said...

Adierazpen askatasunaren izenean edozer gauza esan ahal izatea ez genuke onartu behar.

7:25 PM  
Anonymous Anonyme said...

ez , arrazoia duzu koherentea den bitartean dena da onargarri ezta ? Ala ezingo da ezer esan , norbait minduko duzulako beldurraz. Erlijioa ere kritikagarria da , ezta ?

7:35 PM  
Anonymous Anonyme said...

Kritikagarria dena da, besterik da kritika zein helbururekin egiten duzun, alegia, zer lortu nahi duzun kritika horrekin. Kritikatzea, min egiteko, irrespontsabilitate hutsa da.

7:42 PM  
Anonymous Anonyme said...

ez dut uste kritikak berez min egiteko edo ondo egiteko zentzurik duenik.kritika ez da moralizatzailea. kritika egitea , galderak plateatzea da , eta ondorioz arrazoizko erantzunak aurkitzea. eta ez dut uste dena kritikagarria denik .definizioak ezin dira kritikatu. ezin duzu karratu bat kritikatu. kritikatzea ez da zure usteak bote prontoan botatzea , edoizeinek prozesu arrazional batez jarraituko lukeen bidea egitea da.

8:01 PM  
Anonymous Anonyme said...

Gauzak nahasten dituzu. Kritika bat, arrazoiaren bitartez (nik ez dut esan bote prontoan) egindako balorazio subjektiboa da. Dena kritikatu daiteke, esatean, dena baloratu daiteke, esan nahi nuen (parametro ezberdinetan, noski, ez beti ona-txarra zentzuan). Definizio baten egokitasuna baloratu daiteke, karratu baten perfekzio maila baloratu daiteke, karratuaren karratutasuna. Baina gauzak absurdoetara eraman gabe ere, zenbati kritikaren ondorioak baloratu behar direla, besterik ez nuen nahi esan. Kritikak ez direla beti egin daitezkeelako egin behar.
Nice to talk to you, anyway.

11:12 PM  
Blogger aitzol aiestaran said...

Ur tanta bakoitza giltza bat da.
Bada giltza bat, ate guztiak irekitzen dituena.
Ni, bitan pentsatu gabe, itsasoan sartu naiz.
Inor baino egoskorrago banoa igeri.

Ezinezkoa dela esan didate. Baina nik bilatzen jarraitu dut, indarra badut oraindik eta.

JustaFriend
JustMe

12:15 AM  
Anonymous Anonyme said...

"karratu baten perfekzio maila baloratu daiteke, karratuaren karratutasuna."
Karratu baten errepresentazioaren karraturasuna baloratu dezakezu, baina karratu batena ez. Karratua kontzeptu bat da, ez da fisikoa. Hala ere adibide hori ez dadezu ulertzen, hartu beste hau: hiru bat ezin duzu kritikatu. Hiru zenbakia hiru zenbakia da eta besterik ez.
"Kritikak ez direla beti egin daitezkeelako egin behar."
Zuk uste ez zela egin behar? Barkatu baina ez nago batere ados. Erlijioaren erabilpena jendea hiltzeko nazkagarria da -eta erlijio hori dutenentzako irudi bat baino askoz iraingarriagoa- , baina noski, mundu "tolerante honetan" ez da "politikoki zuzena" horrelakorik esatea.

1:46 PM  
Anonymous Anonyme said...

Beste gauza bat: definizioen egokitasuna ezin da kritikatu. Definizioa ezin da kritikatu.
Zure ustez ahal baldin bada, jarridazu adibide bat, kuriosidadez nago.

1:54 PM  
Anonymous Anonyme said...

Gauzak muturreraino eramaten ari zara, eta estremoetan absurdoak besterik ez daude. Definizio batzuk besteak baino hobeak dira, egokiagoak, ala ez? Hizkuntza ez da zientzia bat, eta ehuneko ehun definizio batekin asmatzea ez da posible izaten. Eta noski erlijioaren erabilpena hiltzeko nazkagarria dela, irudi bat baino askoz gehiago. Baina nik, berriro ere, ez dut kontrakorik esan! Eta kritika egitea ez dut inolaz ere alderatu nahi izan beraiek egiten dutenarekin! Baina, berriro ere, eta honetan insistitu nahi nuke, iruditzen zait zenbaitetan errespontsabilitate gehiagoz jokatzea ezinbestekoa dela, eta gure ekintzek dituzten ondorioak neurtzea ez dagoela gaizki.

2:03 PM  
Anonymous Anonyme said...

"Gauzak muturreraino eramaten ari zara, eta estremoetan absurdoak besterik ez daude."
Zergatik diozu? Nik ez det ezer estremora eraman.
"ehuneko ehun definizio batekin asmatzea ez da posible izaten." Asmatu? Baina, zertan asmatu? Definizioek kontzeptuak sortzen dituzte. Matematikako axiomak bezalakoxeak dira, hitz egiteko basea besterik ez, beraietatik hasten gara eta bere gainean eraikitzen dugu dena. Bere azpian ez dago ezer, horregatik ezin dira kritikatu (ez daukagu oinarririk bere kritika egiteko).
" Eta kritika egitea ez dut inolaz ere alderatu nahi izan beraiek egiten dutenarekin!"
Badakit, ez nuen halakorik uste. Azpimarratu nahi nuen gauza bakarra zera zen: erlijio horren jarraitzaileak gehiago arduratu beharko luketela beren jainkoaz egiten den erabilpen zikinaz kazetari batek (erlijio horrekin zerikusirik ez duenak) egiten duen irudi batez baino.
"iruditzen zait zenbaitetan errespontsabilitate gehiagoz jokatzea ezinbestekoa dela, eta gure ekintzek dituzten ondorioak neurtzea ez dagoela gaizki."
Erresponsabilitate falta? A ber: jendearen mentalitatea aldatzeko eta bere defektuez ohartarazteko modu bakarra espresio askatasuna da. Zergatik ez genuke kritikatu beharko hain larria den zerbait? Eta bineta bat bezain inuzentea den zerbaitekin...

2:56 PM  
Anonymous Anonyme said...

Inuzentea ez da, hori garbi gelditu da. Baina nahikoa izango da, bestela badirudi hemen zensorea ni naizela, eta inolaz ere. Bion ikuspuntua garbi gelditu dela esango nuke. Adierazpen askatasunaren abantaila.

4:48 PM  
Anonymous Anonyme said...

Sei metro karratutan duintasuna kabitzen da.

3:00 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home