metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

lundi, janvier 16, 2006

Gutuna

Boligrafoa hartu dut. Askotan hartzen dut boligrafoa. Eta askotan idazten du. Nik ez. Nik eutsi baino ez diot egiten. Eta, berak, zure izenez apaintzen ditu orriak, liburuak...

Gaur, ordea, zerbait gehiago egin nahi dut. Zure izena idatziko dut, noski. Eta azpian, beste gauza asko idatziko ditut.

Idatziko dut zure ondoan nagoela izarretara begira ere ez naizela bakarrik sentitzen. Idatziko dut zurekin pentsatzen ari naizela patatak erre egiten zaizkidala. Idatziko dut zuri idazten dizudanean folio batean ipintzen dudala nire bizitza osoa. Idatziko dut... maite zaitudala. Eta sentimentu hau ezin duela hotzak izoztu. Sentimentu hau ezin duela beroak urtu.

Eta, kartazala eta begiak batera itxiko ditut, pentsatuz nik idatzitako hitzek zure begiak alaituko dituztela. Pentsatuz biok paper bera ukituko dugula. Pentsatuz paper fin horrek hautsi ezinezko haria sortuko duela gure artean.

Baina, gutunak euriak urtzen ditu.