metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mercredi, janvier 11, 2006

Haizeak eraman zuena

Begira zaude orain.

Begira zaude oraindik.

Aurrean duzu bidea. Gogoan dituzu hitzak: "zuhaitzetako hostoak erori aurretik segi bideari eta zain izango nauzu."

Zuhaitzen hostoak erori ziren, ordea. Baina, zuk tinko eusten diozu zeureari. Beti tinko. Beti zutik. Hori bai, aurreko jardinean bikoteren bat ikusten duzunean berehala botatzen dituzu gortinak behera. Noski, besteen zoriona ikusteak beldurra ematen dizu. Agian, kristala lodiegia delako zu ere zorion horretara heltzeko. Zorion hori esku artean hartzeko. Eta nik ikusi egiten zaitut. Egunero joaten naiz zure etxera, zure oinek bideko harri txintxarrak laztanduko dituztenaren itxaropenez. Baina, azkenean, ni izaten naiz harriak eskuekin laztandu eta esku artean hartzen dituena. Gogoan baitut zein zoriontsu izan ginen gure eskuen korapiloaren azpian zeudenean.

Orain euria egiten du egunero. Egunero bustitzen da zure kristala. Bi hilabete dira euria geratu ez duela. Bai, "Cien años de soledad"en bezala. Guk ere, akaso, beste horrenbeste pasako ditugu horrela. Bata besteari begira, bata bestearen zain. Zain. Zoriona bila joan gabe etorriko balitz bezala. Gau batez lotan gaudela hegan egin eta elkarren ondoan esnatuko bagina bezala.

Nik gauero egiten dut hegan zure etxera. Eta zure begiei begiratzen diet. Eta beraiek nireei begiratzen diete. Baina, noski, errealitateak gortina jaisten du. Eta ez dut zorionik ikusten.

Zuk ere halaxe egiten duzu. Bai, bota gortina, ez zaitez esku artean har ezin dezakezun zorionarekin itsutu. Lasai, hostoak erorita ere zain izango nauzu.

Baina aspaldi eraman zuen haizeak orbela.

3 Comments:

Blogger MAGABILA said...

Ni ere horrelaxe sentitzen nauk txo. Orbelak alde egin zian...aspalditxo gainera...eta orain negu hotza oso hotza zetorrek

7:24 PM  
Blogger MAGABILA said...

Lasai, udaren atzetik udazkena dator, udazkenaren atzetik negua, baina berriro ere etorriko da udaberria, eta haizeak eramandako hostoak zeuden lekuan lore berriak jaioko dira. Eta, agian, oraingoa ez dizu negurik gogorrenak ere eramango.

11:19 PM  
Anonymous Anonyme said...

Benetan zoriondu beharrekoa da hemen idatzita dagoen guztia. Irakurri einean barne barnean sentitzen ditut hitzak, uleak tente jarri dizkidazue, barruko zirrara piztu didazue. Zorionak eta segi ezazue horrelako gauzak idazten mesedez, nere irakur-egarria hase nahi dut eta

8:12 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home