"Ispilutxu, ispilutxo..."
Gaur ere ispiluaren aurrean zaude. Eta ez duzu zure burua ikusten. Zure begien argiak jada ez du ispilua itsutzen. Zure irribarr goxoak jada ez du ispilua lotsagorritzen. Gaur, zu zaude itsututa. Gaur, zu zaude lotsagorrituta.
Ispilua milaka zatitan apurtu nahi duzu, ondoren zati bakoitza hartu eta zure burua urratzeko. Horrela, berriro ez zara gaur bezain itsusi egongo.
Eta nik eskutik heldu dizut. Eta biok ispilu berari begira geratu gara; baina ez dugu gauza bera ikusi. Nik zu ikusi zaitut. Zuk... zuk ez dakit zer ikusi duzun.
“Zer ikusten duzu zuk nigan?”. Halaxe galdetu didazu ahots hilez, xuxurla moduko zerbait eginez. “Zuk ikusten ez duzun guztia”. Eta eskua gehiago estutu dizut, nire indarrak har ditzazun, zure begi itsu horiek argia ikus dezaten.
“Eta nik zergatik ez dut zuk ikusten duzuna ikusten?”. Ispiluak barre egin du, barre ozena, eta bere kristal hotzek zu ere izoztu egin zaituzte. “Begiratu zaidazu begietara. Esaidazu hor ikusten dituzun begiak surik gabeko kandela baino ezdeusagoak direla. Esaidazu nire begien diztira izarrik ikusten ez den gau baten modukoa dela.” Irribarretxo bat egin duzu. Irribarretxo hotz bat. Negar egin nahi duenaren irribarretxo bat.
Eta ez diezu nire begiei begiratu. Ispiluaren islada ikusi dut zure begi itzalietan.Ispiluaren algarak entzun ditut zure belarrietan. Ispiluak besarkatu egin zaitu. Eta, nik, nigana erakarri eta muxu bat eman dizut; muxu luze bat; muxu etsi bat. Orduan bai, orduan begiratu diezu nire begiei.
Eta ispilua hautsi dugu.
0 Comments:
Enregistrer un commentaire
<< Home